«Irribarreak itzuliz» erakusketa

«Irribarreak itzuliz» erakusketa

Gustavo de Maeztu Museoak, azaroaren 5etik 28ra, aldi baterako erakusketen aretoan, erakusketa kolektibo eta sozial bat eginen du, Nafarroako pintura-panoraman gaur egun dauden hemezortzi artistaren piezez osatua. Fermín Alvira izanen da komisarioa, Lizarrako pinakotekako ohiko kolaboratzailea. Irribarreak itzuliz izenburupean, instalazioa osatzen duten obra guztiak, itxi ondoren, Santo Domingo, San Jeronimo eta Luz de Estella zaharren egoitzetan utziko dira, baita García Orcoyen ospitalean ere.

Museoak aurten bere ildo didaktikoa hartu duen proiektuaren parte da ekimen hau: gizarteko talde ahulenei inguruko artea eta ondarea hurbiltzea, Gustavo de Maeztu Museoa eta arabar pintorearen irudia abiapuntu eta aingura gisa hartuta, horren gainean lan egin ahal izateko. Erakusketa hau aprobetxatuz, Fermín Alvira artista eta arteterapeutarekin gizarte-tailer bat ere eginen da.

Irribarreak itzuliz, La Caixa Gizarte Ekintzaren babesari eta hura osatzen duten hemezortzi sortzaileen altruismoari esker lortu ahal izan da: Fermín Alvira, Luis Garrido, Miguel Leache, Carlos López, Koldo Sebastián, Virginia Santos, Pedro Salaberri, Alicia Otaegui, Héctor Urra, Pedro Irulegui, Iñaki Rifaterra, Sagrario Sanmartín, Florencio Alonso, Javier Eguiluz, Jaime Eguaras, Javier Balda, Teresa Sabaté eta Carmen Salgado.

“Artista guztien eskuzabaltasuna baloratu behar da, oso positiboki erreakzionatu baitute ekimenarekin, eta haien lanen kalitatea, lehen mailako piezak sortu baitituzte”, nabarmendu du Alvirak.

Erakusketa azaroaren 5ean, ostirala, inauguratuko da, 11:00etan, eta sarrera doan izanen da ohiko ordutegian: asteartetik larunbatera, 9:30etik 13:30era; igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.

Hemeretzi pieza ditu, bat artista bakoitzeko, formatu txikiagoko bi izan ezik, Pedro Salaberrirenak. Horietako askok lagundu edo beren lana erakutsi dute lehenago Lizarrako museoan. Gaia eta, jakina, estiloak oso heterogeneoak dira, sortzaileen aniztasunari jarraiki: “Artisten eskuzabaltasuna eta askatasuna aldarrikatu ditugu, eta bakoitzak nahi duena egin du —dio Fermín Alvirak—. Guztiak saiatzen dira alaitasuna transmititzen; haize gozo baikorra dira, norentzat diren kontuan hartuta”.

Hemeretziak hormako obrak dira, zintzilikagarriak, formatu erabilerrazekoak, horiek kokatzeko espazioak bilatzen laguntzen dutenak. Alvira komisarioa bera arduratuko da lau erakundeak bisitatzeaz, obra bakoitza kokatzeko lekurik egokienak aurkitzeko. Alvirak dioenez, artisten izaera soziala eta eskuzabaltasuna dela eta, konpromisoa eskatu zaie lau zentroei, “lanak beti ongi kokatuta egon daitezen, leku duinetan eta egoera ezin hobean”.

“Uste dugu obrarekin batera bizitzeak bizi-kalitatea hobetzen duela, batez ere garai honetan, leku horietako langile eta egoiliarrentzat hain zaila izan baita”, esan du erakusketaren komisarioak.