Basiano. Nafarroako margolaria
Gustavo de Maeztu Museoak Nafarroako artearen erakusketa batekin irekiko du uda
Jose María Muruzábal da erakusketaren komisarioa, eta Jesus Basianoren hogeita bost lan biltzen ditu
Gustavo de Maeztu Museoak «Jesus Basiano. El pintor de Navarra» erakusketa aurkeztu du. XX. mendeko Nafarroako artearen historiako margolari nabarmenetako bati eskainitako anbizio handiko erakusketa. Erakusketa 2026ko ekainaren 26tik irailaren 27ra bitartean bisitatu ahal izanen da, eta 25 lan bilduko ditu guztira, ikusleak artista berezi horren ibilbidera eta sormen-unibertsora hurbiltzeko.
José María Muruzabal komisario duela, erakusketak Basianoren ekoizpen piktorikoan zehar ibilbide bat egitea proposatzen du, haren hizkuntza artistikoaren konstante nagusiak islatzen dituzten obren aukeraketa zainduaren bitartez: paisaia, argia, kolorea eta naturarekiko eta Nafarroako lurraldearekiko lotura sakona.
1889an Murchanten jaioa eta 1966an Iruñean hila, Jesus Basianok funtsezko lekua du nafar pintura garaikidearen barruan. Gazte-gaztetatik margotzeko eta marrazteko joera nabarmena erakutsi zuen, eta horrek Arte eta Lanbide Eskolan trebatzera eraman zuen. Bere aitaren galera goiztiarrak eta familiaren zailtasun ekonomikoek bere bokazio artistikoa hainbat lanekin uztartzera behartu zuten. 1908 inguruan, Dario de Regoyos margolaria ezagutu zuen. Margolariak bere obretako bat erosi zuen eta bere bilakaera artistikoan eragin handia izan zuen.
1912an egin zuen lehen erakusketa Iruñean, eta pinturarako aparteko dohainak agerian utzi zituen. Aitorpen horri esker, Nafarroako Foru Aldundiak beka bat eman zion San Fernandoko Arte Ederren Akademian ikasketak zabaltzeko. Etapa horretan, paisaiarekiko zaletasuna sendotu zuen, eta argiaren eta kolorearen tratamenduan maisutasun berezia garatu zuen.
Nafarroako Diputazioak 1915ean Erroman ikasteko emandako pentsio berri bati esker bere prestakuntza artistikoa zabaldu ondoren, Espainiara itzuli zen Jesus Basiano eta erakusketa jarduera biziari ekin zion. 1916an, banakako erakusketa bat egin zuen Donostian, eta Gaztelako hainbat paisaia zeharkatu zituen. Gainera, Espainia mailako erakusketetan parte hartu zuen. Handik gutxira Durangon kokatu zen, eta bertan Gustavo de Maeztu, Aurelio Arteta eta Pablo Uranga bezalako pintoreekin harremanetan jarri zen, euskal ingurune artistikoan integratuz eta Bilboko Euskal Artisten Elkarteak antolatutako erakusketa kolektibo ugaritan erakutsiz.
1925ean behin betiko Iruñera joan zen eta Katedralaren egoitzan estudio bat ireki zuen. Han garatu zuen bere ibilbideko etaparik emankorrena, bereziki Nafarroako paisaian oinarritua: Arga ibaiaren ertzak, San Pedro Zubia, Katedrala, el Redín, San Cernin dorreak eta Iruñeko bista ugari, baita Tafalla, Lizarra, Auritz edo Erronkariko haraneko paisaiak ere. Lurraldearekiko lotura sakon horri esker, «Nafarroako Pintore» izendatu zuten, nahiz eta bere lanak Euskal Herriko, Aragoiko eta Gaztelako paisaia nabarmenak ere hartzen dituen.
Bere pinturan, zarata eta moda iragankorretatik aldenduta, atmosferak, urtaroak eta ingurune naturaleko argi-aldaketak biltzen ditu.
Basianok paisaia bere sorkuntza artistikoaren ardatz nagusi bihurtu zuen. Nafarroako soroak, mendiak, herriak eta txokoak kontenplazio-gune bihurtzen dira, eta argiak eta koloreak erabateko protagonismoa hartzen dute. XX. mendean Nafarroan garatu zen paisaia-sentikortasunaren lekukorik baliotsuenetako bat da gaur egun haren ekoizpena, eta ezinbesteko erreferentzia aldi horretako eskualdeko pinturaren bilakaera ulertzeko.
Gustavo de Maeztu Museoak antolatutako erakusketak bere ibilbideko hainbat etapatako obra adierazgarriak ikusteko aukera ematen du, denboran zehar interesari eutsi dion proposamen artistiko baten koherentzia eta nortasuna agerian utziz.
Erakusketa honekin, Gustavo de Maeztu Museoak Nafarroako ondare artistikoaren zabalkundean, ikerketan eta nabarmentzen jarraitzen du, Nafarroako historia kulturalerako funtsezkoak diren sortzaileen lana publikoari hurbilduz eta haien ondarea ezagutzen lagunduz.
Museoa asteartetik larunbatera egonen da zabalik, 9:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara. Sarrera doan.
