Garaiak

Artista eta bere garaiak


GUSTAVO DE MAEZTU

Lehenbiziko urteak

Lehenbiziko urteak

1887ko Abuztuaren 30ean, goizeko zazpi eta erdietan, Gustavo de Maeztu eta Whitney jaio zen, Gasteizko Florida kaleko 48ko hirugarrenean. Ama, Juana Whitney eta Boné andrea, Nizan, Frantzian, jaioa zen, Italiako Milanen sorturiko Juan Whitney jaun merkatariaren eta Londresko Sara Boné anderearen alaba. Aita berriz, Manuel de Maeztu jauna, Kubako Cienfuegos hirian jaioa eta hainbat ondasunen jabe zen, Errioxako Alcanadreko Francisco de Maeztu jaunaren eta Kubako Cienfuegoseko Ana Rodríguez andrearen semea. Mikel Deuna Goiaingeruaren elizan bataiatu zuten, irailaren 2an, aita-amaponteko Ramiro eta Ángela, aitaren anai-arrebak zirela. Gustavo Jorge Pelayo izenak ezarri zizkioten. Gustavoren formakuntzan garrantzi handia izan zuen familia kosmopolita batean sortzeak. Ipurterrea genuen gaztea, inondik ere, nekez laketzen diren horietakoa; sortze lanerako inspirazioa, paisaia eta jende anitzekin izandako harremanetik lortzen zuen, eta hala ibili zen, bidez bide, Iberiako penintsula guztian eta Europako hainbat herritan barna.

En 1894 muere en Cuba don Manuel Maeztu, a donde había acudido para poder salvar algo de su patrimonio. La familia se trasladó a Bilbao.

Bost senide ziren osotara, Gustavo eta beste bi anaia, Ramiro eta Miguel Angel, eta bi arreba, Maria Ángela eta Ana, Gustavo bera gazteena zela. Etxekoa zuten, baita ere, guztien heziketan garrantzi handikoa izan zen pertsonaia bat, Magdalena Echevarria, alegia, edo eurek maitekiro Madalen deitzen zioten emakumea. Gasteiz, urte haietan, joria zen kultura adierazpenetan; horra hor, erakusgarri gisa, antolatzen ziren kultura, zientzia eta komunikazio ekitaldiak, edota garai hartako kazeta eta aldizkari ugariak, hala nola, "El Porvenir Alavés", "El Fuerista", "El Norte de España", "La Trompeta", "La Guindilla", "La Gaita", "El Contrabajo",... Seriotasuna eta satira tartekatzen zituzten kazeta haiek, eta Díaz Olano, Gustavo de Maezturen lagun minaren mailako artistek hornitu zituzten irudiz. Dena den, adinagatik eta hiria oso gazterik utzi zuelako, ez zituen gozatu ahal izan kultur jarduera hauek. Manuel eta Juana jaun-andreak Gasteizen ezarri zirenean, indiano aberatsen gizarte maila zuten eta hiriko dotoreenekin biltzen ziren, bizimodu bikainean, etxean oparotasun eta erosotasun giroa nagusi zutelarik, batez ere Ramirok.

Giro oparo hartan, gaztelera eta ingelesa, haurtzaien jaramonak, familiaren autoan emaniko paseo alaiak edota Parisetik iritsitako lehenengo txirrundularen jabe izatea tartekatzen ziren, baina azkenerako giro hark berak jo arazi zion hondoa familiaren ekonomiari. Manuel Maeztu jauna Kuban hil zen1894an, bere ondaretik zeozer salbatu nahian hara joan ondoren. Familia Bilbora joan zen. Gustavo industriaz beteriko Bilborantz abiatu zen, berarentzat jolasa eta dibertsioa baizik izan ez zen hiria utzirik. Han ikasiko zituen bere lehen hizak eta, beraz, han izanen bere lehen nekeak. Bilbora iritsi orduko, Juanita andreak "Colegio de Señoritas Whitney de Maeztu. Academia Anglo-Francesa" izeneko ikastetxea sortu zuen, Horacio Echevarrieta errepublikano aberatsaren laguntzari esker. Hori zela eta, klerikalismo bortitzaren erasoak jasan behar izan zituen azkar aski. Izan ere, nola utzi haurren hezkuntza emakume ingeles haren esku, ordea? Beharbada protestantea izanen zen, sinesgabea agian, beren liberalkeriaz harro zeuden semeak zituen eta zaharrenak, anarkistatzat ere jotzen zuen bere burua!

Baina Juana andreak ez zuen amore eman eta, bere buruari gogor eginez, arrakasta lortu zuen. 1901eko otsailean, 43 urte zituela, Miguel de Unamuno jaunari idatzi zion, bere seme Ramiroren lagun eta Salamancako Unibertsitateko Errektore baitzen, Unibertsitate hartako Frantses katedra baten jabe egiteko baldintzen berri galdetuz. Indalecio Prietok hitz gogorrak izan zituen familiako guztientzat, Angelarentzat izan ezik, haren esanetan hau baitzen "azkarrena, pairamentsuena, bost senideetan apalena, bere burua nabarmentzeari uko egiten zion bakarra"; Juana andrearentzat ere ez zuen goraipamena baizik izaten, haren edertasun apartaren trazuak azpimarratzen zituela. Bien bitartean, amaren nekeetatik eta senide zaharragoen kezketatik at seguraski, Gustavo Bilboko Batxilergo Institutuan zebilen eta, bere adineko haurrek bezala, denbora gehiago ematen zuen liburuak marrazkiz zikintzen ikasten baino, eta zer esanik ez, ametsetan ere bai.

Amak lagunduta marrazketa ikasten hasi zen, Bilbon lekutua zen Antonio Maria de Lecuona eta Echániz margolari tolosarraren tailerrean. Carlos VIIaren Gorteko ganbara-margolari izandakoa honekin hasi zen ikasten marrazketa eta margoketaren hastapenak. Unamuno margolari beraren ikaslea zen garai hartan eta, hark adierazten duenez, estudio hartan, herri xeheko jendaila-giroa agertzen zuten Teniersen kopiak ikus zitezkeen. Baina Greco ere solasgai izaten zuten, zoroa zela edota nabarmen ibiltzea gustukoa zuela esateko besterik ez bazen ere. Tarte labur honen ondotik, bere kezkek eraginda, Manuel Losada Pérez de Neninen estudioan maiz ibiltzen hasi zen Gustavo, hura ere bere hastapenetan Lecuonaren tailerrean ibilitakoa. Bien bitartean, ezagutza piktorikoa handitu nahia eta Merkataritza ikasketak tartekatzen zituen. Lecuonaren estudioko tradizioa hautsi egiten zen orain Losadaren tailerrean, izan ere, Parisen egonaldi luzea eta emankorra egina baitzen hau, eta han Ramón Casas, Santiago Rusiñol, Ignacio Zuloaga, Pablo Uranga, Paco Durrio eta James Mac-Neill Whistlerrekin maiz ibilia.

Losadaren zaletasunak Grecoren eta Velazquezen margolaritzarantz egin zuen eta, haren irakaspenei esker, euskal margolariak, Gustavo haien artean, beren bidea joan den mende bukaerako Madrileko eta Erromako margolaritza akademikotik kanpo egiten hasi ziren, Goyak, Grecok, Velazquezek eta Riberak utzitako herentziarekin lotuz beren kezkak. Maeztu gazteari Losadaren arrasto argiak nabari zaizkio, ez bakarrik bere margolanek, jendea ageri dutenek batez ere, maisuaren garbizaletasuna ageri dutelako, baita "Espainiako aspaldiko artea” berezko indarrez sentitzen duelako ere, bere izaera indartsuak, bere zaletasunek eta joerk, antzinako maisuek egindako pinturarekin zerikusi handia baitzuten, hain zuzen ere. “Guzmán de Alfarache” eleberriarekin izugarri zaletu zen estudio hartan, eta Mateo Alemanen liburuan ageri zen gizarte guztia erretratatu nahia piztu zitzaion. Gaztea zen artean, izan ere, eta burua bete egiten zitzaion "pikareska ibiltari" hartako eskenak irudikatuz. Baina artean ez zen amets haiek mihiseratzeko behar adinako trebetasun teknikoaren jabe.

1905ean, maiatzaren 16an hasita, Elkarte Filarmonikoaren egoitzan egin zen Bilboko Arte Ederren Erakusketan parte hartu zuen. Laugarren erakusketa zen, eta Gustavok 17 urte zituen. Parte hartu zuten beste artista batzuk honako hauek izan ziren: Losada, Alberto eta José Arrúe, Regoyos, Larroque, Asarta, Sáenz Venturini, Daniel eta Ignacio Zuloaga, Iturrino, Pablo Uranga, Seguí, Araluce, Berrueta, Durrio, Basterra, Moisés Huerta, Guiard eta Canals. Gustavok ikusgai jarri zituen hiru lanek honako izen hauek zituzten: "Un estudio", "Bodegón", "Estudio para un retrato". Hurrengo urtean ere berriz egin zuten Bilboko Elkarte Filarmonikoan Arte Ederren erakusketa, Arte Modernoaren Erakusketa izena ere hartu zuena. Gustavok lau koadro jarri zituzten ikusgai: "Alcalde en traje antiguo", "Mujeres del campo", "Aldeana" eta "Bodegón".

PARIS 1907

París 1907

Urte honetan egin zuen Maeztuk lehen ateraldia Parisera. Bidaia hark eman zion hasiera harat-honat ibiltzeko grinari, geroztik Espainiako geografia goitik behera eta Europako hainbat herrialde korrituz eman baitzuen bizimodua, aldi batez bederen. Pariseko egonaldiak hiru hilabete iraun zuen, apiriletik ekainera. Han ezagutu zuen Picasso; garai hartan "Les demoiselles d´Avignon" koadro ospetsu eta enblematikoa margotzen ari zen. Maeztu gazteak korriente berrien ezagutzan sobera sakondu ez bazuen ere, Frantziako hiriburuak margolaritza espainiar klasikoa indar handiagoz hautemateko parada eskaini zion. Beste margolari espainiar zenbaiti ere jadanik gertatua zitzaien paradoxa bera, Gustavo bezala, irekitasunaren aldeko joeren bila hara joan zirenean.

Apirilean, Chevalier du Guet hotelean, 112 Rue de Rivolin hartu zuen ostatu: "logela txikia da eta haltzariak irri egiteko modukoak, benetan: barku-ohe horietako bat, Richelieuren amak haurra izan edo erdituko zenekoa; beste garai batean parpailak jasotzeko erabiliko zen komoda bat, kaobazkoa; eta ni iritsi nintzen arte hautsa bazterretan, eta brontzezko erloju bat, larria eta patxadatsua, zinematografoaren begiaren antzekoa..." Apiril hartan Gustavo Paco Durriorekin jarri zen harremanetan. Eskultore polifazetiko hau, Gauguinen laguna eta bohemio aparta, sortzailerik miretsienetakoa zen gainerako euskal artisten artean. Durriorekiko harreman hau zirraragarria suertatu zitzaion: "Zuen guztion galdea egin zidan goxo-goxo eta gero kafea hartzera konbidatu ninduen. Robinson batek lagunduta hartu genuen, ilaje luze eta korapilatua, larruzko txanoa eta panazko trajea, eta esploratzaile botak jantzi eta trufari aurpegia zituen gizon batekin. Gerora jakin nuenez, kantoiko tabernaria omen zen, Pacoren laguna oso. Izugarri kidetu ginen".

Gustavo Louvrera joaten zen eta beste zenbait museotara ere bai, Erlijioen Historiarenera esaterako eta Zoologikoko animaliak marrazten aurkitzea ere erraza zen. Maezturen ustez museo guztiak bisitzatzea garrantzitsua da oso. Berak zioenez, margotzen jakiteko ez dago naturari so egon beharrik, izan ere natura ez baitzaigu inoiz ezagutzera ematen, hori eginen balu Jainkoarengandik gertu egonen bait ginateke, eta zail samarra deritzo horri. Horregatik eta Maezturen ikuskeraren arabera, margolaritzaz jakitun izateko koadro asko eta museo ugari ikusi beharra zegoen. Hau irakatsi zion Argiaren hiriak. Maeztu Meaberekin bizitu zen Parisen. Tomás Meabe izan zen, bere bizi laburrean, Gustavoren lagunik minenetakoa. Idazle hark, jarduera politikoa Sabino Arana nazionalistaren eskutik hasi bazuen ere, gerora, ezkerreko ikusmoldeetara jo zuen eta Gazteri Sozialistak sortu zituen Meabek. Bi pertsonaia hauek, gazteak eta, kezkaz beteriko hiri hartan onarpena lortzeko irrikitan zeudenak, elkarrekin bizi izan zituzten abenturak eta nola ez, baita pasadizoak ere, horra hor Estanislao Mª de Aguirrek azaltzen dizkigunak, sortzaile hasiberrien bizimoduaren estua azaltzen badute ere, aldi berean haren alaia agertzen dutenak.

Egun batean Gustavo de Maeztuk koadro bat margotu eta, etxean lekurik ez eta patio bateko leihoan utzi zuen lehortzen. Patio hartan, auzoko neskatxa batzuk ibiltzen ziren, beren gaztetasunaren alaitasuna agerian. Handik hurrena, Meabek, Garnierrentzako itzulpenetako batean ari zela, bere bisitaldietako batera zihoala, algara zalapartatsuak entzun zituen... eta harri eta zur gelditu zen lurzorua patata, tipula eta bestelako barazkiz beterik aurkitu zuenean. Neskatxak, Gustavoren koadroa ikusi eta, ea nork joko zebiltzan jostaketan, feriako jokuetan bezala. Meabek, “mana” berri hura ikusita, maiz ateratzen zuen koadroa patiora eta "mirari bera" gertatzen zen. Azkenean, Gustavok, gertatzen zenaz jabeturik eta haserre bizian, istilu galanta sortu omen zuen. Bilboren kontra jotzen du Gustavok etengabe, orain distantzia tarteko, inoiz baino zaharkituagoa iruditzen baitzaio. Eta horrela azaltzen die bere lagunei. "Triste ikusten zaituztet, ez naiz harritzen, Bilbon zorook itsumandoka ibili besterik ez dugu egiten, itsumustuka ibiltzen gara eta, noizean behin, makilkada ederrak ematen dizkigute"

"Tomás eta ni, grekoen eta veneziarren handitasunen aurrean benetako jentil sentitzen gara, gorroto izugarria diogu katolizismoari, ospea lortzen dugunean otordu unibertsal nagusia antolatuko dugu, afaria eginen dugu, udaberrian eta ahal izanez gero Luxemburgen, hogei mendeko tristuraren aurka protesta egiteko. Gora Bizia! Gora itxaropena!". Eskutitz hau Ricardo Gutiérrez Abascali zuzendu zion, Juan de la Encina izengoitipean, mende honetako lehen 30 urteetako kritikorik garrantzitsuenetakoa izaki, arte iruzkinei kalitate maila handia eman zien hari. Bilbo utzi eta Parisera joatera gonbidatzen zuen Maeztuk, han "etxe bikaina, logelak eta nahi izanez gero, urdurialdietarako emakumea ere bilatuko dizugu". Maeztuk itxaropen handiak zituen, baina bere kaskarkeria dela kausa huts egin dion mundu bati beha eta so ageri zaigu. Mundu hau edo azpimundu hau da interesa sortzen diona, margolaritza eta literatura inoiz baino lotuagoak agertuko diren unean. Pariseko espirituak giropen biribil horiek lortzeko balio dio. Pinturan bezalaxe, paisaia eta irudia dena bat da eta irakurketa bateratu egiten du kontrasteak ezabatuz, arte garaikidean funtsezkoa dena. Umorismoa eta adimena darizkion Paris horrek kezkatzen du, ikuskizun gisa sortzen dio interesa. Paris bizi esperientzia bihurtuko zaio eta bere literatur lanetako argumentu bilakatuko.

Hala ere, estetikaren aldetik ez da alferrikako egonaldia izanen. Louvrera eginiko bisitaldietan tradizio artistiko espainiarra aurkituko du, eta une horretan Frantzian arrakasta lortzen ari diren bi espainiarren ezagutzarekin osatuko du: Zuloaga (Maezturen ezaguna jadanik) eta, batez ere, Anglada Camarasa "erritmo latinoaren kolorista", pintura sentsual eta erromantikoa aurkitzen lagunduko diona. Harreman honen ondorioz, bere obra sendotu egin zen eta apaingarritasuna gainezka duten kadroak margotu zituen, urdina, berdea eta gorria nabarmenduz bere paletan eta hiru kezkaren inguruan bilduz bere lana: kolorea, bolumena eta erritmoa. Lanei eskultura kutsua emanen dien bolumena. Maeztuk biziki miresten ditu grekoen munduko eskulturak. Maezturen gizon-emakumeen artean ugari dira Kuros eta Kore grekoak.

El Coitao. 1908

El Coitao. 1908

Pariseko egonaldi aztoragarri eta emankorraren ondotik, Bilbora itzuli beharra etorri zen. Hemen, "El Coitao" irtzi aldizkariaren sorkuntza literarioaren abenturan sartu zen. Lehen alea 1908ko urtarrilaren 26an agertu zen, prestaketa lan luzearen ondotik. "Hesperian, penintsulako gainerako tokietan bezala, pasioak ez ziren askatzen, horrela eginez gero Espainiak bere buruari uko eginen baiziokeen. Hesperian maiz askatzen zirenak, hesperiarren garrasi eta oihu erromantzak ziren, berria zen guztiaren aurka, nekazari giroko eskasia eta barbariea gainditzea zekarren mugimentu askatzaile ororen aurka". Bilbon ez zegoen, artean, inolako aldaketarik. Lehengo probintzietako hiri zaharkitu berbera izaten segitzen zuen eta, Hesperia deitu zioten, aspaldian Iberiar penintsula guztiari ematen zitzaion izena, horrela Bilbo bere gainbeheran abandonaturiko herrialde baten ikur bihurtuta.

Hesperiaren mitoa eurendako ikur egin zuten, borroka baten ikur, hilezkortasuna erdiesteko bidea emanen liekeen espirituaren aldeko borrokaren ikur, hain zuzen ere. Horixe bilatzen baitute sortzaile guztiek, hilezkortasuna. Ramón Gómez de la Sernak zioen, gazte duinik izanez gero solasalditxoak ere izanen ziratekeela. Arriaga kafetegian egin zen hauetako batean agertu zen “El Coitao” sortzeko asmoa. Honetarako ekarpen ekonomikoa José Arruek jarri zituen 800 pezetekin hasi zen. Gustavo de Maeztuk berriz "arima" jarri zion, bai eta bere hitzak ere, Don Tejón Vélez de Duero izengoitiaz sinaturik eta bere luma garratzaz idatzirik. Luis Mogrobejo merkataritza-nabigazioko itsasgizonak, Nemesio Mogrobejo eskulturagilearen lehengusuak, Bilboko Santa Maria kaleko bere etxea utzi zien. Hasieratik saiatu ziren nolabaiteko salaketa kutsua ematen eta erdi-lotan zegoen hiria aztoratzen, baina aldi berean, kalitatezko izaera intelektuala ere emanez.

Miguel de Unamuno eta antzekoen sinadurak lortu zituzten; honek, hasikin moduan, "Recuerdos de niñez y mocedad" laneko kapitulu bat bidali zien. Beste laguntzaile garrantzitsu batzuk honako hauek izan ziren: Pío Baroja, Ramón de Basterra, Ramiro de Maeztu, Juan de la Encina, Tomás Meabe eta José Mª Salaverría. Artikulu ugaritan kritikatzen zen Bilboko gizartea, eta adorea ematen zieten artista gazteei beren helburuak lortzeko borrokan jarrai zezaten. Oinarrizko adierazpenean argitu zutenez, funtsean kazeta bilbotarra egin nahi dute, "izena eta izana (esanen duena) bat ez etorrita ere, izan ere, zeharo koitaduak aurkitzea zaila baita, bizkorrak ugari diren lurralde honetan". Egitasmo honetako parte-hartzaile guztiak gazteak ziren, 20 eta 30 urte bitartekoak. Guztiak bada, aurrera egin nahian zebiltzan Bilbo hartan, jasenzina suertatzeaz gain, artistari, ez baitzion azaltzeko biderik eskaintzen, bere sortze lanean hazten uzten ez zion hiri hartan. Maeztuk "El Gato Azul" eleberrian (Ruforen ahotan) dioen bezala, hesperiarrak (bilbotarrak) "espiritu aldetik zimurtuak daude, armairuetan ezkutatutako arropak bezalaxe; denari zaio beldur hemen, hiriburutik hasita, eta hori koldarkeriarik ezjakinena da". Horrenbestez, lotan zegoen herri axolagabetzat jotzen baitzuten, hura aztoratu beharrari eutsiko diote "zartailu moduko edukia izanen duten orriak banatuz".

Unamunok "Abajo la coitadez" izenburuko artikulu zabala bidali zuen lehenengo aleko bere esku-hartze gisa, bertan Antonio Trueba, idazle zendua eta herritarkeria deitzen ziotenaren adierazle nagusia, erasotzen zuela. "El Coitao"k bizkaitarkeria eta jesuitakeria erasotzen zituen. Bigarren hau, satirarik gogorrenen helburu, Estatu guztia eta bereziki Katalunia hartzen zituen panorama zabalago batean kokatzen zen, Katalunia baitzen Penintsulan artearen birsorkuntzarako beste gunea. Antiklerikalismoak garai hartan agertu zituen, hain zuzen ere, literatura adierazpenik bortitzenak, antiklerikalak eta antikristauak ere izan baitziren, Maeztuk "Andanzas y episodios del Señor Doro" liburuan ontzat ematen dituen lerroetan somatu ahal izanen dugun bezala. "Canto plañidero a la sociedad que se va" izeneko XIX kapituluan, erlijioa sortu arte zoriontsua izan zen Arkadia baten berri ematen baitigu hark.

Kristautasunean, izan ere, giza nortasunaren garapenerako etsai bat ikusten zuten idazle gazte hauek eta jarrera indibidualista basatia hartzen zuten. Sortu ziren mugimendu erregionalistak hauen antitesia izan ziren, oinarri katoliko zabala eta aberatsa baitzuten. 1908an eta espiritu honen barnean Jose Ferrándiz, "Ferrándiz apaiza"k zera esan zuen: separatismo kataluniarra eta "bizkaitarkeria" Bartzelonako Caspe kaleko ikastetxe batean eta Loiolan eta Deustuan sortu zirela. Unamuno bihurtu zen taldearen gidari espiritual. Ideietan bat etortzeaz gain, pentsalari gisa hark zuen proiekzio unibertsala jakinki, haren laguntzaren beharra izango zuten taldekideek beren proposamenen berrespenerako. Unamunok beti aztoratu zuen Bilbo zaharkitu hura. Bere izenaren mesedea zuten aurrera egin nahian zebiltzan artista gazte haiek. Urtarrilaren 26an atera zen azkenik aldizkaria, ohi zen moduan Arenalean barna ibiltzen ziren iragarleen oihuek iragarririk. Erredakzioa Bilboko Ibáñez kaleko 12an zuen eta banaka 10 zentimoan alea saltzen zen. Lehenengo orrialdean gizon potolo eta burusoil baten irudia ageri zen, kapela eskuetan zuela.

Asteoroko konpromezuari erantzunez, otsailaren 2an agertu zen bigarren alea eta bertan argi ikusiko dugu irudiak garrantzi handiagoa hartzen zuela. Otsailaren 9an argitaratu zen hirugarrena. Oraingo honetan, Gustavo de Maeztuk egindako bi marrazki agertu ziren; batean Darío de Regoyos margolaria marraztu zuen, eta bestean, berriz, Tejón Vélez de Duero jauna buru txikiko gizon potolo baten gisan aurkeztu zigun, begiak betaurrekoz estaliak eta bibote zabala zituena, guztiari azken.ukitua bonbin handi batez emanik. Gazte hauen idealismoak ez zuen behar adinako indarrik izan, bazter utzi zituen hiri errezeloz beteriko haren aurka. Aldizkariaren eta Bilboko gizartearen arteko aurkaritza gero eta handiagoa zen, hiri zaharra haien ideia berritzaileetatik urrun baitzegoen, “Bizkaitarkeria”ren irudia zen ideologiaren dogmatismoa zela medio, aldizkaritik Tomás Meabek eta Unamunok hain zorrotz kritikatzen zutena. Dogmatismo honen aurka jotzen zuen Unamunok 8. alean "¿Por qué se emborracha el Vasco?" izeneko artikuluan.

Baina beren inozokeriak eraman zituen gainbeheran. Aurkari haiek eta klase intelektualaren axolagabekeriak eman zioten amaiera proiektuari. Martxoaren 29a arte iraun zuen aldizkariak. Zortzigarren alean bukatu zen egokitu gabeko artista haiek halako ilusioz harturiko abentura hura, Parisen gozoa dastatua zuten eta hasiera batean intelektualitatearen gailenaren laguntza izan zuteneko haien abentura. Azken aleak, ia oso-osorik Gustavok azken ostikada gisa egina, jesuitak erasotu baizik ez du egiten, hauek azoketako salerosletzat joz eta ondoko txiste hau erabiliz "Suge batek jesuita bati hozka egin zion. Jesuita hil zen? Ez, sugea hil zen".

Gustavok, beti ere don Tejon izengoitipean, azken alean "Para los que nos leen" izeneko artikulua argitaratu zuen. "Beozio" eta "pispirito" deitu zituenen aurka jo zuen gogor bertan."Beozioek gorroto diote gogoaren maila goratzearen irudi den edozeri, hori guztia ergelkeria da haien ustez". "Pispiritoak, harroak beren etxeetan, dena jakin eta aholkuak ematen dituzten horiek... gerraren aurkakoak, ideien gerraren aurkakoak, pasiozko, gazte eta erromantikoa izan daitekeen guztiaren aurkakoak”. Hauen guztien aurka honela egiten du deiadar don Tejonek: "koitaduak, beti ere koitaduak, baina labana eskuan". Hau aldizkariaren azken agurra izan zen; izan ere, Estanislao María de Agirrek zioen bezala: "El Coitao gehiegizko aldizkaria zen garai hartako Bilborako".

Sevilla. 1908

Sevilla. 1908

Abentura honek porrot egin ondoren, Gustavok eta José Arruek aire berrien bila abiatzea erabaki eta udaberrian Betisen hirira jo zuten, Sevillara, hango beren egonaldia ekaineraino luzatuz. Hemen, Pablo Arriarán margolari hegoamerikarrarekin batera hiriko tradiziorik handieneko auzoan kokatu ziren, Trianan alegia, Betis kalean hain zuzen, Urrearen Dorrearen aurrean, Guadalquivir ibaiaren bazterrean. Juan de la Encinak adierazten digun bezala, Sevillak liluratu egin zuen Gustavo: “Berak serio demonio esaten zuen moduan, oinak Sevillako kaleetan jarrita, bere arbasoen iraganaren errebelazioa izan zuen, -Zeinen ederra den hau! -oihu egiten zuen ateraldi liriko paregabean, hemen jartzen ez dugun interjekzio bat aurretik jarriz.

- Munduan honelako oasia izan eta nik, Gustavo de Maeztu naizen honek, honen berririk ez nuela pentsatzea ere! Trianako seme kuttun izendatzea izanen nuke ohorerik handiena-. Eta geroxeago, zoroaldi dionisiakoak harturik: -Ez, ez; nik ez dut inolako zerikusirik ingelesekin odolean, -Utikan!- Eta euskaldunekin ere ez: sevillar odolgarbia naiz!". Sevillako egonaldian Ricardo Baroja eta Gutiérrez Solanarekin bat egin zuten. Giro berrien bilatzaile geldiezinak, une gozoak biziko dituzte elkarrekin, Espainiako eskualde berezi eta gartsu haren ezagutzan eta gozamenean buru belarri sarturik. Emaitza ezin besterik izan: oroitzapenei gehitu beharreko pasadizo andana. Don Juanen Sevilla hartan eliza izandako batean kokatu ziren, nagusiak ikaztegi eta artistendako tailer eta etxebizitza gisa moldatua zuena. Barnean eginiko banaketa zela eta, garai batean aldare izan zenaren gainean bizitzea egokitu zitzaion Gustavori. Zeinen pozik egonen zen Gustavo, antiklerikal eta erlijioaren aurkakoa bera, gehien gaitzesten zuenaren gainean biziz! Bilboko porrotaren ondotik, a zer garaipen sentipena!

Bere lehenbiziko koadroaren salmentatik ateratako diruarekin bota batzuk erosi zizkioten Gustavori eta, ezin hobeki afaldu ondoren, Dukearen Antzokirako hiru sarrera eskuratu zituzten. Han, Jacinto Benavente, Gustavok "Anticamorra" esaten zienen taldeko partaidetzat zuen autorearen "Los intereses creados" antzezlana ematen ari ziren. Gustavo aldarte txarrean zebilen nonbait eta, sevillar batek zerbait esan izanen zion lotsagabe eta, han joan zen Gustavo bestearen gainera, zalaparta handia sortuz eta emanaldiaren etena eraginez. Atezainek airean atera zuten gure margolaria, bestea oraindik zarpa artean zuela helduta. Hurrengo egunean Sevillako prentsak lehentasunezko tokian eman zuen gertaeraren berri, titularretan honako hau esanez: "Sevillako Jabetzaren Erregistratzailea ia ito zuen zoro amorratu batek Dukearen Antzokian".

Asmoz beteriko gizon kementsua

Asmoz beteriko gizon kementsua

Bilbora itzulita, neguan, Arriagako solasaldiei heldu zieten berriz ere. Gustavo berarekin batera, han izaten ziren Arruetarrak, Laureano Marcaida eta beste, gauean solasean. Leku jendetsu hartako arrabotsaren erdian, ez ziren oso nabarmenak gertatzen haien solasaldiak. Eta inoiz gertatzen bazen zerbait deigarria, tartean izanen zen noski Gustavo de Maeztu. Gustavo zen, izan ere, solasaldi hartan arima jartzen zuena, paradoxarik harrigarrienak nahiz egitasmo zoragarrienak hizpidera ekarriz. Egitasmo haietako asko gauzatzeko zorian izan ziren, eta beste hainbeste ez ziren gauzatu, diru falta gaindiezina zela medio. Aurrera atera zenetako bat xaboi lantegia sortzea izan zen, beso indarrez eragindako xaboia egitekoa. Espezialitatea xaboi arrunta izanen zen. Xaboia egiteko gidaliburua eta osagaiak eskuratu, eta ore arrunta egiteari ekin zioten, Zabalguneko sabai zabal eta ilun batean.

Gustavo de Maeztu izanen zen, gidaliburua ongi ikasita, egin beharrekoa zuzenduko zuena. Gainerako lagunen esku geratu ziren aurrez prestatu beharrekoak. Hala, gau batez, guztia prest zutelarik, “larunbateko akelarrean sorginen batek ahantziriko eskuargi zahar” baten argitan, ekoizkina lortzeko erritualean hasi ziren. Gustavok, ator hutsik eta mahukak goraino bildurik, trebezia handiz burutu zuen prozedura. Ondoren alde egin zuten, hurrengo egunean xaboi hark izanen zuen kalitateaz erabat sinetsirik. Itzuli ziren biharamunean, bada, bezperan bezala gauean, bai eta berehala zapuztu ere. Porrota izan zen, hura ez zen xaboia, dastatu ere egin zuten, eta irasagar orearen zaporea zuela ondorioztatu zuten. Porrotaren ondoren, atsekabea berriz ere. Solasaldiak ere moteldu ziren, Gustavok ez baitzuen harrezkero ez pasadizorik, ez paradoxa dibertigarririk ere. Normaltasunera itzulita, solaskide taldeak berriz ekin zion, oraingoan ikaztegi bat jarriko ote zuten, baina “industri-gizon gisa gure buruarengan genuen uste ona, hutsaren hurrengo zen xaboiarenaz geroztik”.

Egunak joan egunak etorri, Marcaidak lagun berri bat ekarri zuen tertuliara, Miguel Pérez izeneko tximinia-garbitzaile bat. Geroago pertsonaia hura erabiliko zuen Gustavok “El Gato Azul” eleberrian. Solasaldietan berriz, pertsonaia xelebre hark erabat bereganatu zuen ordura arte Gustavok zuen lekua. Gizon hau “martxantea” zen, frantsesen hitza erabilita, eta Parisera alde egiteko asmoa zuen, han jostailuak egitekotan, Rue du Temple karrikako behe-barru txiki batean. Negozioaren oinarria berak sortutako jostailu batzuk ziren, besteak beste aeroplano bat. Bilbon, hogerleko batzuk handik eta hemendik atera eta, azkenean lortu zuen jostailu haietarako moldeak egitea. Aeroplano hartaz gain, baziren han izentsu-ontzia astintzen zuen apaiz bat, eta banderillak jartzeko keinua egiten zuen torero bat ere bai. Miguel Pérez delako hark Bilboko etxe batean eginarazi zituen moldeak, baina handik gutxira Frantziara alde egin beharrean gertatu zen, polizia konturen bat tartean zela. Lagunei esan zien gaztigua bidaliko ziela, Parisen denda jarritakoan, eta trokelak haien eskuetan utzi zituen.

Gustavo dugu, berriz ere, taldeko arduradun. Artistaren lantokian bildu, eta moldeak aztertu zituzten. Bikoitzak ziren, bi atalak ziri txiki batzuen bidez lotzen zirela. Gustavo etorri bitartean ez ziren gauza izan atalak elkarri lotzeko. Maeztu iritsita ordea, behar ziren aginduak eman hark eta, moldeen ahoetatik ore egokia isurtzen hasi ziren, zorioneko “txingote” haiek egitea helburu, beti ere. Idortzen utzi zituzten eta, moldeak ireki zituztelarik, inguruan begira zeudenak, han baitziren José Arrue eta Laureano Marcaida, irriz lehertu ziren, Gustavok berak buruaz besaulkian jotzen zuen bitartean; izan ere: “Apaiza, harro, zezen antzeko bati hots egiten zion, gorputza gona handi antzeko batek erdi estalia eta, burukoa oker-oker eginda zuela, apaizaren buru-soilunea erakusten zuen, intzentsu-ontzia larri asko jasotzen zuen bitartean...”

Hirugarren porrot honen ondoren, hitz eman zioten elkarri taldekoek ez zela berriz gertatuko. Gustavok, ordea, ez zuen ikasbiderik hartzen, ez eta hartuko ere. Arteaz bizitzeko, arteari traizio egin behar ziola etsia hartuta, bere printzipioei muzin eginda, ez zuen dudarik eginen bestelako lanbide horiek bilatzeko, haien bidez bizimodua lortuta, margotzeko lanari, beste trabarik gabe, ekiteko aukera izanen zuelakoan, eta hartara nahi zituen gauzak egin, besterik gabe. Duintasunez margotzeko zuen gogo bizi horregatik, dantzari talde baten kudeatzaile lana onartu zuen. Egunero joaten zen haiek aritzen zireneko kafetegira, bere “eskubidedunen” ehundaka postal aldean zituela. Bere ausardia eta gogobizi guztia jarrita ere, artista haietako bakar bati ere ez zion lanik lortu.

Biarritz. 1909

Biarritz. 1909

1909 urtea gogorra izan zen Espainiarentzat, ekonomia eta gizartea bera gatazka bizian baitziren. Marokoko “protektoradoan” gerran ziren; espainiarren armadak kolpe latzak hartu zituen, eta hark arazo handiak ekarri zituen, eta haietaz gain gizarte gatazka zegoen nonahi, krisiek eta haien ondoriozko miseriek piztutako gatazkak, hain zuzen ere. Azkenik, Bartzelonan gertatuko ziren borrokarik odoltsuenak, “aste tragikoa” izenaz ezagutzen den hartan izan zirenak. Giro nahasi hartan, Bilbotik alde egin zuen Maeztuk. Desertzio politikoa leporatu ziotenei, zera esanez erantzun zien, beldur ematen ziola bere buruak, halako izaera beroa zuela eta. Estanislao Mariak hala kontatu zigun, irri txikia eginez, “...uda igarotzera Biarritzera joan zen, Europako errege-jendearen udaleku, eta Sorollaren moduko kategoria handiko hainbat artistaren jomuga zen leku hartara”.

Tomás Meabe, Espainiatik kanporatua, Donazaharrera (Saint Jean le Vieux) lekutua zen, Nafarroa Beherean, eta Gustavo hara joanen da lagun zaharraren bila. Lutchienea izeneko baserrian hartu zuen ostatu, “indiano baten etxea, esan eta pentsa litekeen astorik handiena”. Noizbehinka mendi bazter haietako lasaitasuna utzi eta Baionara jotzen zuen, Farniere kafetegira. Han elkartzen zen Espainiatik etorritako errefuxiatuekin eta, lotsaturik ihes egin izana zela eta, hala esaten omen zien: “gogoz kontra nago hemen, zain, hau leku estrategikoa dela eta, arrisku handiko lekuren batera joateko noiz esango didaten...”. Baina ez zen hagitz latza izanen Iparraldeko egonaldia, han aritu baitzen margotzen, lan eta lan, ikasi eta ikasi, inoiz edo, aitortuko ziotelakoan. Izan ere, gauza asko izan baita Gustavo: torero, komediante, folletin-idazle, komisionista, poeta, tramankulu zoragarrien asmatzaile... Baina beti ere, oroz gain, margolari.

Garai honetan hasi zen litografia lantzen, eta lehenbiziko frogak Zuloagarekin batera egin zituen (ez da haietatik bakar bat ere geratu). Bestalde, dekorazio teknikan ere bazuen kezka, eta suaz landutako fresko bat lortzeko prozedimentua asmatzen ari zen. Amets egiten zuen arte erraldoi batekin, eraikuntza modernoari egokitua, eta denbora luzea eman zuen pintura porlanaren gainean landuz. Kolorezko porlanak lortzea zuen buruan, haiek erabilita “lan handi eta betirakoak” egiteko. Denbora horretan guztian Frantzia eta Bilbo artean bizi izan zen. Literaturan murgildu zen gehienbat, eta hiru liburu eman zituen argitara, 1910 eta 1912 bitartean, berak esatea gustokoa zuen moduan, itxuragabe eta folletineskoak ziren hiru eleberri: “Andanzas y episodios del señor Doro” 1910ean, “El imperio del gato azul”, berak akziozko eleberritzat zuena, 1911an, eta “El vecino del tercero” 1912an. Bere lanetan historia eta fantasia nahasten zituen, irri jolas garbia eta jakinduria, guztia bilduz idazkera alai eta jorian, luma erraz eta zelebre batez, bere lanei giro bizia emateko gauza den idazle baten aurrean gaudela erakutsiz.

Haren eleberrigintza, kontakizun sorta ez ezik, barnean zituen sinismen eta fobien aldarrikapena ere bada. Gizarteko osagai guztien aurkako kritika etengabea da. “Koitadua”ren espiritua berpiztua atzera ere. Juan de la Encinak, 1908an agertutako artikulu batean, Goya eta Gustavo elkarren ondoan jartzen zituen literaturaren aldetik. Intelektualak kritikatzen zituen: “Zer izanen litzateke gizakia bururik gabe? Hara, pertz bat hankaduna, eta horixe besterik ez dira egunotan idazluma astintzen duten guztiak; pertzak, besterik ez; maiz, gainera, pertz hutsak”. Hagitz zorrotza dugu klase burgesarekiko, hari leporatzen baitio “...ikuskizuna eta artea erdeinuz begiratzea. Zuen lantegien keak eguzkiaren argia itzaltzen du. Alaitasuna galdu da”.

Klase politikoa mespretxatzen du, iruditzen baitzaio: “aski duela egungo politikariak txin-txinaren soinua aditu Aberriaren aita izateko, Estatuaren Kontseilari, bizkarroi betirakoa: eta inork galdetzen duenean: -Nor duzu Urlia? ; zera erantzunen diote: -Pisu handiko gizona duzu hori, 27 alkool lantegi dituena.” Ezin falta ziren testu honetan apaizei eta abertzaletasunari eginiko erasoak, biak ala biak haren pizti beltzak. Apaizak gaueko hegaztiekin konparatzen ditu: “lurrean jarritako hankatxoen gainean zurrun”. Erlijioaren aurkako amorratua da, eta bere ustetan Jainkoa “potogile zakarra da, gorroto eta harrokeriaz betea, egun batean, beste zereginik ez eta, gizakia sortu zuena, lokatza bezalako gai zikin bat erabilita”. Abertzaletasunaz berriz, Espainia irensten duen zauritzat du: “vallisoletanoak, ovetenseak, bilbainoak, barceloniak, guztiek ere Jupiterren ipurmasail samurrenetik eratorritakotzat dute beren burua... gauzak honen gozo egonda, argi esan dezakegu espainolok, geure burua ezagutu gabe ere, mespretxatu egiten dugula”.

Pentsamolde kritikoa

Pentsamolde kritikoa

1910eko irailaren 10ean, goizeko hamaiketan, Filarmonikoaren Jai Aretoan Nemesio Mogrobejo artista zenduaren lanen erakusketa zabaltzen zen, hasierako hitzaldia Miguel de Unamuno jaunak eskaini beharra zelarik. Intelektual anitz izan ziren omenaldian, eta bertako prentsak hainbat hizlariren hitzak bildu zituen, besteak beste Tomás Meabe eta Juan de la Encinarenak. Mogrobejoren omenaldi hartan Tomás Meabek irakurri zuen testua gogorra izan zen, gizartearekiko kritikoa: izan ere, gizarte honetan “itsusikerien merkatariak” aberasten baitira, herri berean artistak “guztiok dakigun horretaz hiltzen zaizkigularik”.

Meabek esperantza bakarra gordetzen du: “Unamunok bere hitzaldian isuriarazitako malko horiek ureztatuko ahal dute ereintza hau, eta oinazea baliogarri izanen ahal da, gure artistak berpizteko, hilak baititugu”. Artearen gizarteratzea proposatzen du, arteaz eskoletan, ospitaleetan, lantegietan hitz egin dadin, herritarrengandik hurbil egon dadin, gizartean artearen aldeko jarrera sustatzeko, hartara artistek beren lanetik bizitzeko modua izan dezaten. Bestalde, Juan de la Encinaren biografiaz aritu zen Gustavo de Maeztu Bilboko “El Liberal” kazetan, urriaren 16an. Han, aspaldiko adiskide ona zuen Nemesio Mogrobejo kritikoarentzat hitz goxoak izan zituen. Bidenabar, artistaren inguruan sortzen den hipokresia, eta batez ere “kritikoa”ren irudia, salatzeko aukera baliatu zuen. Gustavok dioenez, jendearen ustez “kritikoa gizaki pisutsua da adimenez, dotorearen gisakoa, oro har koipetsua eta ikusmen eskasekoa, solasean ari delarik, (gaztelaniaz) cáspita esaten duena, eta hitzen amaieran ado, beti ere, esaten baitu incomodado eta resfriado”.

Gustavo de Maezturen ustez, Mogrobejok zilueta erabatekoa marrazten du, zizel finez marraztua, baina zilueta gorria, Courbet-en bidelagun duina; izan ere, Courbet margolari handi hura Pariseko Vendôme plazako zutabe berria botatzeko gauza izan baitzen, tirania eta espirituaren eskasia irudikatzen zituelakoan. Bi gutun bidali zituen Gustavok “El Liberal” kazeta, urriaren 14an eta 15ean argitara emanak, hurrenez hurren. Lehenbiziko artikuluak “¿A dónde vamos?” du izenburu, eta hartan kontatzen dizkigu euskal artisten tristezia eta gaitzak. Hona hemen haren esanetako batzuk: - Alberto Arruek, bere artista bizimodua eta hainbat lagunena konpondua zela uste izan zuen une batean, Arriaga kafetegiko mahaitik Paris eta Italiara joan beharra zegoela adierazten zuen aho betean. Bada, Pepe Arrue ere mahai hartako kide zen, eta Frantziako hiriburura alde egitea erabaki zuen, petrikilo egiteko asmotan, hankak moztu eta giltzurrunak ebakitzera. Eta hagitz gustukoa zuenez haragia ebakitzeko kontua, Espainiara etorrita, eta hainbat saiakera egin ondoren, torero hasi zen.

- Mogrobejo luzeago bizi izan balitz, hark berak esaten zuenez, bizimodua.ateratzeko Alemanian dauden era guztietako koroatako santuteria egiteko lantegi handietan lan eginen zuen. - Araluce gizagaixoak berriz, bere margolari-odola garatzen ari zen unean, patuaren ironia tarteko zela, Torinoko elizetan aldamio gainean purpurinak margotzera joan behar izan zuen. - Guiard-ek, bere erara, gizartera ekarri nahi izan ditu artistak, eta ez nire lagun haren erara: nire lagun hura Alemanian bizi zen, eta birus zibilizadoreaz txertatu bide zuten. Behin solasean ari ginela, nik artista adiskide batzuen gorabeherak kontatzen nizkiolarik, oso serio esan zidan: - “Ba al dakizu zer egin daitekeen artistekin hiri modernoetan?” - “Errentatxo bana eman”- erantzun nion apal. - “Ez jauna, ez horixe, hori ezinezkoa da. Izan ere, haietarik gehienak ongi heziak baitira, eta batzuek frantsesa ere bai baitakite, eta hortaz, nik uste dut onena orden publikoko zaindari jartzea dela”. - Guiard-ek, ordea, artistak beren lanetik bizitzea nahi luke, jendeak erakusketetara joatea eta haien koadroak begiratzea, -Eta, ba al dakizu nola? – erraten zidan solemnitate handietan erabiltzen zuen mehatxu keinuaz -Bada, hara, arte erakusketen sarreran honako kartel hau jarriz “Debekatua sartzea”.

Baina gertakari xelebre hauen kronistak aurkitu uste izan du modua “artistak beren herrian pizti arraroak izan ez daitezen, fauna zoologikoa handitu gabe, kamaleoiak direla eta ez direla, gandorduna dela edo gabekoa.” Aurrerago, berriz, hala dio: “Espainiakoa bezalako bizimodu garraztu, afrikakoaren pareko eta bekaiztia eraberritzekotan, artearen erresuma ezarri beste aukerarik ez dago”. - Kide maiteok, artea ezarri nahi dugu, arteak piztiak otzanarazten baititu. Maiz hitz egin izan da Jainkoaren erresumaz, baina sekula ere ez da hitz egin artearen erresumaz. Espainian errege izan da Jainkoa inoiz, batez ere bere ordezkari, Santiago Apostolua, zaldi zuriaren gainean agertu zelarik, eta penintsula guztian barna mairuak akabatzera eraman gintuelarik. - Artea Jainkoaren ondoan egon izan da noizbait, goiko erresuma horretan, baina XVII. mendetik aurrera, Iberiar Penintsulan, Jainkoa eta artea agertu ere ez direla egin esan daiteke. - Arteak lehen izan zuen eragina berriz izan dezan, eta arterik inoiz izan ez den lekuetan zabal dadin, behar-beharrezkoa da egungo artistak lehengoak bezala elkartzea.

Horra hor, bada, Euskal Artisten Elkartearen sorrerako oinarria, irizpideei dagokienez bederen. Maeztu gizartearekiko kritiko ageri da, ez baitu harengandik deus espero. Argi zuen artistek eurek eman behar diotela heziketa gizarteari, honek bere baitakotzat har ditzan; hau gertatzen ez den bitartean ez dira libre izanen. Berehala hartu zuten erabakia, eta egoitza izanen zen leku egokia bilatu ondoren, une hartan gogobetetzen zituen egitasmoari ekin zioten. Gustavoren artikuluak argitara eman eta laster, Lutchieneko bere etxeko lagun Tomás Meabek ere argitara eman zuen “El Liberal” kazetan artikulu bat, Gustavok eskatua, eta izenburu zuena “Artistak, millonarioak eta silfoak”. Meaberen ustetan, Bilbon ez dago ezer artearekin harremanik duenik. Aberatsak, “gure aberatsak”, buruz pobre dira. Hiriaren batasun estetikoa birrindu dute eta Neguri eraiki dute, “nazioarteko handinahikeriak lur puska bati inoiz egin dion irainik gorriena”. Edo bestela, elizak bete dituztela “bizarra egin berritako santuez”, Mogrobejok esaten dien moduan. Jende haiek ez ziren gauza Nemesioren arteaz jabetzeko, eta hark zioenez Epalzaren Alargunari egin zioten monumentua “mokordo” bat zen.

Meabek ere parte hartu zuen Maeztuk antolatutako Zirkulu hartan. Bertan jarri zuen eztabaidarako ondoko gai hau: “Arkakusoak (ceratophyllus fasciatus), herri honetako arratoiek (mus decumanus) eramaten duten horrek, gizakiari (homo infestans)hozka egiten dion horrexek, artistari (non hamo) hozka egiten baldin badio, Zirkulu honetan bazkide izan nahi duten horien erdiak baino gehiago kanpoan jarri beharrak dira”. Ironiaz proposatzen den ideia infernu artistikoa sortzea da. Infernu danteskoa, monstruo bat gordetzen duena, heldua ez zegoen fruitua jan zuelako hara kondenatua dagoena, denborari denbora lapurtu ziolako: “Baina Patuak hauxe nahi du, alegia, monstruoa han egotea harik eta, denboratik at ibiltzen diren beste izaki horiek, artistak, iritsi arte, ez gehiago. Eta monstruoak dagoeneko ikusten du amaiera, bere kondena bukaerara iristen dela. Hark egindako pekatu berbera egin duten horiek, beren denborari men egin ez dioten horiek, laster dira itzalen erresuma horretan”.

“Artistekin batera snobs direlako horiek sar litezke, haiek ere ziztatuko baititu zomorro horrek (ceratophyllus fasciatus), Maeztuk sortu nahi duen Arte Ederren Zirkulu horretan hainbat mende barru solasgai izanen duzun zomorro horrexek”. “ Hasiera batetik alde batera utzi beharrak Silfoak dituzu: hildako atzeratu horiek, hilotz temati horiek, bizitza ez den batean hilda ez dauden baina hildakoen lepotik bizi diren horiek” Atzera ere El Coitao kazetaren espiritua. Hitzaren indarra oinarri duen mundu hori, aldizkari hark hain bere zuena, garraztasunez sortzen da. Gizartea, ikusi dugun moduan, atzerakada betean zegoen. Burgesiako aberatsak ez dira inongo arte emanaldira joaten. Milionario pobre hauek, “kontserbadore kirastu” hauek, ez diote inongo baliorik ematen gazteen ezinegonari eta hauek, beren burua defendatzeko eta gizarteak ematen ez dien hori bilatzeko, elkartzea besterik ez dute izan.

Euskal Artisten Elkartea.  1910

Euskal Artisten Elkartea. 1910

1910. urteak izanen duen garrantzia ikusiko dugu ondoren. Apirilean Nemesio Mogrobejo hil zen. Uztailean, euskal artista talde jori batek bere lanak bidali zituen Mexikoko erakusketara, era honetan ezagutzera emanez hemengo une artistikoa itsasoz bestaldera. Urrian eta azaroan Mogrobejoren omenezko erakusketa izan zen, eta Arte Ederren 6. Erakusketa. Bere hartan hasi zen sortzen Euskal Artisten Elkartea, Maezturen atxikimendu estuaz beti ere, kanpora zabaltzeko kontuari zegokionez, batez ere. Azaroaren batean, Quintín de Torreren estudioan elkartu ziren artista anitz, Arte Ederren Zirkulua sortzea zutela solasgai. Artearen adierazpen guztiak ordezkatzen zituzten aristak elkartu ziren han, hala nola idazleak, margolariak, eskultoreak, arkitektoak eta musikoak.

Elkartu zirenetako batzuk, esaterako: Carabis, Osorio, Arteta, Alcalá Galiano, Gustavo de Maeztu, Guinea anaiak, José Maria Pera, Juan Echevarri, Mario Losada, Goitia, Resurrección Maria Azkue, Guimón, Osarte, Guridi, Guezala, Ortega, Alberto Arrúe, Miquelarena, García Verde, Gabirondo, Huidobro, Mintegui, Roda, Eloy Garay, Rivero, Mourlane Michelena. Ekitaldiari atxikimendu “erabateko eta gogobizikoa” adierazi zioten, besteak beste, Ramiro de Maeztuk, Grandmontagnek, Tomás Meabek, Lazurteguik, Santiago Meabek, Balpardak, Sabino Ruizek eta Vicente Torrek. Batzar hartan Guimón arkitektoak hartu zuen hitza, bere adierazpenean Bilbon Arte Ederren Zirkulua eratu beharra aipatuz, bertan bilgunea izan zezaten “artista guztiek, hemen bizi direnek... euren talde lanaren erakusgarri etengabekoa izan dadin”. Gustavo de Maeztu, egitasmoaren arima izaki, Euskal Artearen bidean izandako gertaera historikotzat jo zuen batzar hartan egindakoa. Bertako prentsak batzarraren berri eman zuen, eta badakigu nork osatu zituzten Musika, Escultura, Arkitektura eta Literatura batzordeak; ez, ordea Margolaritza batzordea.

Julio Carabias-ek “guztion etxea” deitu zion hark jaso zituen laudoriozko hitzetarik asko Gustavorentzat izan ziren. Carabiasek berak ere, pozak gaina harturik, oihu egin zuen: “Goratua izan bedi Jainkoa, eta halaber Gustavo de Maeztu jaun txit argia, berak ezarri baitu eraikin bikain honetako lehen harria!”. Joaquín Adán , “El Nervión” kazetan argitaraturiko artikulu batean dio nola “euskal artistei” zuzenduriko deialdia irakurrita, batek baino gehiagok mespretxuzko irria eginen zuen, esanez : “-Artista bilbotarrak, non ote dira horiek?”. “Sinesten ez duten horien ustetan bilera hutsa izanen zen, ez zen han izanen jende ilara handirik. Eta halaxe izan zen, izan ere; Quintín de Torreren estudioa ez zen bete, baina baziren han lau katu baino gehiago”. Hara hurbildu ziren Bilboko arte giroa bere geldialdi eta asperralditik ateratzeko unea iritsia zela uste zuten guztiak. Komentarista honen ustetan, heldutasunera iritsia zen aldi hartan egiten zen artea, eta lotsagarritzat jotzen zuen ordurarte era horretako erakunderik sortu ez izana.

Humanisten taldea egonezik zegoen, gero eta nabarmenago, gizarteak artista batzuen balioari muzin egioten diola ikustean. Instituzioek bazterturik, espirituari lekurik egiten ez dion gizarte batek ahantzirik, beren lanak bazterretan galtzen ikustera zigorturik zeuden artistak, egoerari nola aurre egin ez zekitela. Zirkuluaren sorrerara itzulita, esan beharra dago ia beste urte batez atzeratu zela sorrera. Noizbait ere, 1911ko urriaren 29an, hainbat aldiz bildu ondoren, orain ere Quintín de Torreren estudioan, hasiera izan zuen Euskal Artisten Elkarteak. Elkartearen barne-dokumentazioa galdu zen eta, ez dago modurik zehatz-mehatz ezagutzeko nor izan ziren sortzaileak. Pilar Mur Pastor aritu zen Elkartea ikertzen, eta haren esanetan lehen Zuzendaritza Taldea osatuko zuten Alberto Arrúek, lehendakari, Quintin de Torrek, Gustavo de Maeztuk, Julián de Tellaechek, Aurelio Artetak, Pedro Guimónek, Angel Larroquek eta Antonio de Guezalak.

Hasierako urte hauetan jardun zuen bizien Gustavo elkartean, baina urte hartan bertan, abuztuan, Elkarte Filarmonikoaren aretoetan Elkarteak antolatu zuen Arte Modernoko Erakusketan, ez zuen berak artelanik aurkeztu. Bestalde, oso jende gutxi joan zen erakusketa hura ikustera. 1913ko martxoan, Elkartearen Zuzendaritza Taldeak, Gustavo tartean, idatzi bat bidali zion Aldundiari, proiektu berri bat aurkeztuz: urtero edo bi urtetik behin, Nazioarteko Erakusketa antolatuko zen Bilbon, abuztuan. Aldundiak, ordea, ez zien inongo diru laguntzarik eman, egitasmo horretara bidera zezakeen dirua Arte Ederretako Museoa eratzeko lanei emana zela argudiaturik. 1913ko apirilaren 3an, arestian aipaturiko berberek bidali zuten beste idatzi bat, oraingoan Bilboko alkatetzara. Idatzi hartan ziotenez, Elkarteak asmoa zuen urtero, abuztuan, Arte Ederren Erakusketa antolatzeko, eta hartarako gonbidapena luzatuko zieten, bertako artistei ez ezik, Espainiako eta nazioarteko artistarik entzutetsuenei.

Idatzi hartan bertan Udalaren laguntza eskatzen zuten, halako erronka bati aurre egitea, haren laguntza materialik eta moralik gabe, hagitz zaila izanen zitzaielakoan. Era berean, museo bat sortu beharra aipatzen zuten, arte modernoari eskainitako saila izanen lukeena. Etorkizunari begira egindako egitasmo oso bat aurkitzen dugu hemen beraz, hasiera batean Gustavo izan zuena ardatz eta indar, ondoren pixkanaka-pixkanaka urrunduz joan bazen ere, lanari zegokionez behinik behin.. Elkartearen Arautegiko lehenbiziko artikuluak honela dio: “Bilboko Euskal Artisten Elkartea bi helburu nagusi dituela sortu da: alde batetik, Arte Ederrak sustatzeko sortu da, horretarako antolatuko dituelarik erakusketak, nola antzineko artea hala arte modernoa ezagutaraztekoak, hitzaldiak, lehiaketak eta zeinahi ekitaldi, beti ere artearekin eta ez besterekin lotura zuzena duena. Beste aldetik, bertako partaide diren artistei eurei ere, beronen bitartez, Espainian nahiz gainerako herrietan antzekoak izan daitezkeen elkarteekin hartu-emanak izateko aukera eskaini nahi lieke, hartara beren lanak erakus ditzaten, Bilboko arte kulturaren adierazpen diren gisan, beste herri horietan antolatzen diren erakusketetan”.

Azken finean, elkarte korporatiboa zen izatez, alderdi profesionalaren alde egiten zuena oroz gain, hasierako garaian batez ere. Nazioarteko Erakusketa eratzeko asmoak beraz huts egin zuen, Abuztuaren 15ean, ordea, Bilboko Elkarte Filarmonikoaren Aretoetan, ateak zabaldu zituen Arte Modernoko 11. Erakusketa, Euskal Artisten Elkarteak antolaturik. Sailik joriena margolaritza zen, honako artista hauen margolanak ikusgai zituela: Alberto, José eta Ramiro Arrúe, Pablo Uranga, Maite Garay, Darío de Regoyos, Angal Larroque, Aurelio Arteta, Mela Muter poloniar margolaria, Julián Tellaeche, Rochelt, Ascensio Martiarena, Landajo, Urbina, Sena, Salazar, Sobrevilla, Guezala eta Luisa Guinea. Gustavo de Maeztuk lau koadro aurkeztu zituen orduko hartan. Eskultura sailean aipagarria zen “Gabarrero bat” izeneko lana, Quintín de Torrek egina, eta emakume soinburu bat, Higinio Basterrak egina. Erakusketa irailaren 18a arte egon zen zabalik. Amaiera emateko arte-gau bat antolatu zuten, erakusketak eragindako zorrak kitatzeko lagungarri gisa.

El Gato azul - 1911

El Gato Azul. 1911

Artistek elkartearen asmoaren inguruan aurrera segitzen zuten bitartean, Gustavok bere bigarren eleberria argitaratu zuen. 1911ko lehen erdialdean, Lutchieneko erretiroan, Tomas Meabe ondoan zuela, bizi zuen giro lasaian idatzi zuen, eta bigarren hau ere Madrideko Francisco Beltrán liburudendak eman zuen argitara, hitzaurrea Ramiro anaiarena zuela. Gustavoren hitzetan, akziozko eleberria dugu hau. Hitzaurrean, Ramirok, bere anaia Gustavoren aurkezpen bete-betekoa ematen digu, esanez harentzat errealitateen mundua ez zela ez gustukoa, ez eta onargarria ere: “Espirituaren ijitoen leinukoa da hura”. Izan ere, ijitoa aldi berean harro eta otzan baita gizartearen aurrean. Indarrez azpiratua, bere gogoaren zoko sakonen batean gauza alai, deslai eta ezinezkoen laguna da; ezinezko den horrek pizten du ijito hori, eta horrekiko atxikimendu eta ametsean bizi da, non ez duen liburuetan adierazten, era honetao liburuetan, hain zuzen ere.

Aurreko eleberrian bezala, oraingo honetan ere egungo garaitik abiatu zuen Gustavok kontakizuna, ondoren atzera jo eta oraingoa argituko digun iraganaldiaren bila joateko. Bigarren hau ordea, hagitzez ere hobeki eratutako eta landutako eleberria dugu, ez aurrekoa bezain fantasiosoa eta korapilatsua, helburu argiagoak baititu, gizarteari gehiago begiratzen diolako abenturari baino, eta Bilbo ere hor duelako, Hesperia izenpean, bere sortze lanean egiazko gauzetatik abiatzera nolabait behartzen duena. Pertsonaiak eurak ere sendoagoak dira, eta ondorioz dramatismoa gogorragoa eta era biziagoan salatzen du une hartan bortizkeria iraultzailezko katarsiaren bidez garbitu nahi den gizartea.

Eleberrian Rufo Pasamonteren ibilerak kontatu zituen, Ali Pasamonte izeneko baten semea, animali hezitzailea, nigromantea, mihizuria eta liluratzailea, edabe prestatzailea, eta jendearen erreumatik hasita artritiserainoko gaitz guztiak sendatzeko gai den pilula urdinaren asmatzailea. Margolaritzarekin haserre, kontsolamendua bilatu beharrez ihesi suarrean dabilkio irudimena, baina ez ihesbide hutsagatik, hala irtenbidea ematen baitio bere barne indarrari, eta bere barne mundua mihisera eramateko oraingoz duen gaitasun ezari ere bai. Bere barne unibertsoa azaltzeko literaturaren beharra baduela berretsi zuten Indalecio Prietok esandako hitzek, “margolari baino idazle hobea” zela esan baitzuen hark.

Katalunia. 1914

Katalunia. 1914

1914ko martxoan, Bruselan, Darío de Regoyos margolariaren omenezko erakusketa egin zen, aurreko urteko urriaren 29an hila baitzen, Bar- tzelonan. Regoyos Euskal Artisten Elkarteko kide izanik, elkarteko lagun anitz joan zen erakusketara. Han ziren artista guztien zerrenda osoa ez badugu ere, Gustavok ez zuela hitzordua huts egingo uste dugu, izan ere, erakusketa haren asmoa belaunaldi berrien eredua izandako artista bati omenaldia egitea baitzen, eta Maeztuk begiramen handia eta esker ona baitzion hari.

Urte hartan bertan Bartzelonan erakutsi zuen bere lana Gustavo de Maeztuk, Konte Hiriko Puerta Ferrisan dauden Dalmau galerietan. Galeria hau Kataluniako abangoardiaren bilgunea zen, hasieratik saiatu baitzen Europako panoraman aurrendari zebiltzan arte adierazpenak Kataluniara ekartzen. Bi urte atzerago, 1912ko apirilaren 20an hain zuzen, Galeria hark antolatutako “La Exposició d Art Kubista” erakusketan Metzinger, Glezier, Marie Laurencin, Juan Gris, Marcel Duchamp, Le Fauconnia eta Agero eskultorearen lanak jarri zituzten ikusgai. Modernizazioari bidea irekitzeaz gain, Espainiako beste kultur ingurune batzuetako artea zabaltzen eta sustatzen saiatzen zen galeria hura. 1914ko martxoan, Maezturen aurretik beraz, Regoyosen lanaren erakusketa izan zen han. Maezturentzat oso garrantzitsua izan zen Kataluniako erakusketa hura, Bartzelonara erabat ezezaguna zela baitzihoan.

Erakusketa hasi eta berehala eman zuen Kataluniako prentsak publikoa eta kritikoen artean izan zuen arrakastaren berri. Kritiko hauetako batzuek margolariaren jatorri ipar aldekoa nabarmendu zuten, Espainiako “lurralde indartsu haietatik... handik heldu baita artista saila, gure herrian direnik eta interesgarrienetakoak”. Kritiko katalanzale haientzat garrantzitsua zen euskal eta katalan artisten antzekotasunak jasotzea, bai eta gainerakoekiko aldeak nabarmentzea ere, eta parean jartzen zituzten, desberdinak izanik, zenbait herri irizpidetan bat zetozen kultura bi haiek. Bat etortze horren oinarrian, izakera eta ikuskera ez ezik, biek ala biek miresten zuten edertasun eredua zegoen, haren bila zein bere bidetik ibili arren. Izan ere, euskaldunak eta katalanak izan baitziren aurrenak Espainiako arte berpizkundean. Horregatik, kritikoen gustuko jolasa zen biak elkarren ondoan jartzea eta arte kidetzak ikustea hango eta hemengo artisten artean: Zuloaga eta Rusiñol, Casas eta Durrio, Regoyos eta Clará, Mogrovejo eta Sert. Bartzelonak ere gogo onez hartzen zituen euskal artistak, eta Regoyosen atzetik atoian etorriko ziren Zuloaga, Mogrobejo eta Zubiaurre anaiak eurak ere bai. Antzeko egoerak bizi zituzten kulturen arteko truke giro hartan aurkeztu zuen, bada, Maeztuk bere lana Konte Hirian.

Ikuslea harri eta zur utzi zuten Maezturen artelanek, espiritu indartsu eta bere-berearen bortitzagatik, bere lanaren “ausardia eta argitasunagatik”. Izan ere, garai hartako joera klasikozalea eta koloreen tonu samurren zalea zen eta, kontraeran zetorren lan hark harridura sortzen zuen. Maeztuk bere sintesi propioa bilatu zuen. Edertasuna xalotasunean eta sentimentuan bilatzen du. J.M. Jordá-ren esanetan, “Gustavo de Maezturen artea, Iparreko gizonaren izaeraren emaitza da. Gurea baino bortitzagoa da, bere herriko itsasoa bezain oldarra, esanahi handikoa, eta aldi berean bere tradizioa da, bere espiritu moderno eta bipila zamatzen duen espainolen tradizio oinazez betea”. Kidetzak bilatu beharrez, Maezturen lana Zuloaga eta Urangaren lanen parean jartzen dute kritikari katalanek, baina bere izakera indartsuari beti eusten diola nabarmenduz (eta hau artistaren kualitate handientzat dute).

Maeztu kolorearen sentsuala da. Armoniaren barruan, haren kolorea “ausardia bortitzekoa” da. Zuloaga miretsi izan zuen beti ere, eta haren gisara, ohiko bizimoduko gaiak margotzerakoan, une hartako Espainiaren izaera erakutsi nahi izaten zuen, baina gauza guztien gainetik, kolorazio harrigarri eta ikusgarriak bilatuz, orijinaltasunaren inpresio betea sortzearren. Erakusketa maiatzaren 15etik ekainaren 15era egin zen, eta bertan hamaika margolan, hamaika marrazki eta sei pastel aurkeztu zituen. Olio lanen artetik nabarmentzekoak dira anaia Ramiroren erretratua, “Andaluziarren kantua”, “La Remedios”, “Manton beltzarekiko emakume ederra”, “Samariarra”, “Manton gorriarekikoa”, “Emakume irribartsua”, “Hiru botereak”, “Diziplinanteen pausua”, “La Encarna y Rafaela”. Marrazkien artean, berriz, “Itoa”, “Zain dagoen emakumea”, “Preso ilara Monzónen”, “Lausengua”, “Gauezkoa”, “Musua”, “Hiru lagunak”, “Artistak”, “Bertsolariak”, “Gaztela” eta “Itsas gizonaren itzulera”.

Gai sorta joria aurkeztu zuen Maeztuk, haien artean nabarmen: emakumea, gizaki ereduak eta ohiturak. Argigarria izan liteke erreparatzea “La ilustración catalana” aldizkariaren 576. zenbakiko artikulu baten irudia, Gustavoren bi lan aurkezten zituena: “Hiru botereak” eta “Samariarra”. Bere margolari lanean Maeztuk ez du gizarte arazoez kezkatzen den kontaera egiten, hori literatura adierazpenean eginen du. Margolanetan beti ere aldarria ageri da, baloreen bilaketa. Agertzen dituen gizakiek ez dute salatzen herrialdearekiko utzikeria, gehiago dira belaunaldi baten isla zuzena. Horrek bultzaturik zehazten ditu eskultorearen erara bere irudiak. Mitologiako titan haien antzekoak dira, mendiak mugiarazteko gauza ziren haien ezpalekoak. “Samariarra” koadroari begiratuta, berehala ikusiko dugu ez dela batere biblia konturik hor, aitzitik ere, Maezturen emakumeetako batekin topo eginen dugu hor, harroa eta zorrotza baina aldi berean sentsuala. Bere buruaren jabe izaten hasi den emakume berria dugu, ondorengo “Eva” koadroan magotutako emakume “fatal” horren aurrekari dena.

Francés Pujols kritikariak “Catalunya” aldizkarian, maiatzaren 30ean argitaratutako 343 zenbakian, Zuloagaren eta Anglada Camarasaren teknikekin alderatu zuen Gustavorena, honako hauek esaten zituelarik: “..."aquest pintor jove, tan jove com espontani, tan espontani como ingenu, tan ingenu como enginyos, ha nascut per fer avencar un pas de gegant la técnica pictórica... En Gustavo de Maeztu se presenta como a innovador del contorn accentuat que alguns venecians usaven per dar rellev a les figures; el l'usa per unir y separar enseus les figures del cos general de l'obra, invencion del seu geni tecnic que consiteix en resseguir el contorn de la figura amb una ratlla de dugues tintes; l'una que comunica amb el fons i l'altre amb la figura, obtenint aixi l'unio; la separación desit jades". Erakusketaren haritik esan ziren guztiek nabarmendu zuten haren kualitate funtsezkoena forma indartsuen erabilera dela, ikuslearengan sortu nahi duen sentsazioa lortzera bideratua. Gogoan izan behar dugu, beti ere, Maezturen lanean ikusten duguna ez dela formen izaeraren funtsetik sortutako irudia; aitzitik ere, aldez aurretik hark duen ideia baten araberako formak dira, nahi argi batek zehaztutakoak.

Donostia. 1914

Donostia. 1914

Hilabete batzuen buruan berriz ere aurkituko dugu Gustavoren lana erakusten duen erakusketa baten berri. Irailean izan zen erakusketa eta Donostiako “El Pueblo Vasco” egunkariaren egoitzako eskaratzean egin zen. 37 lan aurkeztu zituen Gustavok. Gaiak lau multzotan banaturik aurkeztu zituen erakusketak: “Celtiberiako marrazkiak”, “Béticako marrazkiak”, “Itzalezko marrazkiak” eta “Olio urdin eta zilarra”. Gustavok, beti bezala erronkari aurre eginez, Europa guztia gerrateak astintzen zuen garai hartan erakutsi zituen bere koadroak, Donostian eta Biarritzen udan egitekoak ziren erakusketak bertan behera utzi behar izan ziren unean, hain zuzen.

Donostiara agertu zenean, Bartzelonako erakusketan erdietsitako arrakasta zekarren berarekin. Han, asko saldu ez zuen arren, diru kontuak zuritzean honako hau esan baitzion galeriaren jabeak: “Ez duzu diru askorik eramanen, baina nik dakidala, ez da artista gaztelarrik zurea bezalako prentsa eraman duenik...”. Arrakasta, izan ere, Espainiako arte galeria itzaltsuenetako batean, hargero han baitzebiltzan “fauves” deitutakoak, hantxe erakusteko aukera izatea zen. Horregatik Donostiako “Novedades” aldizkarian nabarmendu zuten, Bartzelonako kritikari haien aldetik halako oniritzia jaso izana, “arte hutsaren kontuan eskuzabaltasun eskasekoak” omen zirelako haiek. Bere koadroetatik “Flora” nabarmentzen zen. Izan ere, koadro indartsua ez ezik, haragikoitasun betekoa ere bai baita. “Eva” lanaren aurrekaritzat jotzen ahal dugu hau. Sentsualagoak dira “La Remedios” eta “Emakume irribartsua” lanetan ageri diren irudiak, biak ala biak lehenago Dalmau aretoan erakutsitakoak. Iduri biziak hauek, zalutasun lotsagabekoak, “legítimas descendientes de las chisperas y manolas de picaresco mirar, insinuantes y prometedoras".

Marrazkietan ez bezala, bere margolanetan oreka egokia lortuko du fantasia eta errealitatearen behaketaren artean, inoiz ere egin gabe kanpoaldeko formen imitazio hutsa. Formak bereganatzen duen apaingarri balioari sentimen bizi eta berehalako baten indarra erantsirik, poema musikalaren erritmoa ematen dio bere lanari. Erakusketari buruzko azken hitzak emateko Gómez Izaguirreren aipu bat ekar genezake, hala baitzioen hark “El Pueblo Vasco” egunkarian: “Maezturen margokera, artistaren etorria lotzen duten eredu estuen aurkako protesta da, bai eta berpizkundearen inpresio bero eta bizia ere, intelektualismo modernoak gartsuki aldarrikatzen duen modukoa”. Hala ere, laster etorriko ziren abertzaleen aldetiko iritziak. Haiek ziotenez, Maeztu euskal herrikoa izan arren, ez zen haren lanetan hala adierazten zuen alerik ere. “Ez ote du Maeztuk Euskal Herrian ikusten Celtiberia eta Betican bezala, marrazki ausart eta indartsurik egiteko egoki den aurpegirik?”.

1914ko amaierara, egindako eginahala loratzen ari delako uste osoan iritsi zen Maeztu: denboran gordeta egondako hazia fruitua ematen hasia zen lan sendo batean, barne komentzimendua oinarri duela. Gure artista gogobeterik dago: hogeita zazpi urte dituelarik, lehen emaitza arrakastatsuak biltzen ari zen.

Madrid - 1915

Madrid. 1915

1915ean erakusketa ugari egin zituen Gustavok, berak bakarka nahiz beste artista batzuekin batera egindakoak, batez ere Madriden eta Bartzelonan. Beste ezaugarrietako bat, “Eva” bere azken koadroaren erakusketa zela eta Bilbon sortutako iskanbila izan zen. Aurreko urtean Bartzelonan izandako arrakastaren ondoren, derrigor erakutsi behar zuen bere lana Madriden, arteari zegokionez hiri gutxietsia berau, baina oraindik ere ezinbestekoa artisten ibilbidean. Katalunian abangoardia zegoen bezala, Madriden aurreko mendea zen nagusi. Erakusketa Nazionala nazioartean hedatzeko saioak porrot egin zuen, gerrak ekarritako zailtasunak zirela medio.

Gauzak hala zirela, Palace Hoteleko areto beiratsuetan paratu zituen zintzilik bere lan indartsuak Gustavok, apiril-maiatzetan. Hiriaren erdialdeko gune hartan, ikuslego larri eta zurrun baten begiradak aztertzen du Gustavoren lana, baina begikoa zaie euskal margolari gazte hark erakusten dien margokera indartsua. Bilakabide onetik zebilela berretsi zuten erakusketaren harira egindako iruzkinek. Marrazkiaren teknikan sendotzen ari zen Maeztu, gero eta tinkoago, baina Manuel Abrilek esan zuenez: “oraindik ere pikutara bidaltzen du zuzenketa”. Koloreari zegokionez berriz, gardentasuna erdietsi zuen, artean lortua ez zuen edertasun eta joskera, aurrerantzean zuhurtasunaren eta arazketaren bidetik ibili zelarik. Maezturen lanean zehaztu beharreko osagai bat Errealismoa eta Naturalismoa kontzeptuak dira. Errealismoak bere horretan jasotzen ditu paisaia eta gizakiak, eguneroko bizitzan agertzen zazkigun bezalaxe. Naturalismoak berriz, gauzak aztertu egiten ditu, ondoren haien kanpo itxurak jasotzeko, eman nahi den sentsazioaren arabera armonizatuak. Maeztuk irudikatze poetiko-plastikoaren aldeko hautua egin zuen; plastika eta ideiaren (edota sentimentuaren) sakontasuna elkar lotu eta batzen diren une hori jasotzen du.

Erakusketaren katalogoan, Donostian 1914ko azaroan erakutsitako lan asko bildu zituen, bi ataletan sailkatuz lana, “Bética-ko marrazkiak” eta “Celtiberia-ko marrazkiak” izenak emanik. Azken hauek, ikusi genuen moduan, ikatziri eta marra sendoz eginak, eta margo idorrez koloreztatuak, lur kolore, akre gorriztak, ilunkarak eta berde olibantzekoak emanik. Bética-koak berriz, ez dira ikatziriz egindakoak, eta haietako batzuek kolorerik ere ez dute, “urdina eta zuria soilik, zeru argiko urdina eta zilar zuria”. Maezturen eskuak eta bere espirituak herrien arima sakabanatua bilatzen dute fisonomietan. Celtiberiako jendeak lur zaharkitu, latz eta idorrean bizi dira, eta haien izakerak ere idor eta barnekoiak dira. Béticako jendeak berriz lerden jasotzen ditu: alaiak, guriak, beteak. Lehengoen marra bizien aldean, bigarren hauetan argitasun leuna da nagusi.

Manuel Abrilen esanetan, Maeztu margolariak, berak sentitu zuen eta erresumina sentiarazten dion arraza du abiapuntu. Badirudi Maeztuk hauxe esan nahi digula: “Badira historian, aberriaren artelanean eta psikologia nazionalean, funtsezko hainbat ezaugarri, gure arrazaren fisonomia ideala berreraikitzeko datuak eman behar dizkigutenak. Adierazpen hori berreraikuntza eta historiaren sintesia izanen da, eta aldi berean etorkizuneko ideala, helburua. Halatan, irudikatzen dugun modukoa izan ez bazen arraza, etorkizunean izanen da garai batean izan behar zukeen bezalakoa”. Haren mihisetan Espainiako herriaren osagai guztiak agertzen dira: “mantilla”, “manton”, zapata. Ezaugarri ohikoenak: begi beltzak, ijitoak, jarrera harroa; baina herriaren edertasuna espiritu aristokratikoarekin uztarturik, “La maja galante” koadroan ikusten ahal dugun moduan. Koadro hauetarako zeramikaren antzekotasuna bilatzen du, bere paletatik ateratzen dituen izpiei distira emanez. Bere ideia mihiseratzean koloreen berebiziko joritasuna darabil, multzoak poliki banatuz arkitekturazko indarraz. Olio lan hauek izanen lirateke eredua, ideala, marrazkietan gauzatutako ezaugarriak oinarri dituztela.

Kritikak nabarmendutako beste koadro bat “Emakumea ereintzan” da, gorputz gihartsuko emakumea, kariatideen guritasuna duena. Duen distirak eta arropen berotasunak zeramikan egindakotzat jotzera bultzatzen dute. “Dama de Elche” delako harekin konparatzen dute irudi hau, eredu espainolaren ezaugarri den aldetik, dotorezia eta aldi berean indarra erakusten baititu. Honengan guztia da bizkorra, mardultasun astuna, indar azkarra; baina bada zuhurtasun moralik, keinuan eta araztasunez jazten duen zereginean: hori erromatarrena da; baina euritmia nahiz oreka, eta gelditasun narotik ere badu: hori klasikoa da. “Emakumea ereintzan” koadroak duen herri zeramikaren kutsuaren parean, “La maja galante” koadroak berriz metal bitxien distira eta finezia ageri du, esmalteen kalitate esnezkoa. “Emakumea ereintzan” koadroan azpi-azpitik Zuloagaren eragina somatzen badugu, hauetan harritzen gaituztenak jauregietako lorategietako amets liluragarriak dira, oihan arranditsuak, laino urdinska, turkesa, itsaskolorekoak, eta berpizkunde garaiko eraikinak biltzen dituen giro lanbrotsua. Herriko neska polita markesa bihurtu duen Espainiako giroa da, neska horien giroa eta aristokrazia mundura eta kosmopolitismora eraman zituen giro hura, aberriaren izaera alde batera utzi gabe.

“El Año Artistico” izenpean argitaratzen zituen José Francés-ek urtean zehar idatzitako zenbait artikulu, eta 1915eko alean Maeztu artista ipurterre eta bidaiari gisan aipatzen du, baina bizimodu aldetik ez ezik, bere izakeraren adierazpenen aldetik ere halakotzat du: “Haren koadroak egun, haren eleberriak atzo, lan miresgarri baten atalak izan litezke, eta honen izenburua “Bidaia nire espirituan barna”. Maezturen defensatzaile maiz, begirada haren marrazkietan jarririk, José Francés-ek aipatzen du nola haien bidez azterlana egiten duen, ondoren mihisean paratzeko. Bozeto haiek, halako teknika eta sormenaz eginak, mihisetan diren marra eta multzo berberek osatuak, berez artelan amaituak dira. Anglada Camarasaren eragina nabaria da urte hauetako lanean. Gustavok urdina erabiltzen du batez ere, eta halako protagonismoa ematen dio, bere esentzia poetikoan zilarreztatu eginen baitu “pintzeletan ilargiaren argia lapurtu izan balu bezala”

Arturo Morik, Madrideko “El País” egunkarian, haren marrazkien kalitatea goresten du, haren paleta haren artearen osagarri bat gehiagotzat joz. Ez da ados iritzi horrekin Gabriel García Maroto, “La Tribuna” aldizkariko orrietatik olio lanak ederretsi baizituen, onartuz, hala ere, marrazkiek benetan bazutela interesik. Marrazkiak hasierako maila gisakotzat ditu, azkenburuan olio lanak zirelarik emaitza. Kritikari honentzat koadro hauetan garrantzitsuena ez da bakarrik zilueta ederra, erritmo armoniatsua, tonu nagusia edota une hartan adierazten zutena “etorkizun hurbil eta gozo batean ziurtatzen dutena da haien balioa”. Zerbaitek erakartzen badu kritika aditua, eta guztien ahotan dabilen lelorik bada, hauxe da, marrazkien egikera tinkoa, gogorra, errealista, eta oliolanen egikera bereizten dituen aldea, hauek apaingarri gisakoagoak baitira, irrealagoak, guztia zilueta ederra eta erritmo armoniatsuaren mesedetan egina baita, tonu nagusiaren agindupean. Maeztu, etengabeko lanean, naturala du gauzakiaren presentziaren oinarri, baina ondoren bertan behera utziko du hura, erakusteko natura hustua, urrunekoa, kontzepzio hutsera bihurtua.

Kalitate aldetik hain miretsiak ziren marrazkiok, bere hartan artelan zirenak, mihiserako lehen urratsaren gisara baliatzen zituen. Bidaiari nekaezinaren oharren ondoriozko marrazkiak dira, baina inolaz ere ez zirriborro arinak, gogoeta landuaren ondoriozkoak baizik. Maeztu ez dabil presaka batetik bestera, hemeretzigarren mendeko bidaiariaren erara baizik; lurraldean bizi den jendearen eta paisaien ikaskuntza beharrezko baten atal da bidaia harentzat. Hotel Palaceko erakusketa amaiturik, berriz ere Bartzelonan zuen hitzordua Gustavok. Urtebete zen Dalmau Aretoan erakutsi zuela. Oraingo honetan Can Parés izenekoan egonen zen ikusgai, ekainean zehar. Hautatu zituen koadroen artean “Emakumea ereintzan” egonen da, Madriden egondako bera, alegia.

Azaroaren 4an, Madriden, Euskal Artisten Elkarteko fundatzaileetako bat hil zen, Gustavoren adiskide mina gainera, Tomás Meabe alegia. Oso kolpe gogorra izan zen Gustavorentzat. Bizimodu agerikoa bazuen ere, abenturazalearen bizitzan bazen halako misterio kutsuko zerbait hertsia eta bitxia, jendearen begiei ezkutatzen zitzaiena. Lutchienean elkarrekin bizi zirelarik, bakardadea elkarren ondoan eramanez biek, sormen handieneko garaia izan zuen Gustavok, eta han garatu zituen argiro artearen munduan zuen ikuspegi ideologikoa eta literatura zaletasuna. Meabe falta zuelarik berriz, Gustavo “ez da inon bizi”. Noraezean zebilela esan liteke, aurretik zituen interesetatik urrun, bere buruaren prestakuntzan bakardadean egin beharreko bide bati lotua.

Eva - 1915

Eva. 1915

Azaroaren 22an Filarmonikoaren Aretoan Euskal Artisten Elkartearen erakusketa berri bat zabaldu zuten. Arte erakusketa hark astinaldi handi samarra jaso zuen, Gustavo de Maeztuk margotutako “Eva” izeneko koadroak sortu zuen zalaparta zela medio. Margolan hartaz gain, “Vozmedianoko ezkongaiak”, “Antonia” eta “Flora” eraman zituen Maeztuk. José Francésen iritziz, auziaren azpitik nazio osoko kontu bat zegoen: biluziarekiko gorrotoa, hain zuzen. Izan ere, oroz gain arteaz arduratzen zen “La Esfera” astekariari galarazi baitzioten biluziak argitaratzea, behin Velázquezen “La Venus del espejo” eta Goyaren “La maja desnuda” argitara eman eta milaka gaitzespen jaso zituelako. Gizarte hark gorriz markatzen zituen katalogoak, biluziak ageri ziren lekuetan.

Urte hartan bertan eta Madrideko Erakusketa Nazionalean, atzera bota zuten, inmorala zela eta, Federico Beltrán margolari katalanaren koadro bat, “La maja marquesa” izena zeraman koadroa, hain zuzen ere. Hala ere, erakusketa hartan bertan biluzi ugari agertu ziren, esaterako “Mirabella” izenekoa, Federico Beltrán berarena; ume baten biluzia, Leandro Oroz margolariak egina; Ramírez Montesinosen margolan bat, Tuseten beste bat, eta batez ere Julio Romero de Torresek aurkeztu zituen "El Pecado” eta “La Gracia" biluziak. Eskulturan ere baziren biluziak, Mateo Inurria aurketutakoa kasu. Begibistakoa zen, nonbait, ez zela biluzia bera auzia, eta bai, ordea, honek irudikatzen zuen berehalakotasuna. Beraz, sexu errealitatea iradokitzea zen epaimahaiak galarazten zuena. Biluzia beti ere zerbait itsusi edo, besterik gabe, erotikoa zen espainol gehienen begietara, grina gaiztoak piztekoa beste baliorik ez zuena, eta gainera “para inspirar esa vergonzosa suma de procacidades gráficas que empuercan los quioscos y tendaleras de periódicos, o el exhibicionismo vivo de playas, piscinas y teatros".

Garai aldaketa bizi zen orduan, eta hargero emakumearen edertasuna ez zen geldia, margolanean betirako ikono gisa islatutakoa. Emakumea bere sexua agerian aurkezten zen, irudikatuz hark bazuela beregan desioa eta atsegina, gizonarengandik bereiz, eta gizonarekin nahiz gabe erabiltzen ahal zituela. Jarrera sentsualean ager zitekeen, askatasun lotsagabeaz, begi suarrez, ezpainak ireki antzean eta hezerik, eta eskuko behatzak sexutik hurbil, maltzurki. Biluzia gainera galdukeria hotzez osatzen zen, galdukeria zuhurra sakonean, eta keinu nahiz jarrera nolabait haragikoiaz. Sabel gozoko emakume honek hamaika tentaldi iradokitzen ahal zituen. Maezturen “Eva” mundu paganoaren, naturaren eta zentzumenen sinbolo gisa planteatua zen. Emakumea sortzezko indarra da harengan, sexu desioa tartean delarik, lehen gizona menpean hartzeko gauza izanen dena. Menpean hartu, begiradaz hartzen du, gainera, begi maltzur, gaindiezin horiekin, itzalpean misteriotsu, aurpegiaren gainerako aldea argitan. Buruaren atzealdean, horma hutsa margotu ordez, mugagabea margotu zuen. Buru argi gorria, itzalez ondutako fondo urdin eder batean ageri da. Emakume baino, idolo bihurtu zuen irudia, eta horrenbestez haren itxura fisikoak bizio, atsegizaletasun eta liluramenduak oro mamitzen ahal zituen.

Emakumea lotsagabe ageri zen ikuslearen aurrean, atsegin emateko prest. Irudiaren gorritasuna nabarmen indartzen zuen azalaren koloreak, nakar zuriaren argiaz baliaturik. Lehen emakumea “femme fatale” bihurtu zuen Maeztuk, gizarte geldo hura beldurtuz eta erreakzio hipokrita zuria piztuz. Estanislao María de Aguirrek kontatzen digunez: "los ojos del bilbainismo sietecallejero pasaban como sobre ascuas, ante las desnudeces carnosas de "Eva", pero dejando clavado el rabillo del ojo en sus carnes palpitantes". Alegia, zazpikaletako bilbotar peto-petoen begiak iragaitzean igarotzen zirela “Eva” haren biluzi haragitsuaren aurretik, baina begiak, zeharka, haragi gorri haietara joaten zitzaizkiela. Gizarte haren geldotasuna G. Mendivek plazaratutako artikulu batean azaltzen zaigu, “La Lozana Andaluza en Bilbao” izenburupean. Artikuluaren egileak kontatzen digu nola Bilbon sexu kontua zalapartarik gabe konpontzen zen, isilpean, egunez oro har, gauean etxean egoteko moduan, eta kezkarik gabeko bizitasun hartan maitale bat zeukana, jende guztiaren hizpidean zen berehala, eta haren izena damen kongregazio guztien zerrenda berdea osatzera igarotzen zen.

Bilbotarrak bizioari emanak ziren amorratuak, gose pasatuak otordu gaitzaren aurrean bezalaxe. Are gehiago, Areatzako espaloietako bat traturako enkante bihurtu zen, eta berehala jarri zioten hangoek “pulodromo” izen esanguratsua. Margolana Mr Stoop-ek erosi zuen, 1919an Londresko Grafton Galleries delakoan erakutsi zuelarik Maeztuk, 9000 pezta ordainduta. Ez dakigu koadroa noiz itzuliko ote zen Maezturen eskuetara, baina hura hil eta, Lizarrari utzi ziolarik bere ondarea, berriz ere txoko batera gorde zuten, haren biluzi garbia helduek beste inork ez ikusteko moduan. Margolan honendako ez dago Estanislao María de Aguirrerera baino azkenhitz hoberik: “Gaixo zu Eva! Bost mila bederatziehun eta hemeretzi urteren ondoren, oraindik ere ez dizute barkatu egindako bekatu bakarra!”.

Calatañazor-eko Itsua. 1916

Calatañazor-eko Itsua. 1916

Urte hartan Maeztuk idazle lana ia erabat ahaztu eta ia erabat margolarolaritzari emana dugu, herrialdea goitik behera ibiliz, eredu berrien bila nahiz bere margolanak erakusten aretoz areto, Euskal Artisten Elkartearekin edota bere kabuz. Ikusminez jositako bidaiari eta aldi berean arduragabea, espiritu bohemiokoa eta ibiltaria, haizean barrundatzen zuen, eta han aurkitu lagunarteko mahaia, dudarik gabe izar ibiltariren batek gidatua, beti ere mahaira iristen baita solasaldi isilen tenorean. Estanislao María de Aguirrek hitz egiten digu aldarte maitakorreko Maeztu batez, baina maitasunez gabetua, ez baitu behin ere bere laguntasunaren arrastorik uzten “nahiz eta bere lagunarte gartsua berehala zabaltzen den bideetan barrena, bere gogo ibilzaleak ezinbestez agintzen dion lekurantz”.

Bere maletak eta karpetak besapean harturik Espainian barna ibili zen, hemezortzigarren mendeko bidaiariaren erara, bere herrialdearen barne muinaren bila. Ciro Bayok aholkatzen zuen bezala “ikusminaren babes santuaren pean” jarririk egin zuen ibilbide hura, berebizikoa izan zitzaion, bere artearentzat ez ezik, bere gogoarentzat ere. Euskal Artisten Elkarteak Gran Via etorbidean zuen aretoan, otsailaren 28an zabaldu zen talde erakusketa batean parte hartu zuen, bera ere haietakoa izaki. Orduko hartan hiru oihal aurkeztu zituen, emakumea zutela gai nagusi, hirurak ere formaren erliebeaz eta kolorearen liluraz sortuak. Bilboko prentsak zorionik beroenak eman zizkion Gustavori. Erakustaldi hartan, Alberto Arrúeren “Erromeriatik bueltan” koadroaren ondoan, Gustavoren “Catalañazorreko itsua” koadroa ageri zen, eta hala atera zuten egunkariek.

Erakusketa hura amaiturik, berriz ere Espainiako hiriburura joan zen Gustazo, apirilean. Orduan hiriburuko “La Tribuna” egunkariko aretoan jarri zuen bere lana ikusgai, Canalejas plazan. Halako arrakasta izan zuen erakusketak, itxiera hilaren 15erako aurreikusia egonda, hilaren 20raino atzeratu behar izan zuten. Madrideko “La Tribuna” egunkariko Gil Fillol kazetaria Maeztuk bizitzan zehar egindako lanaren jarraitzailea zen, eta goretsi egiten zuen ezinegon sortzaile eta bazter nahastailetzat zuen margolaritza mota hura; gauza larria horixe, berrikuntza bortitzegien lagun ez zirenen gogo epelendako. Maezturen koadroen aurrean hunkiturik ageri da: “gai jasoez hitz egiten digun azti baten aurrean bezala. Zer esaten ote digute margo bero horiek, indarrari dagokionez arabiarren zeramika lanen polikromia bizkorra beste parerik ez dutenak? Zein kolore ekartzen digute gogora jende gogor, geldo eta trinko horiek, Iparraldeko zeltiarren erako horiek?”.

Erakusketak 18 koadro aurkeztu zituen osotara, gehienak luze-zabalera handikoak. Haien artean “Eva” eztabaidatua nabarmentzen zen. Bilbon bazterrak astindu eta jendea gorriarazten zuen hura bera, Madriden artelantzat dute, egikeran berria, estiloan orijinala eta “esijentzia fotografikorik gabeko” errealismoaz margotua. Jendeari arreta eman ere, koloreen joritasunak eta Maezturen estetikan ongi zehaztuak diren beste bi ezaugarrik eman zioten: adierazpen indartsuak eta marrazkiaren zalutasunak. Gero eta gehiago izaera sinbolikoko margokera nagusitzen da Maezturen lanetan, ez onirikoa, uki daitezkeen gauzakiak beren indarragatik nabarmentzen dituelarik. Bere margokera, poliki-poliki, kutsu poetikoa eta erromantikoa hartzen ari da, eta hortik bere irudiek jasotzen duten espiritualitatea. Eskulturazko irudiak dira, Espainiako irudigintzan erroturikoak, batez ere Berrugueteren estetikan, hura miretsia oso baitzuen Maeztuk.

“El País” egunkariko kritikari Arturo Marik zionenez, “Los raros” artelanaren egile Rubén Daríoren lehiakide espirituala izan zitekeen Gustavo. “Rubén Erritmoaren profeta izan zen. Maeztu Kolorearen profeta da”. Juan de la Encinak dekoratzaile bikaintzat zuen Maeztu, baina sasoi hartan heldutasunera iritsi gabea, eta eskatu ere eskatzen zion gehixeago hausnartzeko formaren ikaskuntzaz, alegia: “ez emateko konpondutzat benetan erdizka kalkulatua besterik ez dena”. Kritikari honen aburuz, erakutsitako lan guztietan, alerik ere ez zen forma akatsik erakusten ez zuenik; zuzentzeko moduko gauzak, betiere, lana bukatzeko patxada handixeagoa hartuz gero”. Akats haiek, bestalde, kolorearen joritasunak estaltzen zituen. Gauzak horrela, “forma akats” horien egiazko arrazoiaz hitz egin beharko litzateke, izan ere, Maeztuk zerabilen margokerak ez baitzion aukerarik ematen errealitatearen xehetasunari, bere edukin sinbolikoa hondatuko baitzuen. Maeztu marrazkilari handia da, eta forman akatsa hala nahita egiten du, multzoari osotasuna ematearren, xehetasunaren ikuspegitik inola ere lortu ezin dena.

Aurkeztutako beste bi koadro ere horren erakusgarri dira: “Ijitoa dantzan”, soina erdi biluzik ageri duela, honetan eskulturazko forma bilatu zuelarik, kolorearekiko grinaz betiere; bigarrena, eskulturarako joera horixe bera ageri duen “Catalañazorreko itsua” lana. Juan de la Encinak nabarmentzen zuen honetan gizairudien atzean ageri den herriska begientzako festa zela. Beste koadro batzuk ere gustagarri suertatu ziren, esaterako “Vozmedianoko ezkongaiak”, “Flora”, “Encarnación” eta “La Serrana”. José Francések hiru pertsonaia ikusi zituen batean bildurik. Lehenbizikoan gentleman peto baten antza hartu zion Maezturi, Madrideko Palace Hotelean ezagutu zuelarik; smoking jantzita, ilea ederki orrazturik eta “bere esku zuri-gorri haiek, ongi zaindutako hatzazalak distiratsu, eskaintzen zizkizun modu doi berean eskaintzen zizkizun hitzak”.

Bigarren aldiz Bartzelonan topatu zuen, artilezko jantzi iletsua soinean, zetazko zapia lepoan eta “herritar gaixto horien zapelaren modukoa buruan”. Maeztu grina bizian zebilen, begiak gaixtakeriaz dir-dir zituela, solasean harrapaladan eta tetel egiten zuela, hain zegoen gainezka irtenbidea nahi zuten ideia geldiezinez. Gidari lanak egin zizkion José Francési Ataranazas izeneko auzoan, hartan ziren “lizunkeria guztiak eta ausarkeria guztiak” erakutsiz. Aurrerago Londresen aurkituko dugun Maeztu bohemioa da, pertsonaia berri bat bilatzen duena, humanoagoa, errealagoa, ez hain alegoriazkoa. Hirugarren aldiz lagunarteko kontzertu batean topo egin zuten, eta han Gustavo berri bat aurkitu zuen, “zurbila Pierroten moduan, Hamlet bezain pentsakor, arimaz jositako hitzak ahotsa dardarka esaten zituela, begiak malkoetan bustirik”. “La Tribunako” erakusketa bukaturik, Murtziara eramanen du bere izarrak. Han, ordurarteko bizimodu txarraren ondoren indarberritu zen, Estanislaok dioen moduan, kafea hartuz murtziar dirudun talde batekin, hango Kasino burgesean.

Estanislaoren hitzetan, “Txameloan aritzen da Auzitegiko presidentearekin, arratsaldetan koronel tripontzi batekin billarrean aritzen da. Bisigu jakintsu baten begiez begiratzen die Kasinoko panel hutsei. Haiek bete beharrez “La ofrenda de Levante” triptikoa egiteko ideia sortu zen. Espirituaren egonezinez, Espainia erdia zeharkatu zuen oinez, eta bere ibilbidea gorabeherez bete zuen. Sevillako Hermenegildo García Verdes margolariarekin batera, Soriako herrietan barna ibili zen. Kordoban ere izan zen, Hornachuelos herrian. Bidaia hartan margotu zituen “Ijitoa eta zaldia” eta “Mairua jarrita” koadroak. Nafarroan, Lesakan, Guardia Zibileko sarjentu batek atxilo hartu zuen, uste izan baitzuen, herri guztiak bezala, espia ilegorri bat zela eta hortaz, alemana. San Vicente de la Sonsierra herrian ere, Errioxan, zubi bat margotzen ari zela topatu zuen agoazilak, eta aurrekoaren arrazoi berberagatik eraman zuen atxilo. Herri guztia joan omen zen prozesioan espia ilegorria ikustera.

Euskal Artisten Elkartea. Madrid. 1916

Euskal Artisten Elkartea. Madrid. 1916

En Madrid y a instancias de Ramón Gómez de la Serna se celebró la Exposición de Pintores íntegros, que sirvió como introducción a las novedades que aportaba la pintura vasca.

El encargado de toda la selección y montaje será Gustavo de Maeztu; en representación de la Asociación de Artistas Vascos. Llevará a cabo todo el entramado de la exposición. Empaquetará los cuadros, los buscará en casa de unos y otros logrando conseguir todos los permisos necesarios.

Si peleó para el surgimiento de la Asociación, no menos lo iba a hacer para su difusión. Con un martillo en la mano y el chaleco fue clavando los cuadros en su sitio.

Gracias a su entusiasmo y a su actitud incansable, con su "alegría epiléptica y contagiosa", haciendo los honores de la casa, instruyendo a los visitantes, "atendiendo a las señoras y dando la voz de alarma a los camareros", consiguió un éxito pleno.

Logró reunir cerca de 250 obras, no faltando ningún aspecto del arte vasco contemporáneo. Se expusieron cuadros, esculturas, metalistería, vidriería, esmaltado y cerámica, dibujos, aguafuertes, proyectos arquitectónicos, etc. Sirvió, en definitiva, para mostrar el espíritu renovador que en esos momentos caracterizaba al arte que se realizaba en el País Vasco.

Como Asociación que era abierta a todas las tendencias del siglo y a las diversas manifestaciones del arte, se pudieron contemplar en esta muestra pictórica obras de toque neoclásico, con reminiscencias goyescas o velazqueñas, influjos cezanianos, enseñanzas del arte sintético y decorativo, impresionismo clásico y puntillismo, a la vez que artistas preocupados por los viejos pintores flamencos y alemanes o por la moderna concepción de la decoración en grandes masas sometidas a un ritmo monumental.

En esta exposición, una sala estaba reservada a mostrar los cuadros de Gustavo de Maeztu: "Las mujeres en el mar" y "La tierra española". Para José Francés lo reseñable de estos cuadros estaba en el tratamiento del color, tal como un escultor que trabaja los bloques de mármol, siempre resaltando la sensación de gigantescas esculturas pictóricas. Esta concepción de un arte suntuoso, amplio, en el que las figuras son tratadas como grandes bloques pictóricos y donde la materia adquiere calidad de "pompa", es lo que le lleva a José Francés a aplicarle el calificativo de "El Magnífico".

Maeztu se sentirá preocupado por el color, procurando al trabajarlo, darle el mayor destello posible. Consiguiéndolo a costa de cierta merma en la delicadeza de las gamas, acercándose (por que lo tiene como referencia), al mundo de Anglada Camarasa.

Por otro lado, la evolución lógica que siguió Maeztu, fue la de una obra madura, en la que el color, apagado algo de su robusto acento, se mostraba más armonioso, con una dependencia de tonos más intima y donde la forma aparecía más razonada en su trabazón.

Como era de esperar en este tipo de eventos, el rey Alfonso XIII acudió a contemplar la exposición de artistas belgas y la de artistas vascos, acompañado de su secretario particular, el Sr. Torres, y del pintor don Joaquín Sorolla. El rey, durante su visita, prestó especial atención al cuadro "La Tierra Ibérica", obra de Maeztu.

Con motivo de la exposición de Madrid, don Ramón del Valle Inclán pronunció una conferencia realizando un estudio sobre el mundo castellano, el levantino y el vasco (aunque entendiendo éste como una unidad étnica que abarca todo el Cantábrico). De estos últimos, destacaba su primitivismo, porque aún no se habían desenvuelto, "aún no pueden mirar atrás, a una época anterior, ni tienen tampoco una ciencia aprendida de ajenos. Y por esto son primitivos... tienen todavía un sentido juvenil, miran adelante y son impulsados por el logos espermático, por la razón generadora".

Bartzelona. 1917

Bartzelona. 1917

Lehen Mundu Gerra Europako lurraldeak suntsitzen ari zen, eta neutrala zela adierazitako herrialdean hainbat kontzientzia esnatzen, baina zenbait estamendu sozial aberasten ari ziren Europako odol isurketaren bizkar. Espainiako intelektualitatearen zati handi bat gatazkan aliatuen alde eginez parte hartzearen aldekoa zen. Apirilean intelektual talde batek, politikari eta industrariek, poeta eta artistek ere bai, aliatuen aldeko adierazpen bat sinatu zuten eta, horrek sortu zuten giroak 1917an Bartzelonan egin zen Arte Frantziarraren erakusketa eragin zuen.

Euskal Artisten Elkarteak behin Madriden erakusketa egin ondoren, hurrengo ateraldia ez zitekeen izan Bartzelona besterik. Madrid garrantzitsua bazen Espainiako hiribura izateagatik, Bartzelona zen penintsulako abangoardia artistikoen gune, Madriden aurkakoa hain zuzen, hau klasizismoaren gune baitzen. Bartzelonako Galerias Layetanas delakoan, "Les Arts i els Artistes" talde katalanaren egoitzan egin zuten erakusketa 1916ko abenduan eta 1917ko urtarrilean. 182 lan jarri zituzten ikusgai. Erakusketa adierazpen politiko bihurtu zen, eta ezin bestela izan, izan ere, bi aldeetan pil-pilean zegoen nazionalismoak adierazpen artistiko oro bereizgarri gisa aprobetxatzen baitzuen. Nola Katalunian hala Euskal Herrian margolaritzan aritzeko modu berrien jabe egin ziren, baina beren izakerari egokituz. Valle Inclánek zioen bezala, nortasun artistiko batek aurrera egiteko, besteen nortasun anitz bildu behar ditu, baina batu egin behar ditu, ez banaturik mantendu. Honek berdin balio zuen artista katalan eta euskaldunentzat. Hori dela eta bi "eskola" hauen antzekotasunak.

Maeztu eta bere lagunak Bartzelonan izan ondoren eta elkarrekikotasun atseginean, Santiago Rusiñol margolari katalanak, Euskal Artista Euskaldunen aretoan jarri zituen erakusgai bere lanak martxoaren 24tik apirilaren 14ra. Bilboko ikuslegoari ikusmin handia sortu zion erakusketetako bat izan zen hau. Lagina zela eta, lagun talde batek omenaldi bat eskaini zion Artxandako txakolindegi batean. Parte hartzaileen artean han zen, nola ez bada, Gustavo, eta iparraldeko lainoez ari ziren orrialdetxo "zorrotz" batzuk irakurri zituen. Festak kritika ugari jaso zituen, parte hartzaileak abarkaduntzat joz; izan ere "ikuilu usaina" zuen euskalduntasunetik edan nahi izan baitzuten, Maeztuk gai hauen inguruan zuen pentsamoldearekin bat ez zetorrena. Hemendik aurrera Maezturen bilakaera logikoa zera izanen da, koadroak mihisetik ateratzea hormaratzeko, baina hogeiko hamarkadaren bukaeraraino itxaron beharko dugu amets hau egia bihurtzeko. Bi konnotazio izanen dituen hormaratzea egiten zuen: bata izaera sozialekoa (artea herriarengana hurbiltzea den heinean) eta izaera historikokoa bestea, ia ia arkeologikoa esan genezake, margolaritza bere oinarrizko euskarrira, hormara, itzuli nahi duen heinean.

Maeztuk berriz ere Bartzelonan eginen du erakusketa. Oraingoan galerías Layetanas delakoan, non Euskal Artista Euskaldunek antolatutako kolektibo batean izana baitzen urte hasieran. Bartzelonan bere bidai ugarietan ohikoa izanen den bezala Oriente hotelean hartuko du ostatu, Café Gran Continentalera ere maiz joanez. Osotara 14 olio eta 11 marrazki erakutsi zituen hartan, gai nagusi erretratua zutela, eta ikatziriz eginak. Erakusketa ekainaren 15ean zabaldu zen, eta Guardiola margolariaren lanak ere baziren bertan. Une hartan erakusketak pil-pilean ziren Bartzelonan. Apirilaren 23an “Exposición darts Francais” izenekoa zabaldu zuten, bertan 1.458 artelan zirela ikusgai, XIX. mendeko azken hamarkadetako joerak bildurik. Bartzelonan berehala egin zen Café Continental-eko bezero, intelektual eta burges ugariko giroan. Miguel Utrillo-ren eskutik sartu zen hara. Hau arteen mezenas horietakoa zen, eta Sitges hiri ederraren “asmatzaile”, han bildu baitzituen garai hartako hainbat margolari eta idazle, besteak beste Rusiñol eta Casas. Miguel Utrillo jaunak bereganatutako margolan bilduma handia publikoari erakutsi zitzaion 1933 eta 1934 bitartean Sala Parés aretoan. Egileen izen ospetsuetako batzuk aipatzearren, han ziren, Nonell, Casas, Clará, Opisso, Sunyer, Dalí, Bagaría, Pasqual, Cabanyes, Mir, Picasso eta Maeztu.

Bartzelonako gauetan, aunitzetan Franzisko Iribarne “La Lucha” egunkariko zuzendariarekin, eta Martzelino Domingorekin ere bai, Paraleloan zen Café Español izenekora joaten zen, lerrouxzale giroko ostatua, konspirazio antimonarkikoetarako leku egokia. Maezturen arabera han ezagutu zuen “Noy del Sucre” zeritzana, Salvador Seguí alegia. Hau anarcosindicalista espainiarra zen, CNTren sortzaile eta zabaltzaileetakoa, 1909ko uztaileko “Semana Trágica” delakoan buru belarri aritu izandakoa. Maeztuk gizaki berealdikotzat zuen hura, eleberrietako pertsonaiatzat. Bartzelonan hilen zen, hogeiko hamarkadaren hasieran hiria ikaratu zuen pistoleroen arteko gerran erahila. Egunsenti aldera, Santiago Rusiñol lagun zuela, edan eta irri egiten zuen Maeztuk “sofistikazio eta baikortasunez gainezka eginik”, Rusiñol sardana kantari aritzen zen bitartean, puru bihurri bati atxikirik, bere Pernod aldean zuela, beti ere.

Une hartan Bartzelonan bi margolari handi zeuden. Bat Francisco Iturrino zen, zenbait lan erakusten zituena, beti ere Bartzelonako kritikarien begikoa bera. Bestea Picasso zen, “diabolikoa” goitizena jaso zuena, “Parade” balleterako berak egindako eszenografiak Espainian barnako ibilbidea hasten zuen unean. Han elkartu zirela eta, antzeko espiritukoak izaki, une egokia ikusi zuten eta hiruen omenezko oturuntza prestatu zieten, hirugarrena Gustavo zela. Estanislao Maríaren hitzetan, “arrakasta polita” lortu zuen Gustavok bere erakusketarekin. Bilbora itzuli zenean, abuztua zela, iraultza giroa da nagusi bazterretan, eta Maeztuk “armairua ireki eta bere pistola zaharra atera zuen berriz ere, El Motín-eko orri batean bildurik zuena”. Orueta kaleko tailerrean ari ziren lagun talde bat eta, gorputza edari pixka batez berotu ondoren, San Francisco-ko kuartela erasotzera joatea erabaki zuten. “Komite sekretu” hartan ziren Massip, Ramón López Chico, Murciano “El Sol”-eko publizitatearen errepresentantea eta beste hainbeste pertsonaia, baina ez digu Estanislaok haien berririk ematen.

Erasoa jotzera zihoazela, iraultzaile taldean, Gustavo egonezik dugu, saihetsetik alde egin nahian bezala. Ideietan gero eta gorago dabil Gustavo, gero eta finago, baina ekintzan gero eta dudakorrago, ahulago eta beldurtiago. Barne haustura horrek izugarrizko mina eta lotsa ekarriko zizkion gure Gustavori, orain agertzen baitzaigu Alphonse Daudet idazleak asmatutako Tartarin haren modura, erdi Santxo erdi Kixote, gizaki modernoa sinbolizatuko duen pertonalitatea hauxe, bestalde.

Londres - (1918 - 1922)

Londres (1918 - 1922)

Gustavori zaputza eragiten dio gero eta gehiago Bilbok, eta esan ere esanen du gauza askorengan duela fedea, baina ez bere hiriarengan, aitortzen baitzuen bere koadroak ezin zituela bertan saldu, “hau ez baita nire erresuma, hemen ez dakite arteaz”. Maeztuk ez zuen parte hartu Pariseko Petit Palais-en, apirilaren 12an zabaldu zen Espainiako Artearen Erakusketan, Euskal Artisten Elkartea gonbidatuen artekoa bazen ere. Zaragozan maiatzaren 20a eta ekainaren 22a bitartean egin zen erakusketan ere ez zuen parte hartu. Abentura berri batean dabil buru belarri murgildurik Maeztu, bidaia berri batean, oraingoan bere artista lanean hagitz mamitsua suertatuko zaion bidai batean, hain zuzen. Bilbo hiriaz asperturik, lanabesak eta egindako lanetako anitz hartu eta Londresera joko du, beretzat bete-betekoa ikusten baitu hiri hura. Parisen ikasitakoa gutxi izan bazen, ez zen gauza bera gertatu Londresen, hara heldutasun osoan joan baitzen, eta bilatzen zuena argi eta garbi zuela.

Gogobeterik joan zen Gustavo Ingalaterrara, eta zoragarritzat jotzen duen herri harekin osotara bat eginik. Tristurak eta gogaitzeak gain hartu zioten aldi arriskutsu baten ondoren zihoan hara. Han topatuko zituen jendeak, tabernaria, kafe saltzailea, hordia, hemengoak bezalako aleak izanen dira “xaloak beren astoan”. Ez zituen berdin ikusiko hango politikariak, ordea, higuingarri hutsak baitziren haiek bere ustetan. Londresen, Chelsea auzoko Cheyne karrikako 62an ezarri zen bizitzen Gustavo, eta lantokia ere hantxe antolatu zuen. Arrakasta handia lortu zuen koadroen salmentan, eta hark bide eman zion bizimodu atseginaz gozatzeko, bizitza onaren filosofia tradizionalean murgildurik. Parisen museoak ibiltzen bazituen, Londresen tabernak korrituko zituen, baina pinakotekak ere ahaztu gabe, han kopiatu baitzituen bere deskubrimentu biren lanak, Reynolds eta Van Dyck-enak, alegia. Parisera laguntza eske joan bazen, hasi berria zuen arte ibilbiderako irizpide bila, Londresen bizitzaren ezagutzari emana dago, margolaritza berritzeko beharrezkoa duen kosmopolitismo baten bila.

Grafton Galleries aretoan erakutsi zuen bere lana 1919ko abenduaren 6tik 30era, osotara 147 lan, olio eta marrazki lanak. Erakusketa hartan penintsulako paisaia eta jendeen artean egindako ibilbide zabala jaso zuen, Andaluziatik Euskal Herrira, Estremaduratik Aragoira. Han ziren nabarmen, ezagunak baitziren ordurako, “Flora”, “Samariarrak”, “Vozmedianoko ezkongaiak”, “Amodioaren Sibila”, “Eva” eta “Iberia” hirukoitza. Azken hau Londresko Centro Español delakoan geratu zen, Cavendish Square-n, emakumea jasotzen zuten beste bi margolanekin batera. Chelsea artista auzoa zen, eta hantxe itzaltzen zituen bere minak whiskyaz Gustavok, arratsalde hitsetan Picadilly edo Hyde Park-era joz, edota gauak Ciro's Club-ean igaroz (hango giroa hartu zuen margo batean), Covent Garden-en, Hydemarket-en edo Savoy-n, guztiak ere goi mailako jende dotoreendako lekuak.

Londres-en ez zegoen isolaturik, maiz etortzen zitzaizkion lagunak Espainiatik, Alejandro de la Sota edo Félix Ortiz esaterako. Behin, Alejandro de la Sotarekin Royal Coffee-en afaltzen ari zela, kontu kontari, maitemindua zegoela aitortu zion Maeztuk lagunari. Kopa altxaturik topa egin zuen “bere azken lodiaren osagarri, bere maitearen osagarri”, eta barrenak hustu beharrez maitemindurik zegoela aitortu zion, negar batean, “malkotzar handiak darizkiola bere kopa beti ere hutsean”. Amodiozko minak min, etengabe aritzen da lanean eta margolaritzan Maeztu. Bere ikuskera gehiago zehaztea lortzen du, samurragoa egitea, eta bere margoaren gamak aldatzen hasi zen. Parisen ari zenean Anglada Camarasa margolaria zuen helburu, eta orain Londresen, berriz, Wistler amerikar margolaria izanen du. Haren formak baino, haren atmosfera irizpideek eraginen diote Maezturi, bere sentsibilitatean barneraturik. Wistlerrek badu bere lanean alderdi poetikoa, musikala, kolorea ez da begien joaldien menpeko, nahi erara agertuko da, norbanakoaren eta munduaren arteko armonia unea jasotzekotan. Wistlerren kolorea ez da begien bistakoa, poetikoa da, iradokigarria, esanahi espiritualez betea eta nolabait sinbolikoa. Margolari harekin zuen bigarren kidetasuna, biek ere Turner margolariarekiko sentitzen duten miresmenean datza: haren lirismo kolorista eta haren musikalitate kromatikoa. Maezturen aburuz, Turnerrekin hasi zen margolaritza modernoa.

Erresuma Batuko kritikari itzaltsuenetako batek, P. G. Konodyk alegia, Ingalaterran eraginik handiena zuen “The Observer” iganderoko aldizkarian idatzi zuen Maeztuk Grafton Galleries-en egin zuen erakusketaren gaineko iruzkina. Batez ere erreparatu zien koadroetan agerikoak ziren osagai etnikoei, haren ustez horrek galarazten baitzion margolariari margolaritza unibertsalago bat egitea, gauza izanen dena “munduko bihotz apalenak hunkitzeko”. “Basque painter” eta “Castillaine” bezalako hitzak zerabilzkien kritika hau ez zetorren bat noski Maezturen asmo artistikoarekin, orain buruan zuen leloa hauxe baitzen, bere tradizioari men eginik lan egiten duenak bere sentsibilitatearen adierazpena mugatzen duela. Picadilly-ko Hapenrodd etxe alemaniarrean, hagitz merke balkaltzeko modua eskaintzen zuen lekua baitzen hura, ekialdeko jendearen misterioa somatzen hasi zen Gustavo. Haien begien mugimenduei erreparatzen zien batez ere, xehetasunez josiriko hizkera adierazten baitzuten begi haiek, barne bizitza baten agerkari. Txinatarrak hagitz pertsonaia iradokigarriak dira, errealitatea eta ametsaren arteko mugan kokatzen direnak, eta arrasto sakona utziko dute gure margolariaren gogo sukartsuan. Pertsonaia haietan sakondu, eurei erreparatu eta eurei buruz gogoeta eginaren eginaz, azkenik erabat bereganatu zituen.

1920ko otsailaren 2tik 17ra Londresen erakutsi zuen, New Bond Street-eko 118an ziren Walkers Galleries-en. Osotara 57 lan aurkeztu zituen, margolan, pastel eta marrazkiak. Oliolanetan lehen aldiz agertu zen “Pierrot tabernan” koadroa, eta bere lan gorenetako bat, “Gaueko musa”. Erakusketan aipagarria da gai espainola dela nagusi koadro haietan, paisaiak batez ere. Ez da, ordea, gauza bera gertatzen pastel eta margoetan, haietan Londres-en bizi ziren lagunei egindako erretratuak, edota biluzi, paisaia eta bestelako irudien lansaioak baitziren gehienak, guztiak ere gai espainola dutela oro har. Londresen erdietsitako arrakastak Erresuma Batuko beste hainbat lekutan erakusteko aukera eman zion. 1920ko otsailean Sheffield-eko Udal Museoan paratu zituen ikusgai bere koadroak, “Mappin Art Gallery” izenekoan, museoko jagoleak gonbidatua. Martxoan berriz, Leed-eko Udal Museoan egon ziren koadro haiek berak, hara gonbidatu baitzuen museoko zuzendariak. Apirilean, gonbite berdina egin zion Hull-eko Udal Museoko zuzendariak.

Prentsak eta kritikaren zati handi batek Maezturen lana hartu zuen begiko, eta hitz ederrak esan zituzten, batez ere The Outlook, The Observer eta The Challenger aldizkariek, azken honek “Indarra” lana erakutsiz, kritikaren interesa bereganatu zuena, hain zuzen ere. Londresen giza-eredu berriak eta paisaia berriak bildu zituen, ondoren, eta bere estudioko giro lasaian, mihisera eramateko, hasierako zertzeladetan jasotako guztia islatzeko. Zati bakoitzari zegozkion koloreak, egunaren arabera erantsi behar zituen argi efektoak, egunsentia izan, eguerdia edo ilunabarra, guztia adierazten zuen oharretan marrazki albumean. Ondoren, estudioan, bere fantasiari atxikitzen zitzaion eta margo ederrak sortzen zituen, erralitatea bera gaindituz. Bere koadroak nobelagile baten moduan lantzen zituen, oharretan jasoz ondoren garatu nahi zituen ideiak, haiek edertuz kontaera osatzeko. Hasitako lan haietako asko handik urrun amaituko zituen Maeztuk, Bilbon zuen estudioan. Irudi lezake gaitik urrundu beharra dagoela, atzera ere zehazteko han jasotako sentsazioak eta lan berri bat osatzeko.

Maeztu oreka egokiagoan itzuli zen Londrestik, teknika bareagoa eta sentsibilitate zorrotzagoaren jabe dela. Alejandro de la Sotaren ustetan, Gustavok gailurra jo du, are gehiago, haren margokera Zuloagarena baino indartsuagotzat jotzen du, azaleko gauzak gainditu eta pertsonaien izaeran sakontzen baitu. Oraintxe hasiko da gure artistarentzat argitasun garai bat, non bere kalitatea eta izena aitortua izanen baitira, batez ere Euskal Herritik kanpo.

París, Guernica, Madrid, Amsterdam (1922-1925)

París, Guernica, Madrid, Amsterdam (1922 - 1925)

Londresko egonaldiaren ondoren, Parisera joan zen Gustavo 1922ko maiatzean, han bere lana erakusteko asmoz. Aukeratutako lekua Devambez Galeriak dira, Boulevard Malesherves karrikako 43an. Bilboko Editorial Vasca argitaletxean egindako katalogo mardul bat berarekin zeramala joan zen hara. Bertan, bere lan aukeratu sorta biltzen zuen, eta haiekin batera testu anitz, ia guztiak ingelesez idatziak, Londresen emandako denboran jaso zituen kritiken laburpenak. Testu bakarra zen frantsesez idatzia, 1916an Euskal Artisten Elkarteak Madrilen egindako erakusketa zela eta, Valle-Inclanek idatzitako testuaren itzulpena, alegia.

Erakusketa hainbat sailetan banatua zen, paisaiak alde batetik, erretratuak bestetik, eta azkenik konposizioak, osotara 33 margolan eta 38 marrazki. Han erakutsi zituen, besteak beste, “Indarra” eta “Ordena” koadroak, eta hauek jasoko zituzten kritikarik onenak, beren kualitate intelektualagatik eta beren errebeldia finagatik. Haiekin batera, “Pierrot Tabernan” egin berria, “Evening party”, “Klubeko figurak”. “Ekialdeko emakumea”, “Andaluzia”, “Vozmedianoko ezkongaiak”, “Pasioa”, “Zirkuko figurak” eta “Apatxe bikotea” han ziren. Prentsa adituak haren paisaiak laudatu zituen, kanpo mundu estatikoaren eta aldi berean bere barne munduaren interprete bikaintzat joaz Gustavo. Izan ere, José Francések zioen moduan, haren konposizio lan guztiak paisaien gainean margotuak dira, haiek baliatzen ederki baitzekien Gustavok. “Pertsonaia biziak haien gainean irudikatu behar baitziren, aurrez eta kontrajarririk, emaitza are dramatikoagoa gerta dadin”. Hogeita bost egunez luzatu zen erakusketa hark, prestaketa eta, batez ere, propaganda eskasak izan zituen hasieratik, eta arrazoi hauexengatik ez zitzaion eman Gustavok hargero merezi adinako garrantzia.

Izan ere, publizitate faltaren ondorioz, erakusketa mintzagai zuten artikuluak hura amaitu ondoren argitaratu baitziren Parisko hedabideetan. Madrilgo prentsak ere bildu zituen erakusketaren eta haren porrotaren aipamen zenbait, zera argituz ordea, porrota ez zela izan artistaren kalitate faltaren ondorio, baizik eta Espainiako erakunde ofizialek Parisen eskainitako laguntza faltaren eta atzerrian Espainiak zuen propaganda eskasaren ondorio. Berriz ere argiaren hirian ibilki eta, berriz ere ezer gutxi aterako zuen handik. Beharbada, han motibagarri suertatu zitzaion bakarra Frantziako Kolonietako Artearen Erakusketa izanen zen, egun haietan zabaldu baitzen hura ere. Cabagny maskarak eta Dogon eskulturak bereziki erakargarriak gertatu zitzaizkion, eta erosi ere erosi zituen hainbat, bere estudioan zintzilik jarri zituenak, Txinako farol txikiekin batera.

1922ko irailaren 10ean, Eusko Ikaskuntzaren III Biltzarrari Gernikan eman zitzaion hasiera. Aurreko biak Oñatin 1918an eta Iruñean 1920an izan ziren, hurrenez hurren. Hirugarren batzar honen zuzendariak Julio Urkixo eta Angel Apraiz izan ziren, azken hau Bartzelonako Unibertsitateko Artearen Historian katedraduna. Gertaeraren haritik bi erakusketa zabaldu ziren Gernikan, bat bertako jantziena, eta bestea, Arte Ederretakoa, margolanak, eskulturak eta grabatuak biltzen zituena. Aita Agustindarren Gernikako egoitzan egin zen irailaren 10etik 17ra. Bere izen ona zela eta, erakusketan eta antolaketa lanean aritu zen Euskal Artisten Elkartea, Arte Ederren Museoaren juntarekin elkarlanean. Gernikako erakusketara 6 koadro eraman zituen Gustavok, haietako bat “Euskal lurra” lan egin berri-berria, prentsan agertu zen moduan esanda. Teknika berrien ikerkuntzan langile nekaezina, ordurako ahaztuxea zegoen lanbide zahar bati atxikitako gizakiarekin lotu nahi izan zuen lan hau Maeztuk. Artelana osorik, mihisea eta markoa, bat eginik aurkeztea zen kontua. Horretarako mailuz landutako larrua eta urreztatuaren teknikak baliatu zituen, Kordobako “guadamezi” teknika alegia, “Omeya-ren esku nagiak arabeskoetan suaz lantzen zuena”.

Erretaula erara sortutako lan hura (Madrilgo prentsak, gertaeraz ari ziren lerroetan “Herriaren espiritu erlijiosoa irudikatzen duen erretaula” aipatzen zuen), Gustavoren estudioan osatu zuten erabat 1922ko iraileko hasierako egunetan, eta Biltzar hartan jarri zen lehen aldiz ikusgai. Gustavoren triptikoa dudarik gabe erakusketa hartako margolan arranditsuena zela esan dezakegu. Zuazagoitiaren hitzak ekarriz, ospatu beharra zen margolaritza atzera ere hormara etorri izana, alegoriek zabalera eta oihartzuna izan zitzaten, Gustavok bere lanetan hala behar baitzuen. Orain nabarmenagoa da bere joera arte handiaren zalea, astoan margotzetik hormara egin baitu jauzi, gero eta hurbilago jartzen gaituelarik bere ametsetako margolaritza muraletik. Maezturen espiritu sortzaile, handinahi eta suharrak bide berriak zabaldu beharra zuen nondik edo handik. Eguneko grina berri batek harrapatzen zuen, nonbait ere, eta uda hartan erretaula izan zen emaitza. Zeinen hurbil duen Maeztuk bere lanak kanpora ateratzea, bere arteari gizarte edukiak erantsi eta, hala, esanahiz josia amaitzea! Horregatik lan honek, lehenagoko beste hainbatek bezala, itsu-karteletik badu zerbait, ongi araztu eta ondutako kartela, izan ere.

Triptikoa hiru paneletan egina da, erdikoa arraunlariak betikotzen dituena, eta alboetakoak txikiagoak, “erreguka ari direnen teoriak biak ere”, mendi magalean goiti, baseliza banaz burututako muinoetarantz. Niezsche filosofo alemanaren esaldi bat ateratzen zuen noizbehinka Gustavok, esateko “Eguzkiak, itsasoko ostertzean murgiltzera doalarik, arrantzalerik xumeenaren eskuetan ere urrezko arraunak paratzen ditu”. Esaldi honek biltzen du hobekien koadroaren filosofia. Erdiko mihisea, txalupa arraunez gobernatzen ari diren itsasgizon batzuek osatua da. Basterraren hitzetan, “iparraldeko margolaritzaren ezaugarriak erarik ausartenean islatzen direneko euskal margolaritzaren puska da berau. Bihotz grinatsu batek margotua da, erritmo kolpe bortitzez. Indarrak gainezka egiten die gizon arraunlari horiei beren begirada magnetikoetan eta borborka isurtzen diren kantu ozenetan”. Triptiko hau, zalantzarik gabe, euskal eskolaren emaitzarik gailenetakoa da”.

Ondoren bilbotarrentzako ikusgai jarri zen triptikoa, Filarmonikoaren ekitaldi aretoan, azaroko hilabetean, izena aldaturik orduan, “Euskal lurra, lirika eta erlijioa”. Triptikoa Euskal Kulturaren Batzarrak erosi zuen. Ekainaren 25an margolana Bizkaiko Aldundiaren jauregian jarri zuten, bigarren pisuko galerietako batean. Hainbat urtez kanpoan izan ondoren, Madrilera itzuli zen Gustavo de Maeztu. Oraingo honetan Arte Modernoko museoan erakutsi zuen bere lana, ekain-uztailetan. Erakusketaren osagarri, hitzaldia eman zuen Gustavok museoaren erakusketa aretoan, “Txinatarrei buruzko fantasia” izenburupean. Espainiako artearen eta literaturaren etorkizunari begira, pesimista aurkeztu zuen bere burua Maeztuk. Egonezina, irudimena eta borrokaren hutsa somatzen zuen, uste baitzuen hagitz jende gutxi zegoela prest goseak hiltzeko, ideia estetiko batengatik.

Madrilen, indar berria ekarriko zuen egunkari baten hutsa somatzen zuen, panorama urri eta abaildu hartan gogoeta berria ekarriko zukeena. Hitzaldiaren amaiera aldera, esperantza izpia erakutsi zuen: “Lan egin dezagun, amets egin dezagun eta bizi gaitezen bizitzak garamatzan bidetik, alderrai antza inoiz, alai batzuetan eta triste samar besteetan”. Londresera joan zenean, Gustavori gogoa kilikatzen zioten gauzetako bat, margolaritza berri bati heltzea zen, kontzeptu intelektualetatik urrundua eta kontzepzioei irekiagoa izanen zena, hunkidura beste guztiaren gainetik jarriz. Hala, ikuspegi honetatik, teknika bitarteko bihurtzen da, goiburu bat lortzeko baliagarri. Zalantzarik gabe, margolaritzan hunkidura lortzeko teknika landua behar da, eta ukaezina da hau bazuela Gustavok. Hala ikusiko zuten Madrilen erakutsitako lanak ikusi zituztenek, teknika eta hunkiduraz gainezka baitziren koadro haiek, teknika kontu handiz ezkutatua, leku nagusia hunkidurari uztekotan. Adibiderik onena, aurreko urtean Londresen margoturiko “Pierrot tabernan” koadroa izan zen, izan ere, hunkigarria eta aldi berean teknika nabarmenekoa baita.

Londresen hain erakargarri izan zitzaizkion txinatarren margoak erakutsi zituen Maeztuk orduko hartan. Zientzialariaren temaz aztertu zituen ekialdeko bere lagunak, euren izakeran barneratzeraino, eta ezezagunaren aurrean uzkur agertu ohi ziren haien hertsitasuna, gizon jakintsuaren zuhurtasunaz gainditu zuen. Maeztuk margotutako txinatarrak beharbada margotzen zailenak dira. Txinatar horien aurpegietan gogortasuna, zitalkeria eta, Ramón Gómez de la Sernak zioenez, euren herriko esan zaharrek eman ohi duten jakinduria ere ageri dira. Erakusketa honetan hainbat paisaia ere aurkeztu zituen: “Castrojerizko ordeka”, “Ilunabarra Bastidan” eta “Oñatiko bazter bat”, Gaztelaren ikuspegia berak ulertzen zuen moduan eskainiz. Koadro hauetan fondoen gozotasuna gailentzen da, bere lanean hain ohikoa den bigarren mailako gauzen baretasun hori, alegia. Osakera deskriptiboarengatik nabarmentzen zen beste margolan baten izena “Atsedenaldia Sierra Morenan” da. Aurrekoez gain, han ziren ikusgai “Amodioa Tabernan”, “Zirkuko figurak” eta “Gaueko kafetegitxoa”.

Olio lanen bildumaren ondoan marrazki sail joria ere erakutsi zuen, beti ere koadroen ezaugarri berberak zituztenak: arkitekturazkoa eta apaingarria, bizkortasuna eta lasaitasunaren arteko nahasketa bitxia erantsita osotasunari, akademizismo printzak, eta are kubismoaren zerbait ere bai. Bere marrazkien artean nabarmentzen ziren “Pierrot”, “Gerraren izua”, “Itsasoko emakumea”, “Emakume zuriduna”, “Ederra eta desioa”, “Poetak”, “Gaueko musa”, “Don Juan” eta “Moxalak”. 1924ko otsailaren 9an erakusketa berria zabaldu zuen Madrilgo Salón Nancy aretoan, Carrera de San Jerónimoko 40an. Osotara 18 artelan erakutsi zituen, haietatik sei erretratuak eta gainerakoak Santanderko paisaiak, haien artetik nabarmen “Lehorreratzea laino artean” eta prentsak “haren fantasia kromatikoak” deitu zituenak, esaterako “Nire katuaren gaineko fantasia” koadroa. Erakusketa itxi baino egun batzuk lehenago beste lan bat eraman zuen, “Arkitektuaren erretratua” izenekoa hain zuzen. Erakusketaren zabaltze ekitaldira handiki anitz joan ziren, besteak beste Herbeheretako enbaxadorea, Indalecio Prieto jauna, Margarita Nelken, Alcántara, Vegué, José Francés, Méndez Casal, Vázquez Díaz, eta hainbat kritikari eta artista.

Bilbon atzera ere, abuztuaren 27a eta irailaren 15a bitartean, Euskal Artisten Elkartearen aretoan jarri zituen ikusgai bere lanak Gustavo de Maeztuk, azken udaberrian Euskal Herrian, Katalunian eta Gaztelan margotutako paisaiak, eta pertsonaia txinatarren irudi bilduma bat ere bai. Handik pixka batera, urriaren 25ean, Gustavok berak eta Elkarteko kide guztiek luze esperatutako proiektua gauzatu zen Bizkaiko hiriburuan: Bilboko Arte Modernoaren Museoa zabaldu zen. Hiru areto zituen museoak, ez oso handiak, eta bulego bat zuzendariarentzat, Aurelio Arteta margolariarentzat, alegia. Garaikidetasunez aritzeko asmotan sortutako museo honen erronkarik handiena, abangoardiako eskolei eta bertako artistei zalantzarik gabeko lehentasuna ematea zen, eta beraz, haien bilduma ahalik eta osoenak lortzen eginen zituen eginahalak. Horrenbestez, areto haietako hormetan Regoyos, Iturrino, Arrúe, Maeztu (“Calatañazorreko itsua”), Uzelai, Tellaeche eta Echevarriaren koadroak ziren ikusgai, eta beirategietan Ricardo Arrueren esmalteak eta Paco Durrioren urregintza lanak. Eskultura ordezkatuz Nemesio Mogovejoren soinburu bat zegoen.

1925 hasi berria zela, Europan barnako abentura berri batean murgildurik dugu Maeztu, atzera ere. Amsterdamgo Udal Museoko zuzendari Beard jaunak gonbidaturik, bertako ohorezko aretoan jarri zituen ikusgai margolan eta marrazki bilduma bat, 60 osotara. Gustavok esan zuenez, museo hura “munduan diren udal museoetarik ederrenetakoa da”. Erakusketa arrakastatsua suertatu zen, bai kritika aldetik bai salmenta aldetik. Mensing jaunaren galeria pribaturako, Muller Etxeko kudeatzailea baitzen bera, garai hartako koadro salerosketa handienak egiten zituena, “Zaldiak Mediterraneoan”, “Lainoa La Barqueran” eta “Ilunabarra Escalan” koadroak erosi zituzten. Gainera, otsailaren 8an hertsi ondoren, gonbidatua izan zen Arnhen herri txikiko Udal Museoan erakus zitzan bere lanak, Rhin ibaiaren ertzetan.

Londres bere izakeraren luzapen gisa zuen Gustavok, baina Herbeheretako hiriak erabat liluraturik utzi zuen. Izan ere, itxura guztietako pertsonak gora eta behera ibiltzen ziren munduko bidegurutze hartan, benetan han tematu zen osotara “txinatarraren irrifar betierekoarekin eta haren begien bizitasunarekin. Zer esan nahi digu txinatarraren irrifarrak? irri egiten al du, mespretxua, gorrotoa edo zurikeria adierazten ote du?”. Etxera itzuli zenean, irailean, artista mordo batekin batera gonbitea hartu zuen Hondarribiko Udalak antolatutako Euskal Jaietan erakusteko. Arte Ederretako erakusketa Biteri eskolako zazpi gelatan jarri zen, osotara bildu zirelarik hirurogeita hemezortzi koadro, hemeretzi karikatura, hogeita hemezortzi argazki, hamabi eskultura, arkitekturazko hogeita hamabi plano eta aurreko bista eta zurez egindako hainbat karikatura. Erakusketa partaide ziren Zubiaurre anaiak, Ignacio Zuloaga, Ricardo Baroja, Errazkin, Zabala, Telletxea, Beobide, Olasagasti, Vázquez Díaz, Bienabe Artia, Uranga, Rojas, Bueno, Kaperotxipi, Montes Iturrioz, Landy, Zamorano eta “Kri-to”, bestak beste.

Gustavo de Maeztuk lan bakarra aurkeztu zuen zertamen hartara, “Harlem-go errota” izenekoa, hain zuzen ere, Herbeheretan hasitako lan ildoa gogorarazten diguna. Kritikariek ez zuten begi onez ikusi egilearen aukera, haien ustez koadro hura ez baitzen artistaren ezaugarri beteenetakoa. 4. aretoan karikatura egile argazki zaleen lanak ziren ikusgai. Kri-to karikaturistak pertsonaia garrantzitsu hainbaten irudiak aurkeztu zituen, haien arteko bat Gustavori buruz zuen ikuskera berezia islatzen zuena.

Salamanka. 1926

Salamanka. 1926

Manuel Angoso salmantinoa eta bere familiarekin zuen adiskidantzari, eta Villalobos jaunarekin zuen harremanari esker, hura Madriden ezagutu baitzuen, Salamankako Kasinoan erakutsi zituen bere lanak Gustavok, 1926ko urtarrilean. Lazaro txikiaren lurretan, Kasinoko solairu nagusiko areto noblean jarri zen erakusketa. Aretoaren apaingarri, hainbat kutxa, oihal “txarroak”, Cantalapiedrako alfonbra zaharrak, larruz jantzitako Kordobako aulki erosoak eta antigualeko lorontziak, Manuel Angoso, Angel Vázquez de Parga eta Alberto Losada jaunek emanak, besteak beste. Giro hartan erakutsi zituen, bada, eramandako 24 artelanak, olioak eta marrazkiak, guztien artean bere egile lanaren atzera ikuspegi ongi osatua eskaintzen zutelarik.

Gainera, erakusketak haren ibilbidea eta haren eraginak azaltzen zituen era ia didaktikoan. Anglada Camarasarena nabarmena zen “Encarna” koadroan. Italiarren eragina antzematen zen fondoen zuhurtasun eta doitasunean. Marrazkilariaren iaiotasuna berriz, “Juan García” eta “Andrés García Angoso” marrazkietan. Erakusketan baziren ikusle espainiarrak ezagunak zituen koadroak, adibidez “Bi lagunak Strand-erantz”, “Encarna”, “Hiru lagunak”, “Remedios”, “Vicente”, “Erretratu baterako estudioa”, “Estudio apaingarria” “Elizabeth Queen”, Van Dyck margolariaren lan baten kopia azken hau, “Gaztelako gizona”, “Manton zuriduna”, “Joxe mari” euskal itsasgizona, “Ciudad Rodrigo, Tenerías auzoa”, “Afrikar bikoteak” “Alaitasuna tabernan”, “Juan Carlos”, “Prokuradore zaharra”, hau estudio lana zen “Gerraren izua” koadrorako, “Vozmedianoko ezkongaiak”, “Juan García jaunaren erretratua” eta “Andrés García Angoso jaunaren erretratua”. Artelan hauek guztiak han izateak, eta unibertsitate hiri hartan, orduan izaten zen kultura eskaintza kalitatezkoaren eskasiak eraginda, hango egunkari batek, “La Gaceta Regional” izenekoak alegia, gaiaren inguruko iritzia emateko sailari hasiera eman zion, eta bertako kultur zirkuluetako hainbat pertsonalitate garrantzitsuk parte hartu zuten.

Salamankan “Glober Trotter” baten gisan aurkeztu zuten prentsan Gustavo. “Deabruaren ezpalekoa da gizon hau, inondik ere, alegiazko gizaki moduko bat, orain koadro bat margotzen duena, gero drama bat idatzi eta ondoren galdu egiten dena, Madrilgoko Café Reginatik edota Bilboko Boulevardetik. Bi-hiru hilabetez Gustavo maitea non ote den galdetzen diogu guztiok elkarri. Postal bat iritsiko da orduan, urduri idatzitakoa, beharbada itsasontziren baten ontzigainetik, haren ibileren eta gorabeheren berri dakarzkigula”. Udal arkitekto Ricardo Pérez Fernándezen iritziz, Gustavo de Maeztu joera modernoko margolaria zen, Naturaren aurrez aurre jartzen zena hura bere erara interpretatzeko, bere espirituaren sentiberatasunean atxikirik gordetzen zuen moduan. Hortik heldu zaio naturalaz egiten duen interpretazioa, apaingarritarako baliatzen baitu gehien bat. Horra hor, esate baterako, “Afrikar bikotea” eta “Hiru lagunak” koadroak; hauetan giza-irudiak lehen lekuan ageri zaizkigu, ia planoan marraztuak eta tonu ilunetan margotuak, atzeko argitasun uniformeak ertz egiten diola. Koloreen arteko kontraste gogor horiek, koadroaren bi planoak bereiziz, emanen diote apaingarri balioa, Pérez Fernándezen ustez.

Hiriak astindu handi samarra hartu zuen erakusteka zela eta, hura izan baitzen Salamankan ospatzen zen lehen arte jaialdi handia. Izan ere, hiriko margolari ia bakarra Celso Lagar baitzen, baina abangoardiako joera berrienen zalea zenez bera, ez zuen itzal handirik hango intelektual giroetan. Espainian barna bere koadroak erakutsiz egindako bidaiari aldi hura atzean utzita, 1926ko uda Iparraldeko Angelu hiri ederrean igaroko zuen, “Etete Marie” izeneko etxalde ederrean. Han amaitu zituen “Baigorriko ehiztaria” eta “Hileta ondoko arratsaldekoa” koadroak, eta haien berniztatzea zela eta antolatu zuen ospakizunera, Espainiak Baionan eta Endaian zituen ordezkariak joan ziren, inguruan bizi ziren beste espainiar askorekin batera, euskaldunik ere noski izanen zelarik tartean. Urtea bukatzear zela, abenduan, Orueta karrikako bere estudioan erakutsiko zituen Gustavok bere artelanak, ordurarte egindako guztiaren adierazgarri, baina batez ere lagunentzat zabaldu zuen etxeko erakusketa hura.

La Camorra Dormida - 1927

La Camorra Dormida. 1927

1927an bi gertakari izan ziren, Gustavo bete-betean harrapatu zutenak. Bata, Aurelio Arteta margolariak Bilboko Arte Modernoko museoko zuzendari kargua uztea, eta bestea, Adolfo Guiard margolariari egin zitzaion omenaldia. Lehenbizikoan parte hartu zuen (bertara joanda besterik ez bada ere) bilbotar gizarteak eta artistek oro har hari eskainitako omen eta oneste ekitaldian. Bigarrenean berriz, jaiaren prestaketan esku hartu zuen zuzen, Bilboko Carlton Hoteleko aretoak apaintzeko egindako dekoratuak eginez. Otsailaren 3ko data duen gutun batean, Aurelio Artetak bere zuzendari kargu uztearen berri eman zuen, udal agintariek aurrekontuen eztabaidan erakutsi zuten kexuak zirela eta. Izan ere, museoaren ibilera eragoztezaz gain, Arteta beraren lana ere kolokan jartzen baitzuten, bai zuzendari gisa bai fondoak erosteko arte irizpideen aldetik ere, leporatzen baitzioten kalitatezko lanen aldean lagunek egindako lanak erostea lehenesten zuela.

Kargu uzte honen atzetik, atoian etorriko ziren Gregorio Ibarra, Alejandro de la Sota, Ricardo de Gortazar eta Joaquín de Zuazagoitia, Udalaren aldetiko batzarkideak museoaren Patronatuko Batzarrean, han zuten lekua bertan utzita hauek ere, eta ondotik Antonio de Guezala, Antonio de Larrea eta José Félix de Lequerica ere bai, azken hauek Aldundiaren aldetik museoaren Batzarrean zituzten lekuak utzita. Gustavok bere hitzaldian, irainduak antzematen zituen baloreak aldeztu zituen. Bat, gogobetez aritzea, museoko Batzarrean Erakunde horiek ordezkatu zituztenek Bilbori erakutsitako maitasuna, alegia. Beste balorea berriz, bere ustetan mespretxatua eta iraindua, euskal artisten ohorea zen, artista horiek, bere esanetan “beren izaera indartsuaz Bilboren izena artearen goi mailan ere ezaguna izan dadin erdietsi baitute”. Handik egun batzuetara eta leku hartan berean, Adolfo Guiard margolariaren omenaldia ospatu zen, bidenabar Aurelio Artetaren kargu uzteari atxikimendua adierazteko ekitaldi ere izan zena. Otsailaren 21ean, hoteleko sarrera aretoa erabat itxuraldaturik agertu zen, Euskal Artisten Elkarteko artista talde batek, Guezala, Urrutia, Uzelai eta Gustavo de Maeztu margolariek eta Jesús Guridi musikariak, hain zuzen, egindako dekoratu ederrei esker.

Baina ospakizun dotoreak kritikarik ere jaso zuen, Guiarden izaera apalaren parekoa ez zela eta. Izan ere, azkenik, Bilboko goi mailako gizartearen biltoki izan baitzen jai hura. Baina jaiaren arrakastak beste omenaldi baten aitzakia izan zen, oraingoan Euskal Artisten Elkartea bera zelarik omendua. Maiatzaren 31an ospatu zen, Carlton hotelean. Berriz ere izan zen “Kakewalk” delakoaren emanaldia, eta Gustavo de Maeztuk hitzaldi musikala egin zuen, “Habaneratik Black Botton-era” izenburupean. Maeztuk ez zuen nahi entzulearen bizkar barre egin, ez eta txantxetan aritu harekin batera. Gerraondokoaz geroztik etengabe sartzen ari ziren europar kontinentean kantu, erritmo eta dantza saila, ameriketako kontinentetik heldu zirenak. Atlantikoaz bestaldetik heldu ziren jazz, fox-trot, are-stop, two eta bolero nahiz rumbaren erritmo aztoragarriak ere. Erritmo haiek azpian harrapatu zituzten ordurarte Espainian nagusi izan ziren vals motela, polka eta cuplé betikoak. Latinamerikakoak nahiz afro-amerikarrak ziren erritmo haiek Parisen barna heldu ziren honat, jendea liluratuz, fox-trot delakoa kasu, eta Errepublika garaia heldu artean ere hala izan zen. Hogeiko hamarkadako urte haietan, Maeztuk bere hitzaldia girotu zueneko unean, hain zuzen, txarlestona eta Shimny delakoa lehia bizian ziren Espainia aldean rumbarekin eta bolero lotsagabearekin.

Uda aldiaren ondoren, urriko hilabetean, bere azken bidaian jasotako iradokizun eta irudiak erakutsi zituen berriz ere Gustavok, bere mihiseak jendearen begien aurrean paratuz. Hilaren 28an zabaldu zuen erakusketa, Euskal Artisten Elkarteak neguan antolatu ohi zuen zikloaren barnean. Maeztu Venezian izana zen, eta ondoren Galiza aldean, inguru hartan bertako paisaiak eta giza irudiak besterik erakutsi ez bazuen ere. Bere begiez jotako guztia mihisera eraman zuen, baina oraingo honetan aurreko aldiko mistifikazio joeratik urrun antzean. Erakutsitako hogeita hamerren bat margolanetatik, “Gau giroa Miño aldean” koadroa nabarmendu zuen Fernando de la Murgak, errealitate halamoduzko bat islatzen baitzuen “urtzen dela dirudien urdin koloreaz, plastizitate itxura erabatekoa ematen baitio horrek, eta haren ondoan ibaia eta zumar zurien koloreak, ertzak apenas zehazturik zertzelada ahulez”. Gustavo gogo-bihotzez aritua zen koadro hauek margotzen, eta kritikariaren iritziz honek orijinaltasunaren bidetik eraman zuen. Erakusketa hartako beste koadro batzuen izenak ziren adibidez, “Ilunabarra Tuyko katedralean” eta “Hondarribia Bidasoatik”, aurreko gaitik apartekoa berau, eta lehen ere erakutsi zena Maezturen beste erakusketa batzuetan. Giza irudien gaiari dagokionez, han nabarmendu zirenetako batzuk “Miñoko emakumea”, buruaren azterlan bat “Remedios” izenekoa eta “Pontevedrako gaiteroak” ziren.

Maiatzean egin zuen hitzaldian erabilitako gaiari atxikiz, bere alderdi kosmopolitaren erakusgarri “Maitemin beltza” koadroa zen ikusgai aretoan. Gizonak jazz musikari bat dakarkigu gogora, eta emakumeak Josefina Baker afroamerikar izarra, 1925eko Paris hiria aztoratu zuena bere “Revue Negre” emanaldiaz. Sexurik gabeko gorputza zuen dantzari hura, frantses hiriburuko karriketan barna ibiltzen zen bere kolore bereko Voisin autoan, barnetik suge larruaz apaindua autoa, beti ere zakur eskimal zuria ondoan zuela, buruan emakumeak emandako musuaren aztarna agerian zuela. Urte lantsua hauxe Gustavorentzat, inondik ere, eta geldialdi luzearen ondoren argitara eman zuen, une hartan bertan, liburu berri bat, autobiografikotik dezente zuena, eta “La camorra dormida” izenburupean Madrilen argitaratuko zena, azaroaren 21ean, Calpe Argitaletxearen eskutik. Liburuaren azalean egileak idatzitako lanen zerrenda ageri da. Haietako anitz nekez topa zitezkeen liburutegietan, eta Maeztuk berak ere hagitz gutxitan aipatu zituen urte haietan egin zizkioten elkarrizketetan.

Halako idazlan zerrenda luzeak pentsarazten ahal digu, alegia, bazela osagarritasun moduko bat margolaria eta idazlearen artekoa. Baina benetan uste duguna esan behar badugu, liburu haietarik gehienak proiektu hutsak izanen ziren, edota bestela amaitutako baina inprimategira eraman gabeko lanak, artista bera emaitzarekin ez zelako pozik, edo argitaletxeek eurek muzin egin ziotelako, gauza sinesgarria berau, urte haietan egiten zen literaturaren kalitateari erreparatuta. Liburu honetan orri batzuez atzera jota, Salamankako erakusketaren garaian Gustavo kexu ageri zen elkarrizketa egiten zion kazetariaren aurrean, “Rembrandt” eta “Caligostro” bere dramak zirela eta, margolaritzatik irabazitako dirua galtzea besterik ez baitzioten ekarri. Ez zuen izan nahi adinako arrakastarik, ez behinik behin bere lagun Ricardo Barojak erdietsi zuenaren parekorik, hura margolari handia izaki Cervantes literatura saria eskuratu baitzuen. Margolaritzan monumentalitatea leporatzen bazioten, ez hainbeste kontzeptu aldetik, interpretazioaren aldetik baizik, gauza bera gertatuko zitzaion berak idatzitako dramak zirela eta, ezin baitziren taulara eraman, hain baitziren luzeak eta korapilatsuak.

Kritika honek eta mundu berri baten ezaguerak, halaxe ikusten baitugu margolaritzan hartu duen adierazpen moduagatik, horiek biek eraman zuten gure idazlea panfleto hau idaztera. Bertan gogoz astintzen ditu antzezleak, egileak, enpresarioak eta dekoratzaileak, “camorra dormida” izena jarririk haien munduari, eta damu ageri da mundu xelebre eta barregarri horri buruzko azterlana ez baita berak nahi bezain analitikoa eta sakona, “azken aldian, hainbat gauza direla medio, gogoak beste zeregin batzuetara eraman bainau, literaturaren mundutik at”. Liburuaren hitzaurrean Gustavok kontatzen duenez, asmoa zuen hitzaurrean bertan bere drama “Caligostro” sarraraztekoa, hari esker ezagutu baitzuen “camorra” delakoa, italierazko hitza berau, euskaraz esanda “azpikeria” esan nahiko lukeena. Eta “lo dagoena” izenburukoa, kamorrista txikia, Maeztuk mespretxatzen duena (ez ordea liburuko neska), beti ere diruaren atzetik baitabil. “Lo dagoen kamorra hori zera da, antzerkiaren ur espiritualetan hondarmeta itzel bat, hondarra baino gehiago aserrina duena, baina azken finean traba izugarria dena, guztia galarazten baitu”.

Iruzkin liburu hau, hala baiteritzo Gustavok berak, Veneziako egonaldian hasi zuen eta Tuyn amaitu, Doña Urrakaren gazteluaren gerizpean. Madrilgo prentsak berehala zabaldu zuen liburuaren plazaratzea, eta “El Liberal” egunkariak “Horra bonbazoa!” izenburu erabatekoaz jaso zuen berria, artistak jendartean zuen irudia era garbian islatuz. Liburuaz ari zela berriz, bitxia, bizia, irrigarria, “xalotasuna eta gogoaren jeniotasunaren arteko elkarlanaz” sortua zela zioen. Bilbon, “El Pueblo Vasco” egunkariaren orrietan, Madrilgo egunkariaren iritzia jaso zuten, eleberria ez baitzuten artean eskuetan.

Tindu-Errezko Lanak. 1928 - 1929

Tindu-Errezko Lanak. 1928 - 1929

1928koa urte hagitz betea izanen da, berez batere aspergarria ez zen margolariaren bizimodu hartan. Urtea hasi orduko, urtarrilaren 4an, Euskal Artisten Elkarteak bere 2. Jaialdia ospatu zuen Bilboko Carlton hoteleko aretoetan. Halako arrakasta lortu zuen, opari bat eman zioten Alejandro de la Sotari, Torrontegi hotelean urtarrilaren 2an, antolatutako jaien eta eskainitako laguntzaren esker onez. Gustavo de Maeztuk Elkartearen aldetik eta Mario Ugartek “Oriente” taldearen aldetik eskaini zuten oturuntza. Urtarrilaren 12an, Gasteizen, Udalak omenaldia egin zion Ramiro de Maezturi Fronton hotelean, Argentinarako enbaxadore izendatu berriari bere herritarrek eskainitako omen gisa. Haren ama, arreba Maria eta anaia Gustavo ere han izan ziren. Gustavorentzat, bere bizitzaren hasierako egunekin topo egitea zen jaialdi hura. Lagun min bati aitortzen zionez, “kanpoan hainbeste ibiltzea ez zen sorterria ahaztuta izatea, bizitzak eta arteak halabeharrez ekarritako kontua baizik”.

Esaten zuenaren lekuko, Gasteizko gaia zuen koadro bat margotzen ari zela aipatu zuen, katedrala ageri zuena eta Bilboko jabe aberats batentzat egiten ari zena. Halaber, hitz eman zuen Gustavok bere koadrorik onenak bilduko zituela eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan erakutsiko zituela. Erakusketa hura martxoaren 17an, larunbata, zabaldu zen, Arte eta Lanbide Eskolako sarrera aretoan egindako ekitaldiarekin, bertan zirela Gustavoren lagun pila bat. Aurreko bi egunetan, “Heraldo Alavés” egunkarian, Ramiro de Maeztuk Buenos Airestik bidalitako bi artikulu argitaratu zituzten. Beharbada horregatik iragarri zuen egunkari hark berak erakusketa “Ramiro de Maeztu Erakusketa” bataiatuta. Maria arrebari idatzitako gutun batean, Sevillara bidean zihoala eta Madrildik igarotzeko asmoa aipatu zion, bidenabar bere amets lortuaren berri ere ematen ziolarik: “Berriz piztu eta ekarri dut margolaritzara tindu-errea, grekoek, egipziarrek eta erromatarrek egin zuten berbera, porlanezko azalera zabalak dekoratzeko gauza hagitz baliagarria”. Sevillara joatearen helburua, ondoren Madrilen eta Donostian bezala, bere teknika berria arkitektuei erakustea zen, haien lankidetza bilatuz, ondoren hala adierazten baitzuen hitzaldi eta idatzietan, Aurelio Artetaren irizpideen eragin handia zuen arte soziala zuela gogoan.

Sevillakoaren ondotik ez da geldirik egonen Gustavo, beti hara eta hona. Ekainaren 8an berriz ere idatzi zion Maria arrebari, oraingoan Avilatik, Santa Teresa Plazako La Amistad kafetegitik. Txantxetan esaten dio eskutitzean, “Estampa” aldizkarian ateratako argazkiaren kontura, argazkilariak “hilabete batzuk kendu zizkizun, ez naiz ausartzen urteak esaten”. Harresidun hirian egon baino lehen Estremaduran ibili zen luze, maiatzean, giza-irudiak eta paisaiak jasoz marrazki eta akuareletan. Bidaian etengabe ibiltze honek berriz ere xentimorik gabe utzi zuen artista: “Gaur gauean amaren altzora itzuliko naiz, han hainbat hilabete emateko asmotan, izan ere, borroka honetatik ez du Voronofek berak konponduko nire udaldia, halako diru balantzea baitut”. Balantze txar hartatik, nolabait ere, Gasteizko Udalak hartutako erabaki batek aterako du, hari koadro bat erostea erabaki baitzuen. Baina urte hartako garrantzitsuena eta berriena irailean jasotako saria izan zen. Bilbon egin zen, Udalak antolatua eta Udal Aurreki Kutxak babestua, Lana eta Erakusketa Industrialaren Zertamena, eta han emandako sari nagusia jaso zuen Gustavok.

Jasotako sariari erantsi behar zitzaion margolari izateak ematen zuen puntu sinpatikoa. Saria emateko arrazoia berriz, kanpoko etxaurre eta azalera handiak margotzeko asmatutako pintura izan zen, beroaren eraginak ez baitzion kalterik egiten, hainbeste ikerketa eta probaren ondoren. Martxoan aurkeztu zuen lehen aldiz pintura hori, Sevillako Antzineko Arte Ederren Jauregian. Parisko egonaldiaz geroztik bagenekien Maeztu muralaren teknika zuela helburu, baina bistan zen, eta horixe zuen kezkarik handiena, margolan horien iraupena bermatzeko formula berriren bat asmatu beharra zuela. Etengabe galdetzen zion bere buruari, ea zergatik eutsi zioten historiaurreko margoek denboraren eragin hondagarriei, edota zergatik, mendeak joan mendeak etorri, ez ziren ezabatu Konstantinoplako Urrezko Atearen apaindurak. Gustavok hori guztia bazekiela irudi lezake, eta guri horren berri eman nahi izanen ligukeela, hargero beretzat sekreturik ez zuen tindu-errearen teknikan egiten zituen esperimentuen bidez. Ez zen kezkatzen hormako margoaz bakarrik, haren ikerketak ere kezkatzen zuen, eta suaren tasun guztiak ezagutu beharrak ere bai.

Suari erlijio izaera ematen zion, gai sortzaile eta betirakotzat baitzuen, iraultzailetzat, bereziki buztingintzaren teknikei erreparatzen zielarik. Zaletasun hau gazte garaitik zeukan, bere adiskide Paco Durrioren lanek eraginda. Pazientzia handiz egindako ikerlanei esker, sua funtsezko gaia zuela, harriaren gainean margotzea lortu zuen, eguraldi kontuek inoiz batere kaltetuko ez zutelako bermeaz. Gustavok dioskunez, “labearen kimikaren parean, esperimentaziorako bide hezea dago. Bazen formula majiko bat, aztiak eta nigromanteak zabaldu ordez, kontu handiz gordetzen zutena, kulturak hierarkia eta graduazioa eskatzen baititu. Sekretuaren trasmisioa eten egiten zen noiz behinka, sorginak, erreta, beste mundura eramaten baitzuen berarekin”. Tradizio horri atxikirik balego bezala, beharbada begiko ikasleren bati emanen zion, baina idatzi behinik behin, ez zuen idatzizko inongo lekukotasunik utzi bere ikerlanen inguruan. “Doro jauna” bere eleberriko buztingile Arderiusek zioenez, buztinaren langile bakoitzak bere sekretuak eramaten zituen berarekin hiltzean, eta aldi bakoitzean, koloreen festa maite zuen gizakiak berriz sortu behar zuen industria, berarentzako bakarrik: “Zenbatek emanen lukeen gustura bizia memorial honen truke! Liburuaren erdia kimika formulak dira, nitroglizerina eta merkurio tulminatoaren konbinaketak; gainerakoa labearen tenperaturari buruzko oharrak dira; kobrearen gorriak besterik ez zait falta dagoeneko”.

Ez da lekuz kanpoko gauza zeramikaz hitz egitea Gustavoren lanaz ari garela. Bere olioei erreparatuta, zeramista handia izaten ahal zen; olioetan nabaritzen da barne kolorazio sutsuen zaletasuna, suaz igarotako lurretan uzten baitu fokoa. Izan ere, zeramika lan askotan ematen baitu sugarra, nolabait ere, han gelditu dela, mamitua, noiz behinka su bizian, bere kolorearen barnetik errainu desberdin eta piztua igortzen duela. Maezturen olioetan ere, bere iduriak itzaletik argitzen direla dirudi, eta berde edo more baten barnetik, buztingilearen su izpiaren distira dariola, margotzean, labeaz pentsatzen ariko bailitzan hura. Hemendik aurrera, teknika berriaz proiektuak burutzeaz gain, berau zabaltzen ere emanen du Gustavok bere denboraren zati handi bat, bere ikerlanak jendaurrean azaltzeko aukera ematen zioten hitzaldiak eskainiz. Zabaltzeko saio hauetako bat Madrilgo Arkitektuen Kolegioan eman zuen, Principe Pio karrikako 1610.ean. Baina Gustavo ez zen aritu hizketa hutsean, tindu-errearen teknika erakusteko hainbat praktika ere egin baitziren bertan.

Siqueiros eta Orozco artista mexikar handien garaitik, muralak halako izaera soziala hartua zuen, baina gai hori ez da Maeztu kezkatzen dutenetakoa, bere margolaritzaren barnean zetzan zerbait erakusteko grina baitu berak, leku zabala eskatzen dion zerbait, hain zuzen ere. Honek pentsarazi diezaguke bere kontzeptua, soziala ez izanda ere, ideia hori bazela azpi-azpitik (hainbestetan aipatutako Euskal Artisten Elkarteak bere adierazpenetan erakutsi moduan) hiria apaintzeko asmoa baitzuen. Koadroaz zuen kontzeptua ere aldatu beharra zeukan. Hemen, paretan, ez da gehiago gai isolatu bat, osagarritasun urbano baten zati izanen da, eta beraz hura irakurtzeak zuen literatura eta sinbolo balorea galdu egiten du orain, eszenatoki zabalago batera igarotzeko, apaingarri izaera hutsa harturik. Bere ezinegona, humanista gisa azaldu izan dugun ezinegon horixe, gailurrera iritsi da hemen: “beti prest dago irudimenezko zaldi txangoak eta abentura estetikoak egiteko. Susmo berriren bat hartu eta aztoratu egiten da, eta aldiz, atzean utziko du, penarik eta bihotz minik gabe, lortutako gauza”. Bere folletinetako irudietako alkimisten erara, formula asmatu zuen margoaz dekoratzeko harri artifizialezko plantxak, haien izaera edozein zela ere: uralita, porlana, marmola, baita burdina ere.

Baina hau lehendik ere egina zen. Bere arrakasta handiena, bere sorgin harria, honetan zetzan, alegia, pareta hori jo zezaketen eta, beraz, margolana honda zezaketen gai kaltegarriak, margolana landu den plantxatik erabat isolaturik geratzea. Abantaila praktiko honek galarazi egiten zuen suak, urak edota hautsak kaltetzea margoa. Arkitektuen aurrean urriaren 26an emandako hitzaldia, hainbat esperientzia praktiko burutu zituen, hiru presiotako sopletea erabilita, 800º eta 12000º gradu arteko tenperaturak lortuz, harri, burdina eta porlanezko plantxa margotuen gainean. Hala erakutsi zuen koloreak gaian barneratzen zirela, eta hartara, ukiezin eta iraunkor geratzen zirela han, haizeak, urak, hautsak eta bestelako gai kaltegarrien eraginetik babesturik, arrakalak agertzea edota bestelako kalteak eragotziz. 1929ko maiatzaren 14an, Gipuzkoako Ateneoaren aretoan, Donostian, akuarelak, marrazkiak eta tindu-errezko proiektuak biltzen zituen erakusketa zabaldu zuen, osotara 30 lan. Aurkeztutako proiektuetako bat “Donostiak bere erreginari” izenekoa zen, sortze lan ederra eta egoki zehaztua. Tindu-erre erara egin beharreko proiektua zen, eta Donostiako hiriak Maria Cristina erreginari diru bilketa eginez eskaini nahi zizkion beste batzuen artekoa.

Baina erakusketa bera baino garrantzitsuagoak izan ziren aretoan bertan eman zituen hitzaldi didaktikoak. Maiatzaren 11an eman zuen lehena, Ateneoko zuzendari Fermín Vega de Seoanek margolari eta idazle gisa aurkezturik. Gaian sartu aurretik, hitz beste txiki bat egiteko aukera baliatu zuen, “Negosios” izenekoa eta umoretsua, eta ondoren tindu-errearen azterketa historikoa egiteari ekin zion. Bere asmoa zen iraganaldiaren laino artean galdutako zerbaitetaz hitz egitea. Munduan barna ibili eta ibili, emaitza praktikoak lortuak zituen, antzinekoen sekretuetan sen hutsaz sarturik, “ametsok ez dira hain lirikoak, gehiago dira kontratista batenak”. Gustavoren planteamenduaren arabera, greziarrak izan ziren lehenak argizaria erabiltzen beren itsasontzi koloretsu nabar haietan, koloreei eta zurari berari distira eta babesa ematearren, gai kaltegarrien aurrean. Argizaria, gai guztiak babesten dituena edozein eraldaketa aurrean, erraz kaltetzen du urak, eta tindu-errezko pintura berriz oso gogorra da sua, ura edota hautsaren aurrean.

Historiaren gaineko hitzaldian aurrera eginda, Alejandriako eskolaz aritu zen, haren sinbolismoaz, Ponpeiako Betistarren jauregiko hormetako margolanez, glizerinaz, argizariz eta hormako silizean disolbaturiko gai misteriotsu batez osatuak. Espainian barna ibiliz ikusitako hormetako margolaritzaz ere aritu zen, batez ere Soria eta Burgosko eliza erromanikoetan ikusitakoaz. Ez zuen ahaztu Altamira eta Frantziako kobazuloetako margoak aipatzea. Gustavok zioenez, Frantzian 1848an hasi ziren tindu-errezko lanak egiten, eta ondoren, 1890 aldean Espainiara igaro zen. Guztiak bat zetozen esatean tindu-errea dela berez margolaritza muralaren adierarik beteena Margolaritza mota horrek, bestalde, ez zuen sekretu handirik, izan ere, kolore geruzak osatzen baitira “zehazki, ezinbestez, kontu handiz egiten diren hainbat urrats xehetan”. Porlanarekin lan egin ondoren (lan egiteko txarra, etengabe kare hauts xehea ateratzen baitu), susmoa hartu zuen tindu-errearen iraupenaren sekretua, antzinean eta berrikiago idatzi zenaz oso bestalde, batez ere hormaren porositatean (aroltasunean) zetzala, eta horretantxe aritu zen buru belarri lanean.

Hitzaldiaren alderdi praktikora igaro aitzin, gauza bat gehitu zuen Gustavok, alegia, bazirela hogeita hamar urte paleta zerabilela, eta beti kezka bera izan zuela buruan: “ederra izan daitekeen hori betirako ere izan daiteke”. Erakusketak halako arrakasta izan zuen, 21ean hertsi beharra bazen ere, azkenik beste egun batez luzatu zuten, eta froga berri bat egin behar izan zuen Gustavok, hilaren 22an. Entzuleen artean arkitektu anitz izan ziren, besteak beste Pavia eta Agirre, herri lanetako maisuak. Donostiako alkatea ere, Begiristain jauna, aretoan izan zen, hitzaldiari adi. Oraingo honetan, hitzaldiaren oinarria, bere aurkikuntza berriaren funtsaren inguruko xehetasun teknikoak ematea izan zen. Han esan zuenez, bere tindu-errezko lanen aldaezintasuna suarekin bakarrik forgatzeko aukera izan zuen, baina hezetasunaren aurrean ere gotorrak zirenez, praktikan frogatu nahi zituen, eta horretarako harri gainean egindako tindu-erre batzuk bidaliko zizkiola hitz eman zion Begiristain jaunari, kanpoan ezar zitzan, nahi zuen lekuan, hartara ez haizeak, ez euriak, ez beroak ez zituztela batere kaltetzen frogatzeko. Eskaintzari baiezkoa eman zion Alkateak. Gustavok bere aurkikuntzaren ona erakutsi nahi zuen, ondoren, ongi ateratzekotan, aukera handiak zabalduko zituelako etxegintzan eta artegintzan, etxaurreen apainketan, monumentuetan... Irizpide hauen gainean lan eginen zuen hogeita hamarreko hamarkadan.

1930 eta 1931 urteak

1930 eta 1931 urteak

1930 eta 1931 urteak tarte arraroa izan ziren Gustavoren sormen ildoan. Emankor ekoizten jarraitu bazuen ere, estudioan sartuta aritu zen, inguruan gertatzen zirenak alde batera utzita, ekitaldi eta erakusketei sorgor, arduratuago bere erronkekin, hauek gainerakoengan sor zitzaketen iritziekin baino. Hala ere, Gustavori buruz literaturazko irudipena dugu eta, hortaz, ez litzateke gehiegizkoa izanen pentsatzea “abatea bezain borobila, lagunarterkoa eta Bagaría-k marraztuak diruditen begiez beti ere galdezka ari zaigun” gizon honek, Shanghaira alde egin zezakeela halako batean, Txina urrunera, emakume txinatar batek “amodioa egin diezadan”.

Londresen Vaiolet dantzariak esaten zion legez: “Zure bihotzean duzun goroldioa, emakume txinatar baten begiek bakarrik kenduko lukete. Shanghaira joan behar duzu”. Baina dena ez da literatura. Zineman ere aritu zen lanean. 1930ean zehar “La Canción del día” pelikulan hartu zuen parte girotze lanetan aholkulari gisa. Pelikula hau izan zen Ingalaterrako estudioetan grabatutako Espainiako lehenengo pelikula soinuduna. Produktorea Saturnino Ulargui arkitektoa izan zen, Gustavoren ezaguna, honek 1924ean erretratua egina baitzion. Pelikularen zuzendari lanak berriz, G.B. Samuelsonek egin zituen. Zinemagintzarako egindako lan hau grabadoaren teknikaren azterketarekin uztartu zuen, hauxe baitzen bere helburu artistiko berria. Horretarako, edizio artistikorako enpresa bat sortu zuen Tolosan, Gustavo-David izenekoa. Enpresa honen xedea Gustavoren jatorrizko marrazkiak argitaratzea zen, eta hauek grabatzeko lanak David Alvarez artista tolosarrak egin zituen. Lehenengo lana bi estanpa egitea izan zen, zinkezko xaflen gainean punta lehorra teknikaren bidez eginak, makina berezietan eta koloreetan.

Edizioa mugatua izan zen eta ale bakoitzaren salneurria 35 pezetakoa. Gaien izenburuak “Ibarra herria” eta “Ilunabarra Ibarran” izan ziren. Bi grabatuak paper ingeles berezi gainean ziren eginak eta Espainia eta Amerikan barna Tolosako “ Sección Artística Pedro Doussinegue” delakoak banatu zituen. 1931an, familiak Orueta kaleko 4. zenbakiko etxea utzi zuen. Etxebizitza, hiru solairukoa, hiru espaziotan zegoen banatua. Lehenengoan Akademia zegoen, bigarrena etxebizitza zen eta hirugarrenean estudioa zuen Gustavok. Gainera, oporraldietan patioa erabiltzen zuen formato handiko lanak egiteko (ikasturtea bitartean ikasleak jolasean ibiltzen ziren patio horretan). Kaleko atarian Maeztu izena ageri zen, urre koloreko plaka batean idatzirik. Atarian barna sartuta, zenbait margolan zegoen Liberal”egunkariaren zuzendariarekin hain zuzen ere, gertatutako arazoak izan ziren, honen egoitza soziala Maeztu familiaren etxearen parean baitzegoen.

Jabeak, Horacio Echevarrieta jaunak, etxea bota egin nahi zuen eta, horrenbestez, Maeztutarrek General Concha kaleko 18. zenbakiko pisu batera joan behar izan zuten. Etxebizitza berria ere handia zen, osotara 15 gela zituen. Bertan Juana andereak eskolak ematen jarraitzen zuen, eta Gustavok margotzen. Juana anderearentzat diru iturri beharrezkoa zen eskolak ematea. Gustavo, tarteka margolanen bat saltzen bazuen ere, dirurik gabe gelditzen zen segituan, adiskideekin eskuzabala izaki, eta amarengana jotzen zuen diru eske. Juana anderea izan zen Gustavoren antolamendu bakarra eta honek beti maitekor eta lausengari jokatu zuen berarekin. Venancio del Val-en esanetan, Juana anderea “emakume kementsuaren eredu izan zen eta familiaren diru arazoei ausardiaz egin zien aurre”. Amaren jokaerari esker seme-alabetako bakoitzak bere zaletasuna garatu ahal izan zuen, “aukeratzeko askatasuna izan zuen eta gogoak emandakoari jarraitu ahal izan zion, zein bere bidetik”.

Etxe berri honetan Gustavok gela bat zuen, “italiana” izenekoa, eta bertan jarri zuen estudioa. Ohe alboko libururik maiteenak “Ascete” katezismoa eta “La Buena Juanita” eleberria zituen. Hasierako urteetako iraultzaile antiklerikala, monarkiko amorratu bilakatu zen orduan, Ramiro anaiaren pausoen atzetik. 1931ko ekainean hamalau lan erakutsi zuen Granadako Palacio de Tiros delakoan, guztiak ere tindu-errea eta litografia bere prozedura berriekin lotuak.

Autolitografiak eta muralak 1932-1936

Autolitografiak eta muralak 1932-1936

1932 arte itxoin beharko da Maezturen lanak berriz ere Bilbon ikusteko. Hiri hartako Arte Modernoko museoan egindako Euskal Artisten II Erakusketan parte hartu zuen. Sei urte igaro ziren, aurreko erakusketa museo hartan bertan egin zenetik, eta oraingoan Aurelio Arteta izan zen zuzendari, maiatzaren 15etik ekainaren 15era bitartean luzatu zelarik. Erakusketa horretan parte hartu zueneko azken aldia izan zen honako hau, 1934an egindakora ez baitzen joan. Artearen joera garaikide guztiak biltzen zituen erakusketa hark, une hartako lanik onenak ikusteko aukera zabala eskaini zuen. Gustavo, artisten belaunaldi berrietatik aparte geratzen zen gero eta gehiago, haiek abangoardiakoak baitziren, adierazpide erabat berritua zutenak. Epaimahaiak ere, haiei eskaini zien arretarik handiena, batez ere margolarien azken belaunaldiei.

Saritutakoak lau margolari hagitz desberdinak izan ziren, nahiz eta beren artean antzekotasunik ere bazen, alegia, guztiak ere urruntzen zirela aurrekoen kezketatik, batetik, eta bestetik, modernizazio bidean, paleta klasikora jotzen zutela atzera ere. Artista haiek Aranoa, Urrutia, Tellaetxea eta Olasagasti ziren. Lau artista horiek erabat baztertzen zuten beren lanetik kezka etnografikoa, Lekuona edota José Arrue bezalako artisten ekoizpena hainbeste mugatu zuena. Gustavok “Zorrotzako bizkaitarra” lana aurkeztu zuen, tindu-errea teknikaz egindako lana, eta berarekin batera beste artista anitz joan ziren, besteak beste Domingo Aldasoro, Antequera Azpiri, Arrue anaiak, eta nafarrak ere han ziren, Basiano, Javier Ciga, Crispín, Miguel Pérez Torres, zeinak laudorio handiak jaso baitzituen “Segalaria” koadroarengatik, Carmen Gal izugarri gaztea, Elkartearekin lehen aldiz erakusten zuena, Gaspar Montes Iturrioz, Ascensio Martiarena, Jesús Olasagasti, Julian de Tellaetxe, Jenaro de Urrutia, Ramón de Zubiaurre, eta beste hainbeste, elkarren ondoan zirela artista itzaltsuak eta berriagoak.

Hala ere, aukeratzeko irizpide horrek berak, zalaparta sortu zuen artista berri zenbaiten aldetik, bazter geratu baitziren. Erakusketarako sarbidea, artista ezagunei bakarrik ematea leporatu zieten artista gazte hauek antolatzaileei, eta eskatu ere eskatu zieten beste erakusketa bat antolatzeko, kanpoan geratutako lanak erakutsi ahal izan zitzaten. Bere gogoz eztabaida hauetatik at, buru belarri zebilen Maeztu luze landutako lan modu berri batean. Honen emaitzaren froga Madrilen egin nahi zuen, 1932ko uztailaren amaieran (arte garaiaren amaieran, beraz) Arte Ederretako Zirkuluan erakutsi zituen lan bilduma batekin. Erakusketara, hogei litografia eta dozena erdi marrazki aurkeztu zituen. Berarekin batera, areto berean, Ruano Llopis artista valentziarra zegoen, bere espezialitatea zen zezenen munduari lotutako olio bilduma erakusten zuela. Arte Ederretako Zirkuluko Zuzendaritza Batzordeak begi onez hartu zuen Gustavoren ekoizpen berria, eta Erakusketa areto nagusia eskaini zioten. Aretoa bete egin zuen Gustavok, bere lehenbiziko hemezortzi grabatuak eta naturaletik ikatz-lapitzez berak egindako lansaio edo estudioak han jarririk.

Salmenta kopuru polita lortzeaz gain, ostatu hartuta zegoen hoteleko gelan berean hasi zen zizelkatzen “Europa 1830” izenez bataiatu baina, maiz ekin zion arren, inoiz amaitzea lortuko ez zuen grabatu lana. Udako lehenbiziko gau gozoak heldu ziren garai hartan eta Gustavo, izandako arrakastarekin zoriontsu, hirian barna ibiltzen zen paseoan, eta tertulietara joaten zen. Gaina lortua zuen bere erakusketarekin. Erakusketa amaitu orduko hasi zen bere autolitografien frogak saltzen. Bere bizimodua hagitz lasaia da orain Madrilen, eta luze aritzen da hizketan lagunekin, idazle, grabatzaile nahiz margolariekin. Baina guztia ez zen atsegina izanen Madrilgo egonaldian, izan ere, abuztuaren 10ean, Sevillan, Errepublika gaztearen aurka oldartu baitzen Sanjurjo Jenerala. Gobernuaren erantzuna berehala etorri zen, eta atxiloketak izan ziren. Madrilen, Ramiro de Maeztu atxilotu eta Modelo gartzelan sartu zuten. Gustavok bere lan eta proiektu guztiak bertan behera utzi eta han joaten zen goizero gartzelara, mantak, idaz- makina, botikak eta beste zernahi gauza eramateko. Goiz sargoritsu batean, gartzelara era guztietako gauzez zamaturik iritsi zen Gustavo.

Zuzendariaren eskaratzean utzi dena (hura laguna eta herrikidea baitzuen) eta, nola edo hala, hura ikusi nahi zuela tematu zen. “Nekeak, izerdiak eta unadurak zirkuko itsaszakur horietako baten antza ematen zioten Gustavori”. Alkaidearen aurrean, izerdia xukatzen zuen bitartean, Gustavok esan zion “ezin eraman zuela mandatu mutil lanbide hura, gartzelara sartzea nahiago zuela”. Alkaideak latz erasan zion, badaezpada ere ez esateko bi aldiz, eta gure artistak, arin baino arinago, Madrid utzi eta, Sorian barna, Pirineo aldera jo zuen. Lehen ere ikusi genuen gure Gustavo ez zela, izan ere, mentura arriskugarrien zale ausart horietakoa. Gustavok behin eta berriz esaten zuen, lan hauei buruz ari zela, autolitografiak zirela. Grabatuaren arieran, zera jakin behar da, artistak paperaren gainean gauzatzen duela bere lana, eta ondoren grabatzaileak eramaten duela lan hori bera kobrera, harrira, zinkera, altzairura. Hemen, beraz, grabatzailea bitartekari hutsa da. Horrexegatik tematzen zen Gustavo, argi uzteko berak ongi ezagutzen zuela lan modu hura, eta berak grabatzen zituela bere xaflak, grabatzailearen bitartekaritza alde batera utzita.

Artistak bere lana grabatzeak, ez du berez esan nahi lan hori kalitate handiko lana izanen denik. Artista ona denean bakarrik, eta prozedura bakoitzak dituen adierazpen baliabideak ongi ezagutzen dituenean, orduan hartzen ditu artelan horrek balio estetikoak, lanaren sorkuntzan baino gehiago, grabatzen duenaren gauzatzean daudenak. Hauxe da beraz Gustavoren autolitografien garrantzia: Gustavok lan horiek sortzen ditu ondoren xaflan edo harrian hartuko dituen ondorioak gogoan dituelarik. Hauxe da berak egindako grabatuen bidez adierazpena bilatzeko beharraren funtsa. Inork ez du zalantzan jartzen Gustavo oso trebea zela marrazten, baina bere teknika litografia prozedura ezagunetara eramaten zuenean, indarra galtzen zuten marrazkiek, batez ere lehen planoetan eta erdiko tintetan. Hortaz, berak egin behar izan zuen bere kabuz zinkezko xaflarako bidea, bere indarra emateko zantzu guztiei, eta hala bihurtu zen autolitografo, “hara iristeko bidearen sekretuaz ez baitu hitz egin nahi”. Gustavok berak balioesten zituen bere eginahalak eta frogek ekartzen zizkioten gazigozoak. Gustora zegoen artearen langile izate horrekin, artistaren lanari duintasuna eta gizarte balioa aurkitzen baitizkio.

Hogeita hamarreko hamarkadan bere koadroen barnean antzematen ziren bi langintzatan aritu zen buru-belarri: tindu-errezko lanak eta autolitografiak. Batak zein besteak gizarte edukina ematen zioten bere lanari, berak 1919az geroztik bilatzen zuena, bere lana jendearegana hurbildu beharra sentzitzen baitzuen. Tindu-errezko lanak etxaurreak apaintzeko pentsatuak ziren, eta autolitografiak berriz, sailka egiteko aukera izaki, arte gauzaki eskuragarriagoak ziren. Litografiak, literaturak egiten zuen moduan, beste abantaila bat ere bazuen, alegia, lan beraren ale anitz egiteko aukera ematen ziola, eta hartara, erosten zuten guztiei kontatzen ahal ziela historia hori. José Francésen esanetan, Pio Barojak grabatu izan balu, ez zukeen eginen Rikardo anaiaren eran, Gustavo de Maezturen eran baizik. Haren litografiek badute naturaltasun gogor hori eta Pio Barojak darabilen kontatzeko era zorrotz hori, Gustavok ederki islatzen baitzuen hura Gaztela eta Andaluziako gizakien irudietan, lehen marrazkietan eta orain litografietan. Gustavoren ustetan, litografiak adierazpide anitz biltzen zituen, zizelezko grabatuarena, zurezko grabatuarena, akuafortearena eta marrazkiarena.

Erakusketak gai anitz erakusten zituen, paisaiak, arkeologia monumentuak edota espiritualitatea eta izaera batzen ziren irudiak, esate baterako “San Millán de la Cogollako eliza bisigotikoa”, “D. Tomás de Zumalakarregi” irudia, “Don Juan, Asturiasko Printzea” haren konkistatzaile irudia, edota “Butroeko gazteluaren inguruko ehizaldia”. Beste batzuek berriz, estanpa itxurako paisaiak erakusten zituzten, eta litografiaren batek haren ilustratzaile ikuspegia agerian uzten zuen. Azken finean, litografiaren duintasuna aldarrikatzen zuen, aurrejuzku zaharra alde batera utzita, ez baitzen hau eskasagoa akuafortea edota zurezko grabatua baino. 1932aren amaieran, abenduan hain zuzen ere, Bilbon aurkeztu zituen bere autolitografiak, Euskal Artisten Elkartearen aretoko hormetan. Haiekin batera, olioak eta marrazkiak aurkeztu zituen Gustavok. Olioen arteko bat nabarmentzen zen bere tamaina handiagatik, “Platerias ateko Pantocrator” izenekoa. Urteak joan urteak etorri, Gustavo ez da gauza bere espiritua lasaitzeko. Bere azken artelanean, eginahala egiten du arteaz duen ideia zabaltzeko bitarteko guztiak erabiltzen. Erakusketa honetan, berriz ere erakutsi zuen estetikarekiko duen grina aseezina, beti bide desberdin eta zailenetatik abiarazteko prest. “Oliozko lanekin batera akuarela, marrazkia eta grabatua landu ondoren, Maeztuk orain tindu-errea, litografia eta porlan beiraztatua lantzen ditu, eta esan beharra dago begien bistakoa dela bere trebezia hauetan ere”.

Begien bistako trebezia nonbait, izan ere, Madrilgo Arte Modernoko Museoko Patronatuko Batzordeak haren bost autolitografia erostea erabaki baitzuen abenduko hilabete hartan bertan, honako hauek, hain zuzen ere: “Eszipionei eskainitako monumentua”, “Lizarra”, “Beotibar pilotalekua”, “Intimitatea” eta “Itsas gizonaren itzulera”. Elkartearekin egin zuen hirugarren parte hartzea laster etorriko zen. Martxoan, bere kideen lanak kanpoan erakutsi gabe luze egon ondoren, Artisten Elkarteak Bartzelonako Emporium Galerietan erakutsi zituen elkartekideek egindako artelanak. Beste behin ere artista gazteendako sarbidea eskaini zuen Elkarteak, beti ere artista ezagunen ondora bildurik. Gustavo, kritikari katalanen begiko beti, hogeiko hamarkadan egindako lau artelan eraman zituen, ikuspegi kosmopolita lehenetsirik. Lan haien izenak honako hauek ziren: “Maitemin beltza”, Café de la Paix”, “Bakar jokoan ari den gizona” eta “Alaitasuna Amsterdamgo tabernan”. Apirilean berriz ere Bartzelonan egin zuen erakusketa, oraingoan berak bakarrik. Catalonia liburu dendako aretoan zabaldu zuen, hilaren 24an, bere autolitografien bakarkako erakusketa.

Miguel Utrilloren aburuz, Gustavo zalantzarik gabe “parerik gabeko gizakia da, bere-berezkoa, gizon honen Bilboko estudioko bisita txartela hartu eta hara bazoaz, bera Londresen izanen da. Zu Londresera orduko, bera Ameriketan da. Ameriketara idatzi eta Bizkaian dabil”. Berriz ere litografiei buruz hitz egin beharrean gara Gustavoren ekoizpenaz ari garela. Uztailean eta Iruñeko Eslava Kasinoan, David Alvarez margolari tolosarrak erakutsi zituen bere lanak. Erakutsitakoen artean baziren karikaturak, Victor Eusari egindakoa nabarmen, marrazkiak, eta bertako kritikak gehien onetsi zuena: grabatu lanak alegia. “Ibarra herria” edota “Gau giroa Ibarran” grabatuak aldizkari eta egunkarietan ageri ziren hogeita hamarraz geroztik, eta biak ere laudorio eta hitz eder anitz jasotzen zituzten prentsaren aldetik. “Diario de Navarra” egunkariak ere argitara eman zituen, baina lanok Gustavoren pintzelari zor zaizkio, gipuzkoar grabatzailearekin elkarlan onean arituta, eskuz esku. Alvarezek bere lanak erakusten zituen bitartean, Gustavo de Maeztuk hainbat olio, tindu-errezko lan eta autolitografia aurkeztu zituen Arte eta Lanbide Eskolan antolatutako erakusketan. Honako hau izanen da, hain zuzen ere, Gustavo de Maeztuk Nafarroan egindako lehenengo erakusketa, oraindik ere baden harreman bati hasiera emanez, Nafarroari utzi baitzion bere ondarea.

Maezturen koadroak bulego edota gela bat apaintzeko erostea zaila zen, baina ez da gauza bera gertatzen autolitografien kasuan. Haietan Espainiako lurraldeak eta itsasoko gaiak zerabiltzan beti ere, konposiziozko lan batzuk kenduta, esaterako “Colón”, edota “Zumalakarregi” lan ezagunagoa. Nafarroatik, Lizarra eta Biana aldeko paisaiak zeuden ikusgai. Estanpa hauek oso arrakastatsuak suertatu ziren eta jende askok eskatu zituen. Erakusketa amaitzear zela, autolitografia haietako bi oparitu zituen: bat, Bianako ikuspegi bat eskaintzen zuena, Foru Diputazioari emana, eta bestea, Lizarrakoa, Nafar Ateneoari. Iruñean egon zen bitartean hainbat ibilaldi egin zituen Nafarroan barna, batez ere Oliba eta Iratxeko monastegietara, han hainbat zirri-borro egin zuelarik, ondoren olioz mihisera eramateko edota, nola ez litografiara. Errepublikaren urte hauetan, monarkiaren aldeko ideiak argi adierazten zituen, eta urte hartakoa da Juan printzeari egindako autolitografia, hura adiskide handia baitzuen Gustavok, Estoril eta Lizarra artean ibilitako gutun sailak erakusten duenez. Zoritxarrez, gutun horiek galdu egin ziren.

Irailaren 2tik 8ra, Bilboko Ondarretako batzokiak zilarrezko eztei festa ospatzen zuela eta, ehun eta hogeita bost artelan erakutsi zituzten, Euskal Herrian azken berrogeita hamar urteetan egindako margolanen erakusgarri gisa. Hasierakoen sinaduren artean Guiard, Guinea, Losada, Zuloaga eta Berruetarenak zeuden. Ondorengo belaunaldiko margolarietatik berriz, Arteta, Zubiaurre anaiak, Alberto Arrue, Tellaetxe, Gustavo de Maeztu (marrazkiak eta mihiseak aurkeztu zituen) eta Cabanas Oteiza. Azkenik, gazteak izanik egikera indartsua erdietsi zutelako nabarmendu ziren margolari saila ziren ikusgai, besteak beste Aranoa, Urrutia eta Uzelay. Bilbon eraikitzen ari zen postetxeko eraikin berria apaintzeko, Gustavori bi mural egiteko agindu zioten, sarrerako aretoan jartzeko. Horretarako, bere ikasletzat zuen Acebal Idigorasen laguntza gogotsua izan zuen, eta harekin batera Paquito García de la Hiedra gaztearena, bilbotar gaztea berau, batez ere gauza txikietan laguntzen zuena. Tindu-errezko lanaren ikerketan hain aurreratua ibili arren, lan hau hormari atxzikitako mihisez egin zuten. Halako tamainako lana burutzeko behar zuten lekua izateko, behebarru bat alokatu zuten Egaña karrikako 27an. Hantxe bertan eginen zituzten, hura amaitu ondoren, Nafarroako Jauregiko Batzar Aretoa apaintzeko Diputazioak agindutako margolanak.

Ez gaude, ordea, sasoi bete-betean dabilen Maeztu baten aurrean. Ez dira honezkero bere lehen aldiko koadro alegorikoak. Lanok deskribapen hutsak dira, edukinez hotzak, aurreko koadroei ematen zizkien indar eta sentimendu haienik gabekoak. Lan hauek Jose María Sert margolariaren keinu handinahi eta antzerkizkoarekin uztartzen dira ongi, eta Thomas Hart Benton-en muralismo amerikarrarekin, tartean bere maisu Losadaren moduen antza duten arrastoak ere badirelarik. Bere litografo lanean jo eta su ari zelarik, 1934an Arte Ederretako Erakusketa Nazionalera litografia sail bat bidali zuen, bere burua grabatzaile gisa aurkeztuta. Azaroa bitartean esperatu beharko da, berriz ere haren lanak ikusgai aurkitzeko beste erakusketa batean, oraingo honetan, Iruñean egindako erakusketa batean, hain zuzen ere. Bere autolitografia bilduma bat erakutsi zuen. Aurreko urtean Donostian arrakasta handia lortu zuten lan hauek, beste hainbeste erdietsi zuten Iruñean, eta adituen esanetan xehetasunen joritasuna eta ilunen trinkotasun larria ziren nabarmendu beharreko ezaugarri nagusiak. Berriz ere arrakastatsua suertatu zen eta hamaika autolitografia eskatu zizkioten nafarrek.

Gustavok aitortzen zuen, mindurik aitortu ere, olioz egindako margolaritzak bete izan ziola lanbidea, Arte Ederretako Zirkuluan egindako autolitografien lehen erakusketa bitartean. Orain lortutako arrakasta hain neurriz gainekotzat zuen, geroztik “ohartu nintzen zeinen bidegabeak izan daitezkeen neurrigabeko arrakastak eta behin betiko porrotak”. Aldi horretan guztian, teknika ikasten hasi zenetik lehen erakusketa egin zuen arte, zera erakusten zigun Gustavok, egindako eginahalak ez zirela alferrikakoak izan, aitzitik ere, behin betiko sorkuntzara iritsi arteko ikasbide zehatza izan zuela. 1935eko urtarrilean, 7a eta 20a bitartean, Euskal Artisten Elkarteko aretoan 13 olio eta 26 autolitografia erakutsi zituen bilbotar ikusleen aurrean. Nafarroarekin duen lotura gero eta handiagoa da, halakoa non lehenbiziko aldiz Iruñeko egunkari batek Gustavok egindako erakusketa jasotzen duen bere orrialdeetan barna.

Olioz egindako lanen artean, Holanda eta Andaluziako paisaiak eta giza irudiak bildu zituen. Azken atal honetan “Lily” izeneko erretratua ageri zen besteen gainetik. Tonalitate samurreko irudia zen, fisonomia hertsikoa zen arren, koloreen guritasunagatik, poesia ukaezina biltzen zuena. Harekin batera beste bat nabarmentzen zen, “1910eko nire neska lagunak” izenekoa. Aspaldian egina zen koadro hau eraberritua zegoen, lehen bezalaxe zeuden hainbat atal bazituen ere, emakume zaharraren burua kasu. Martxoko hilabetean bere autolitografia bildumari beste lan bat erantsi zion. Lan nekeza eginik, eta behin ere baino tinkoago aritu ondoren, bere grabatu lanik handiena (70 x 90) erdietsi zuen. Gaiak zerabilen irudia, Erredentorea Golgotan zen. Argitalpena 200 alekoa izan zen, hasieratik 100 eginik, eskuz argiztaturik eta artistak berak egindako bernizez. 1935eko Aste Santuan, irudi hori bera agertuko da “Diario de Navarra” egunkariaren lehen orrian. Gurutzean dagoen kristoaz artistak egindako interpretazioa da irudia, erabateko mina adierazten duelarik aurpegiak, eta izua irudiak, haren inguruan biltzen diren zuri-beltz nabarrek ematen dioten giro indartsuagatik. Maeztu. Nafarroa identifikatzen hasten zen, eta bere etorkizuna markatzen.

Handik gutxira, maiatzean zehar, Bartzelonako Galerias Layetanas aretoan, porlanez egindako fresko bilduma bat erakusten zuen bitartean, Nafarroako Diputazioak ohiko batzarrean erabaki zuen, aurretik Yarnoz arkitektuaren aldeko txostena egoki, Jauregiko lanen arduraduna baitzen berau, Gustavori agintzea Nafarroako Jauregiko Batzar Areto berriko apainketarako margolanak egin zitzan. Urte hartan lan honetan aritu zen erabat Gustavo, eta Nafarroa ongi ezagutzeko aukera ere izan zuen, Foru Diputazioko Lehendakari Juan Pedro Arraiza jaunaren abegi onari esker. Orreagatik Tuterara, Garestik Andosillara, bazter guztiak ibili zituen, gero eta gehiago gozatuz bertako lurretan. Juan Pedro jauna beti ere aldean izaten zuen Gustavok, eta biak izan ziren garai hartako Diputazioko “langilerik” goiztiarrenak. Auto ofiziala erabiltzeko aukera ere izan zuen, bere lagun Jesús Etayo, Marcilla eta Picatosterekin batera, herrialdean goiti eta beheiti ibiliz, hormako irudiei eransteko moduko paisaien eta gaien bila. Irailean administrazioak bostehun pezeta ordaindu zituen, aurrez zehaztutako epeen ordainetan. Amaitua zuen lana, hamabost metroko aitzinaldea ezarririk.

Lizarra. 1936 - 1947

Lizarra. 1936 - 1947

1936ko maiatzean amaitutzat eman zen Nafarroako Foru Diputazioaren Jauregiko Batzar Aretoko lana. Urte hartako ekainean, berriz ere Madrid jo zuen Gustavok, Arte Ederren Erakusketa Nazionalean parte hartuz. Hiru koadro aurkeztu zituen: “Euskal Itsasertzak”, “Arrantzaleak” eta “Nafar Jota, Erronkari”, azken hau egin berria. Nafarroan barna egindako ibilaldien ondorio zen azken hau, Lizarran lekutu baitzen maiatzaz geroztik, Iruñeko Diputazioarentzako lanak amaitu ondoren. Lizarran, leinuaren ama Juana anderearen ondoan, eta azken urteetan haien zaindari zen Julia Landa anderearen ondoan, “etxe zuria” izeneko etxean bizi izan ziren, Los Llanos izeneko Ega bazterrean. Txoko hura, Diputazioko lanak egiteko gai bila zebilelarik aurkitu zuen.

Ordurako amaituak ziren panelak ikusteko, Iruñera joan zen Ramiro de Maeztu. Nafarroako prentsak egunero argitaratzen zituen honen artikuluak eta kronikak. Lana ezagutu ondoren, hainbat egun igaro zituen Lizarran, ama eta anaiaren ondoan. Uztailaren 12an Iruñera jo zuen Ramirok ama berarekin zuela, Rodezno Kontearen etxean bazkaltzera. Egun hartan bertan Madrilerantz abiatu zen. Handik gutxira, familiari idatzi zion gutunean, haserre agertzen zen Calvo Soteloren heriotzagatik, eta herriari zetorkiona iragarri zuen. Handik egun batzuetara, altxamenduaren ondoren, atxilo hartu zuten eta emakumezkoen gartzelara eraman. Bertatik azaroaren 11an aterako zuten, heriotz zigorra emateko. Urte oso latzen hasiera izan zen hura Maeztutarrentzat. Ramiro erahila eta haren gauza guztiak Bilbon. Era lazgarrian hil zen, horrenbestez, Gustavoren pentsamoldean beti ere erreferentea izandako pertsona hura. “Etxe zurian” 1937ko ekainera arte egon ziren, bizkorra izan arren zaharra zen amaren osasun arazoak zirela eta, Karrika Nagusira aldatu baitziren (amak ezin baitzuen eraman halako hezetasuna). “Etxe zuria” erabili zuen aurrera ere, bere lanen biltegi gisa. Baina handik gutxira behin betiko lantokia jarri zuen Asteria karrikan. Leku berri honetan bere lanak erakusten zizkien lagun eta bezeroei, bai eta festa eta lagunarte lasaiak antolatu ere.

Ezin bestela izan eta, Gustavoren lanek edukin politikoa izaten hasi ziren, matxinatuen aldekoa baitzen bera, eta matxinadako pertsonaiarik ezagunenen erretratuak egiten baitzituen. 1936ko irailaren 14an eta lehen orrialdean, Mola Jeneralaren erretratua argitaratu zuen “Diario de Navarra” kazetak, Gustavoren eskutik aterea. Haren bitartez irudia eman zion egunkariak Donostia hiria errekete eta falangisten eskuetan eroria zelako berriari. Handik hurrena, beste marrazki bat atera zioten egunkari berean. Oraingoan erretratua Miguel Etxebeste organojole, konpositore eta pedagogoarena zen. Kontzertua eman behar zuen hark Iruñeko San Lorentzo elizan, “Konbatientearen Aginaldoaren” alde. Diputazio Jauregiko Batzar Aretoan berak ezarri zuen armarri hura bera, Nafarroaren erreferentea bilakatu zen, eta haren ondoan bildu zuten lelo adierazgarria: “Nafarroa Espainiaren alde: gure Foru Diputazioa mugimendu salbatzailearen aurrean”. Franco Jenerala eta Jose Antonio Primo de Rivera, Gustavoren autolitografien karpeta gizentzera igaro ziren.

1937ko udan, Gustavo ia egunero joaten zen Lizarratik hurbil den Iratxeko monastegira, han egiteko “Zumalakarregi Jenerala” lana. Lehen aldiz egin zuen lana plantxan hasita, ondoren olioz marraztu eta azkenik tamaina handiko mihise batera eramateko. Artelanaren tamaina handiagatik, leku handia behar zuen lan egin ahal izateko. Horregatik, eskolapioek (hauek gobernatzen baitzuten eraikina) baimena eman zioten areto nagusia erabil zezan, halako lan garrantzitsua egin ahal izateko. Hiru urte besterik ez zen, orduan, Jeneralaren heriotzaren ehungarren urteurrena bete zela. 1937a beraz, lasai igaro zuen Lizarran, mundutik aparte, eta hurrengo urterarte ez zuen erakusketarik egin. Pasadizo anitz konta litezke hango eguneroko bizimoduaz, izan ere, nekez igaro zitekeen isilpean haren irudia Ega bazterreko hirian. Eta beste hainbeste amaz ari garela, hark, etxeko diru kontuei lasaitu bat eman beharrez, ingeles klaseak emateari ekin baitzion, laurogei urte beteak zituelarik eta semea kontra egonda ere. Irailaren 1a eta 9a bitartean, Donostiako Singer Galerian erakutsi zuen bere lan berrien bilduma bat Gustavok, hiri hartako Espainia Etorbidean kokatua zegoen aretoan. Berez josteko makinak saltzeko egina zen areto hari, une haietan Galeria izen arranditsua ematen zitzaion.

Osotara 19 akuarela, 15 olio eta berak egindako autolitografia guztiak erakutsi zituen. Izenetan anitz ziren Nafarroako gaiak adierazten zituztenak: Zaraitzu Ibarra, Mañeru, Zirauki, Irunberri, Iruñea... Lizarrako irudiak nabarmentzen ziren, “Lizarrako zubia”, “Gaua San Migelen. Lizarra”, “Gazteluen gurutzea Egatik”, “Valentziar fruta saltzaileak Lizarran”. Bere zaleentzat hagitz ezagunak ziren koadroak ere eraman zituen, adibidez “Écijako zazpi umeak” edota “Fantasia erromantikoa”. Erakusketan arrakasta handia lortu zuen eta, luzatu egin behar izan zuten. Erakusketa hura amaituta, Zestoako bainuetxera jo zuen Gustavok, han egun batzuk igarotzeko asmoz, atseden hartzekotan. Handik zenbait koadro bidali zizkion bere lagun Anastasio Martinezi (dendaria berau, Iruñeko Estafeta karrikan markoak eta koadroak saltzen ziren denda atsegin baten jabea). Estafeta karrikako denda hura bihurtu zen, Gustavorentzat, lagunekin elkartu eta solasean aritzeko leku (hain maite zuen hark lagunartea), eta han elkartzen ziren lagun eta artista anitz. Baina iritzi trukaketarako ez ezik, beste zerbaitetarako ere erabiltzen zuen Gustavok leku hura, bazkalondoko lo kuluska ere bertan egiten baitzuen, etxeko salakoa bezalaxeko giroa emanez txoko hari.

Senide arteko borroka amaituta, Bilbo matxinatutako armadaren eskuetan erori eta bi urte igaro ondoren, 1939ko apirilaren 20an zabaldu zen Arte Ederren erakusketa Bizkaiko hiriburuan. Erakusketa Jefatura Provincial de Propaganda delakoak antolatu zuen, eta Bilboko udalak babestu. Industria eta Merkataritza Ministro Suances jauna bertan izan zen, bai eta Hezkuntza Nazionaleko Ministerioko Idazkariordea ere, eta Movimiento delakoaren ordezkariak, agintari zibil eta militarrekin batera. Margolanak, eskulturak eta Dekorazio Arteak zeritzan atala barne harturik, osotara 144 lan erakutsi ziren. Aretoetako bat erabat hartua zuen 1938an Veneziako Biurtekoan arrakasta handia lortutako margolariaren erakusketak, Ignacio Zuloaga eibartarrarenak, alegia. Gustavo de Maeztu ere izan zen Veneziako Biurtekoan (bost koadro eraman zituen), eta oraingoan bigarren aretoan zituen ikusgai “Zumalakarregi Jenerala” koadro arrakastatsua eta “Vozmedianoko ezkongaiak”. Areto hartan bertan erakusten ziren Moisés de Huerta eta Julio Beobideren eskulturak, bai eta Ángel Larroque, Ángel Garavilla, Emma García Iturri, “Joma” eta Javier Cortésen margolanak ere.

Bizkaiko Propaganda buruzagi nagusi Julián Valleren hitzak bilduz, erakusketa harekin munduaren aurrean erakutsi nahi zen “espainiarren sormen indarra, gerrate betean egonik ere, aurreko lerroetako borrokalarien erritmoari eutsi baitzioten atzeko hauek ere, kultura zainduz, herrien handitzearen oinarria baita hauxe”. 1940ko maiatzaren 1ean, Iruñeko San Francisco Javier elizbarrutiak Franco jeneralaren etorbideko (Behe Nafarroa Ibilbidea) eraikin batean hartu zuen egoitza, moldaketa lanak gure artistaren lagun Victor Eusak egin zituelarik, orduan bera baitzen Udal Arkitektoa. Egoitza berrian Gustavok orduan denbora gutxi zela amaitutako koadroa jarri zuten, “San Francisco Javier” elizari izena ematen zion santua agertzen baitzuen. Gustavo de Maeztu gero eta laketuago dago Ega bazterreko hirian. Atzera ere gazte garaiko mundua du gogoan, eta haren proiektuetan murgildu beharrak bera eta inguruko guztiak gainezka betetzen zituen. Gizaki fantasiosoa, xalotasuna eta alaitasuna, ilusioa eta xelebrekeria nahasten zituena, José María Iribarrenek azaldu zuen moduan, ideia xelebreak darabilzki beti ere buruan, esaterako Puy gainean hotel “zoragarri” bat ezartzeko kontua, mundu osotik etorritako ehiztariek usoak bertatik bota zitzaten, usoen sasoian.

Bere lantokia San Migel larrainean, Lizarra gainean ezartzea zuen amets: “Erabat beiraz egina izanen da. Lizarra nire oin azpian. Ni haren gainean, errege baten gisan, guztiak ikusten ditudala. Haiek ni ez naute ikusiko. Eta ni barruan, margotzen”. Ega bazterreko hirian oraino bizi direnek gogoratzen dutenez, gizaki onbera eta xaloa zen, bere alaitasunaz inguruko guztiak kutsatzen zituena. Maitasun horren lekuko da Lizarrari bere ondare guztia utzi izana, bizi guztian egindako lana emanez hiriari. Hain maite zuen eta hainbesteko xalotasunaz irudikatu zuen hiriari eskaini zion opari bere lana. Lizarra Gustavorentzat izan zena adierazteko, haren lagun José María Iribarren baino egokiagorik ez da: “Hark zera zioen, mundu guztian hiru irudi aurkitu zituela, bere koadroetarako interesgarriak, eta bi hiri, bertan bizitzea merezi zutenak. Giza ereduak, txinatarra, Amsterdamgo itsas gizona eta Lizarrako nekazaria. Eta bi hiriak: Londres eta Lizarra”.

Erakusketen mundura itzulita, 1941ko azaroaren 15etik 28ra bitartean Bartzelonan erakutsi zituen berriz ere bere lanak, Consejo del Ciento karrikako Galerias Pallarés delakoan. Azken urteetako lana erakutsi nahi izan zuen han jarritako bildumaren bidez. Erakusketaren katalogoan, bertan ziren lan guztiak jaso zituzten, egilearen biografioa txiki batekin batera. Bost sail desberdin zituen erakusketak, guztiak ere elkarren osagarri. Bazen olio sail ikusgarri bat, “Konposizio” izenaren baitara bilduak. “Pierrot tabernan” izeneko koadroa ere han zen, nola ez, oso koadro esanguratsua baitzen Maezturen lanean, inoiz ez baitzuen hura bere eskuetatik joaten utzi nahi izan. “Don Juan”, “Andaluziako kantua”, “Baigorriko ehiztaria”, “Eva”, eta haiekin batera berriagoko batzuk, adibidez “Gerratik itzultzea”, “Zumalakarregi, estudioa” edota “Julio César Tarragonan”. Banaketagatik eta ezaugarri estetiko-kronologikoengatik, argi antzematen zen Maezturen nahia zela bere ibilbide hargero luzearen ikuspegi osatua eskaintzea. Maitasun kontuak, bere koadroetan izaera erromantikoa zutenak, “Vozmedianoko ezkongaiak” olioz egindako koadroan ageri dira, eta era nabarmenagoan, eskuturaren ildotik aldenduxe bada ere, egin berriagoko zenbait koadrotan, esaterako “Gau giroa Gipuzkoan” eta “Beethoven eta poeta” koadroetan, kolore aldetik joriagoak eta fantasiazko irudiz beteak, zisneekin apaindutako urmael ederretan giroturik guztia.

Magiazko argi urdin-berdeska batek biltzen du guztia, lehenago hiri paisaiaren batean ere erabili izan zuen argi berberak. Paisaia hauek, beti ere, arimaren egoeraren adierazgarritako sortu izan zituen Maeztuk. Errealitatetik abiatzen zen arren, paisaia ez zen aurrerantzean naturan egonen, haren sentimenduan egonen zen, eta Maezturengan horrek esan nahi du ametsean, horrexegatik sortu zituen poesiaz eta irudimen apainzalez betetako uneak. Balore adierazgarri hauek eraginda, beraz, aurkezten zuen argitasuna eta kolorea, erarik berezkoen eta kontrajarrienetan. Xehetasun izugarri ahulen ondoan, tonu bortitzak aurkitzen ditugu; ongi osatutako formen ondoan, zirri-borro hutsak; argitasun mailakatu oso ederren ondoan, argi joko eskasak. Lan egiteko era honen adibiderik onenak ikusten ahal zituen han ikuslego madrildarrak, “Pierrot Tabernan” koadroan eta “Euskal sukaldea” berriagoan, biak ere giro joko anitz zituztenak. Erakusketa hauez gain, bere lagun Anastasio Martinezen denda ere erabiltzen zuen Gustavok bere artelanen salmenta leku gisa. Baina ez zen bakarra han koadroak erakusten zituena, Ciga eta Basiano margolari nafarrak ere han egoten ziren, eta euren solasaldiekin jarraitu zuten, Gustavo Lizarratik Iruñera joaten zen bakoitzean. Solasaldi haietara beste hainbat gazte ere agertzen zen, artearen eta sormenaren mundura hurbildu nahian, Jesús Lasterra adibidez.

Bere azken Erakusketa Nazionala 1945ekoa izan zen, bertara koadro handinahi izugarri bat eraman zuela “Zezen iberikoa” izenekoa, hain zuzen. Hizpidea ekarri zuen koadroak, Gustavorentzat onak ez ziren hitz asko tartean, ekarri ere. Honek tristetu eta zapuztu zuen erabat margolaria. Hura guztia aski ez zela, handik gutxira hil zitzaion ama, eta horrek erabateko minean murgilarazi zuen margolaria. Denbora igaro eta, Gustavo eta amaren arteko harremana elkarrekiko menpekotasunezkoa bihurtu zen, batez ere semearengandik amarenganakoa. Gustavorentzat bere ama besterik ez zegoen, eta hark ere izugarri maite zuen semea. Semearen antolamendu guztia amarena zen, eta beti izan zen oso maitakor eta lausengari harekin. Ostegun Santu egunean, martxoaren 28an, 89 urte zituela hil zen Juana anderea, izaera sendoko emakumea, langile nekaezina eta ezagutu zuten guztiek oso maitatzen zutena, Señora esaten baitzioten denek beti. Gustavok ez zuen handik aurrera bururik altxa. Egiaz, margotzeari utzi egin zion. Bere osasuna hondatzen zen egunetik egunera, gero eta gehiago edaten zuen (bi botila ardo batere jan gabe). Ez zen hargero gourmet tripa handi hura, jatetxeetan gustuko jakia berriz ekartzeko eskatzen zuena. Eta bizi poza galdu egin zuen.

Ameskoa Gustavorentzat Lizarrako sorburua eta funtsa zen, eta inguru haien gainean idatzi zituen bere azken literatura lanak. Historiari begira esaten zuen, bazela han gertakari bat, Pompelo jeneralaren garaian izandakoa eta azkenik Iruñearen sortzea ekarri zuena. Azkenean, hiriaren sorburu “ameskoarraz” hitz egiten zuen, Kristo ondorengo 182an Lupo edo Lope izeneko pertsonaia misteriotsu batek sortutakoa. Bianako Printzearen testuetan eta Moret aitaren “Anales” delakoetan oinarriturik, azaldu nahi izan zuen “Lizarrerria” izan zela “Navarris” hitzaren sorlekua, Iruñea aldean “pompelones” zelarik izen arrunta... Seriotasunez landutako artikulu batzuen sailari eman zion bukaera, bere ustez egiazkoak ziren hainbat datu ekarri nahirik. Baina gure ustez haien balioa zera da, alegia, Gustavok bere artista lanaren alderdi literaturazkoari heldu ziola berriz ere, margolari lanari eutsi ezinik. Errealitate latzaren aurrean, bakardadez eta etsipenez betea, literatura sortzeko jarduerari lotzen zaio, bere ametsei bide emanez. Antzeko egoera bizi izan zuen 1909an, erabateko etsipen garai batean, margolaritza alde batera utzi eta bere lagun Meaberen idazlumaren babesera bildu zenean.

Inguru hartako artzaiekiko harremanak paisaia berriak ezagutzeko aukera eman zion. Erauldik abiatuta Iratxeko monastegiaren horma zaharretarainoko txangoa egin zuen, bi lagunekin batera, eta urrundik ikustean hura, “geldi eta hits”, Egiptoko piramide batekin konparatzea otu zitzaion. Monastegia biltzen duen paisaiak erabat txundituta utzi zuen, eta penintsulako bazterrik ederrenetakotzat jo zuen, Kordobako Sierra Morenan ikusitakoa beste parerik ez zuena: “Mendia da, baina argiz betetako mendia, ia Paradisua da hura”. Eta gauza bera adierazi nahi izaten zuen Lizarrako ortzea Nafarroako gardenena zela esaten zuenean. Gaisotasunak gupidagabe eta geldiezin egin zuen aurrera, eta berehala eman zion azkena haren bizitzari. Lizarran hamaika urte zeramatzan bizitzen, eta erabat laketurik zegoen bertan, hiriaren lasaitasunean eta babesean. Artistak erakutsitako maitasunari tamainako erantzuna eman zion hiriak, eta 1947ko otsailaren 4an, bere lagun on eta udaleko idazkari Francisco Beruetek proposatua, Udal Batzarrean erabaki zen hiriaren Seme Kutuna izendatzea, Alkatetzak aurkeztutako mozioari batzarrak baiezkoa emanda. Gustavo gero eta gaisoago zegoen, eta izendapena baino egun bat lehenago, otsailaren 3an alegia, elizakoak hartu zituen, bere senideak bertan zituela berarekin, Buenos Airestik iritsi berria zen Maria arreba, eta Ángela.

Otsailaren 9an, goizeko bederatzi eta erdietan, 58 urte zituela hil zen Gustavo de Maeztu, Karrika Nagusiko etxean. Azken unean berarekin izan ziren senideak, Ángela, Miguel eta María, Mabel Hill (Ramiroren alarguna), Ana Cortina eta ilobak, María Rosales de Lastagaray eta Juan Manuel Maeztu Hill. Dolua handia izan zen, eta berria min handiz jaso zuen Espainiako prentsak. Madrilgo “Arriba” egunkariak “Iberiako lurra” triptikoaren zati bat argitaratu zuen, Museo Modernoko zuzendari Eduardo Lloseten testu batekin batera. Testuak sentiberatasunez jasotzen zuen Gustavok Lizarrarekiko zuen maitasunaren berri: “Lizarrara joan naiz bizitzera –zioen Gustavok, hara joan eta denbora gutxira- espainiarren bizimodua berreskuratze aldera, hainbeste urtetan hura galdurik izan ondoren”, eta berretsi egiten zuen “Egizu kontu noraino den heroikoa eta tinkoa, euskaraz Lizarra esaten baitiote”.

Alferrik izanen da, Gustavo ezagutu zuten guztiengan haren heriotzak eragin zuen samina azaldu nahi izatea, baina liburu hau amaitzeko, zilegi bedi José María Iribarren haren lagunaren sentimendutik eta idazlumatik ateratako hitz sorta hau, Lizarran margolariaren heriotzak sortu zuen doluminaren adierazgarri: “Lizarra ikusi bazenute haren hileta egunean: zeru hitsak, karrika mutuek, eta negu giroak, itxura isila eta heriotzazkoa ematen zioten goizari. Ezkilek hileta jotzen zuten aire geldo eta hotzean, eta hiriko jendeak, beren zaldien gainean alorretara abiatzen zirenak, erosketak egiten zituztenak Karrika Nagusiko dendetan, herrikide maite bat galdu duenaren moduko aurpegi tristeaz zebiltzan. Gutxitan izanen da hil ondorengo omenaldia hain sentitua eta zintzoa, hain sakona eta konpartitua, herri batengandik artista batengana! Nafarroak era honetan ordaintzen zion, maitasunez eta minez, margolari bohemio eta ibiltariari, bere bizitzaren azken aldian Nafarroaren erakargarritasuna somatu eta Lizarra bizilekutzat, erretiro eta lan lekutzat, bizi eta hiltzeko lekutzat hartu zuen hari.

Han geratu zen, amaren hilondokoen ondoan, lur harro eta gorri, foru lur klasiko horren azpian, non mahatsa eta olibondoa hazten diren, berak hain maite zuen paisaia zoragarri horren erdian; Egaren gaineko muino gorrikara distiratsu baten gainean, lertxun zuriak inguruan dituela, eta haratago artez jantzitako mendiak, urrunean grisantza ageri diren granitozko ertzak, eta atzean Jurramendi, Olinpo harro baten moduan, bere handitasun malbakara altxaturik, bere ertz bortitzez. Eguzkiak goiza epeldu zuen, eta zeru altu eta urdinean akuarelazko laino zenbait igaro ziren. Ameskoako ipar haize finak argazkilari baten ileak harrotzen zituen, eta nekosta hitsen adaburuak astintzen. Aireak gardentasun bikaina zuen, argitasun distiratsua, paisaiaren koloreak nabarmendu eta urrunekoa xehetasunez ikusteraino hurbilarazten zigula. Hilobiraino lagundu genionak barren-barrenean sentitu genuen hunkidura, han uzten baikenuen arima puska bat, adiskide jator eta gizaki handi bat, munduan barna gauza ederrak margotzen eta besarkadak ezker-eskuin ematen igaro zena”.

 

Sobre Gustavo de Maeztu