«Hari hirian» erakusketa

«Hari hirian» erakusketa

Gustavo de Maeztu Museoak Teresa Sabaté artistaren «Hari hirian» erakusketa aurkeztuko du

«Hari hirian» erakusketa 2023ko urriaren 11tik abenduaren 10era bitartean bisitatu daiteke

Hainbat tamainatako piezek osatzen dute, eta bizi-esperientziak kontatzen dituzte, hariaren teknika kolorearekin konbinatuz

Gustavo de Maeztu Museoan, 2023ko urriaren 11tik abenduaren 10era, aldi baterako erakusketen aretoan, Teresa Sabaté artistaren hainbat obra izanen dira ikusgai.

Formatu txiki eta handiko irudiz osatutako erakusketak ibilbide bat, bidaia bat, sortzen du eguneroko bizitzan. Pintura eta marrazkia joskintzako teknikekin konbinatuz egiten du lan Teresak. Ikuspegi abangoardistatik egiten dira piezak, jostura-teknika kolore-hariarekin konbinatuta eta pintura akrilikoko orbanekin nabarmenduta.

Lan hauek joskintzako kako bereziarekin egiten dira. Oihala zeharkatzen duen kolore-hariak ordezten du arkatzaren marra, eta kontakizun bat osatzen duten lerroak ehuntzen ditu, hurbileko pertsonekiko eta jendea ibiltzen den lekuekiko harremanen metafora gisa. Bizitzako esperientziez eta eguneroko inguruneaz elikatzen da, eguneroko lekuen, hurbileko pertsonen eta nahi diren helburuen eszenak sortzeko.

Bidaia behin eta berriro errepikatzen den gaia da bere lanean: ibilbidean zehar jasotzen diren objektuak, sentsazioak eta elkarrizketak artistaren lanetan gauzatzen dira. Bidaia, lekualdatze fisikoa baino gehiago, hausnarketarako gune eta obraren etengabeko negoziazio bihurtzen da.

Hariekin, une txikiekin eta bizi-mapekin margotzen du, esentziekin eta kolorearekin. Horrela, kartografia gai pertsonal bihurtzen da. «Bidea» eta «kartografia» bezalako kontzeptuetara hurbiltzen gaitu, gure nortasuna eta lurraldea ulertzeko modu gisa, eta hainbat pintura- eta sorkuntza-prozesu plastikora gonbidatzen gaitu.

Bere lanen bidez, gertaerak eta bizipenak kontatzen ditu, hariz, oihalez eta kolorezko orbanez egindako lanak dira, bere biografian zehar dabiltzanak. Lan honen bidez, omenaldia egiten die haren gainean eragina izan duten beste emakume sortzaile batzuei, bai eta modistei ere, eta haien piezetan dagoen hariaren teknika erabiltzen du.

Teresa Sabaté (Iruñea, 1955). 1981etik pinturari eskainia. Banaka erakutsi du Iruñeko hainbat aretotan, hala nola «Rodezno kondearen aretoa, Ziudadelako bolborategia, Pintzel galeria…» eta baita Tuteran, Donostian, Toledon, Bartzelonan edo Madrilen ere. Hainbat talde-erakusketatan parte hartu du; besteak beste, Mapamundistasen eta Nafarroa Oinezen. Besteak beste, Nafarroako Gobernuaren Landarte-2019 programan eta Huarte Zentroko Gelan parte hartu zuen, Virginia Santosekin batera. Duela urte batzuetatik, bere lan artistikoaz gain, hainbat adinetarako pintura eta marrazketa eskolak ematen ditu Iruñeko bere tailerrean.

Museoaren urteko programazioaren parte da erakusketa, eta Silvia Corrales arte-historialariak koordinatu du, museoaren zuzendaritzarekin eta artistarekin berarekin batera. Sarrera doakoa da eta asteartetik larunbatera, 9:30etik 13:30era, igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara, bisita daiteke.