«Jose Ignacio Agorreta. Atea ireki» erakusketa

«Jose Ignacio Agorreta. Atea ireki» erakusketa

Gustavo de Maeztu Museoak «Jose Ignacio Agorreta. Atea ireki»
erakusketa aurkezten du
Gustavo de Maeztu Museoak artista nafarraren 35 artelan bilduko ditu 2026ko urriaren 9tik abenduaren 27ra bitartean bisitatu ahalko den erakusketa batean Gustavo de Maeztu Museoak «Jose Ignacio Agorreta. Atea ireki» aurkezten du, 2019tik 2026ra bitartean egindako 35 lan biltzen dituen erakusketa da, eta 2026ko urriaren 9tik abenduaren
27ra bisitatu ahalko da.

Erakusketan, Jose Ignacio Agorreta museora itzuliko da; izan ere, museoarekin harreman bat
du aurretik, eta museoaren bildumak artistaren lana gordetzen du. Gustavo de Maeztu
Museoan aurkeztu zuen bere lana Agorretak, eta orain, bere ekoizpen berrienaren aukeraketa
batekin itzuli da, bere egungo pinturaren eta Nafarroako pintura garaikidearen ildo batzuk
ulertzeko funtsezko sortzaile baten ibilbidearen arteko elkarrizketa eraikiz.
Pinturari eta memoriari lotutako ibilbidea
Iruñean 1963an jaioa, José Ignacio Agorretak laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran
ekin zion erakusketa jarduerari. Prestakuntza autodidakta izanik, 1991n Nafarroako Artista
Gazteen Pintura Lehiaketako lehen saria eskuratu zuen, eta 1993an Nafarroako Gobernuaren
sorkuntzarako laguntza jaso zuen. Hasierako urte haietan, + -4 Taldearen sortzaileetako bat ere
izan zen, Koldo Sebastian, Felix Ortega eta Juan Belzuneguirekin batera. Kolektibo horrek
pinturaren indarraldia aldarrikatu zuen, lengoaia eta euskarri berriek artearen esparru zabala
betetzen zuten garaian.
Ordutik, Agorretak ibilbide luzea egin du erakusketetan, banakako hogeita hamar erakusketa
baino gehiago eta erakusketa kolektibo ugarietan ere parte hartu du. Bere lana bilduma
publikoetan dago, hala nola, Nafarroako Museoan, Iruñeko Udalean, Nafarroako Unibertsitate
Publikoan, Nafarroako Kutxa Fundazioan, Nafarroako Parlamentuan eta Gustavo de Maeztu
Museoan, besteak beste.
Hamarkada hauetan zehar, bere pinturak etengabeko arreta eskaini dio gainerako guztia
desagertzen denean geratzen denari: espazioak, arkitekturak, objektuak eta eguneroko
bizitzaren arrasto txikiak. Hiria, bere periferiak eta erabiltzen ez diren lekuak, errealitateak
memoria eta irudimenarekin topo egiten duen agertoki bihurtzen dira.
Itxuraz hutsalena den horrekiko begirada horrek presente jarraitzen du bere produkzio
hurbilean. 2025ean, Ormolú galerian erakusketa bat zela eta, artistak berak azaltzen zuen nola
abandonatutako objektu jakin batzuek (helduleku batek, pertxa batek, entxufe batek edo
hozkailu batek) oroitzapenak aktibatu ditzaketen eta egun batean haiekin lotuta egon ziren
bizitzen gordetzaile bihurtu. Agorretaren ustez, pintura esperientzia emozional batetik jaio da,
eta hori ikusten duenarengan esperientzia emozional bat ere sortzea du helburu.
Atea ireki
Erakusketaren izenburuak, «Atea ireki», sarrera-keinu bat proposatzen du, hain zuzen ere. Ate
bat irekitzeak oraindik ezagutzen ez dugun espazio batera sartzea esan nahi du, baina baita
beste aldean dagoen eta nolabait ezaguna egiten zaigun horretara begiratzea ere.
Agorretaren margolanetan, ate hori orainaren eta iraganaren arteko atalase gisa uler daiteke,
ikusten dugunaren eta irudikatzen dugunaren artean, espazio baten errealitate konkretuaren
eta espazio horren gainean proiektatzeko gai garen istorioen artean.
Azken urteetako hainbat unetan eta formatu ezberdinetan egindako lanak biltzen ditu
erakusketak. Multzoak olio-pintura mihise gainean eta olio-pintura taula gainean konbinatzen
ditu, formatu handiko piezetatik hasi eta 27 × 25 zentimetroko lan txikien margo-multzo handi
bateraino.
Lan guztiak izenburu berberarekin agertzen dira: «Izenbururik gabe». Erabaki horrek zuzeneko
erreferentzia narratibo bat ezabatzen du eta ikuslea irudiaren aurrean uzten du, pinturak
proposatzen duena begirada bera izan dadin ahalbidetuz.
Hautatutako lanen artean, 2019 eta 2026 urteen artean egindako piezak daude, eta horrek
aukera ematen du Agorretaren ekoizpenaren oraintsuko aldi bateko hainbat etapa ikusteko.
Formatu txikiko taula gaineko lanekin batera, tamaina handiagoko mihiseak ere agertzen dira.
Irakurketa itxia eskaini baino, begiratzera gonbidatzen du «Ireki atea»-k. Obra bakoitzaren
aurrean gelditu eta norbere asoziazio, oroitzapen edo sentsazioak agertzen utzi. Izan ere,
Agorretaren pinturan, ikusten duguna ez da nahitaez koadroaren azalean amaitzen: beste leku,
garai edo are beste memoria baten abiapuntu bihur daiteke.
Poliki begiratzeko gonbidapena
Irudien abiadurak eta bisualarekiko gero eta harreman gertuagokoak markatutako
testuinguruan, erakusketak bestelako esperientzia bat proposatzen du: poliki begiratzea.
Etenaldi horretatik ari da lanean Agorreta. Bere pinturen helburua ez da soilik artistak begien
aurrean aurkitu duena erreproduzitzea, baizik eta leku horrek, objektu horrek edo errealitate
zati horrek berarengan sortu zuen zirrara berreskuratzea. Artistak berak berriki adierazi bezala,
margotzen duenean «bidaia emozional» bat egiten du, eta espero du bere lana ikusten duenak
berea ere egin ahal izatea.
«Jose Ignacio Agorreta. Atea ireki» erakusketak, hórrela, denborak, memoriak eta begiradak
leku nagusia hartzen duten pinturan zehar egindako ibilbidea planteatzen du. Artistaren
unibertsoan sartzeko ate bat irekitzen duen erakusketa, baina beste aukera bat ere zabalik
uzten duena: bisitari bakoitzak, beste aldean, bere oroitzapenak aurkitzea.
Erakusketa doan ikusi ahal izanen da Gustavo de Maeztu Museoan, zabalik dagoen ordutegian:
asteartetik larunbatera, 9:30etik 13:30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.
Museoa itxita egonen da astelehenetan.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.