G u s t a v o   d e   M a e z t u   M u s e o a
 
 
   

Nafarroako Errege-Erreginen Jauregia San Martin Plazan dago, eta bera dugu Nafarroan, XII. mendearen azken hereneko arkitektura zibil erromanikoan bakarra. Eraikin honetan interesgarriena aurrealdeak ditugu, inposta molduratu batek bereizten dituen harlanduzko bi atalek osatuak. Rúaren aldekoak habe gainezarriak ditu saihetsetan, estaien lerroekin bat ez datozenak, goikoak, ondorioz, askoz ere lirainagoak izaki. Ezker aldeko kapitela historiatua da; bertan, Errolan eta Ferraguten arteko borrokaldia ageri da -Martinez de Logroño egileak sinaturik dago-. Aitzinaldean, Errolan, bere lantzaz erraldoia eraisten ari dela, eta alboetakoetan, aldiz, Ferragut, iltzedun bola eskuan, Errolanen aurkako erasoaldi betean, eta zaldizko bat. Irudiak, zinez bikain landuak dira, kanon luze samarrean eginak. Eskuin aldeko kapitela, kiribiletan bildutako orri-mamiz apaindurik ageri da. Lehen atala, erdi-puntuko lau arku sendok zeharkaturik ageri da, arkuak habe angeluzuzenen gainean finkaturik. Bigarren atalak, aldiz, kofagune(vano)–segida bat agertzen du lau leihotan. Leiho hauek kanpo arkiboltadun lau arkuño xorrotxetan ebakita daude, eta hiru habe txikiren gainean finkaturik: exentua erdikoa, eta ertzetakoak aldiz, hormari itsasiak. Hauen kapitelek, harlantze finekoak, han ondoko San Pedro de la Rúako klaustrokoak taxutu zituenaren eskua ageri dukete.