|
1909 urtea gogorra izan zen Espainiarentzat, ekonomia eta gizartea bera gatazka bizian baitziren. Marokoko “protektoradoan” gerran ziren; espainiarren armadak kolpe latzak hartu zituen, eta hark arazo handiak ekarri zituen, eta haietaz gain gizarte gatazka zegoen nonahi, krisiek eta haien ondoriozko miseriek piztutako gatazkak, hain zuzen ere. Azkenik, Bartzelonan gertatuko ziren borrokarik odoltsuenak, “aste tragikoa” izenaz ezagutzen den hartan izan zirenak.
Giro nahasi hartan, Bilbotik alde egin zuen Maeztuk. Desertzio politikoa leporatu ziotenei, zera esanez erantzun zien, beldur ematen ziola bere buruak, halako izaera beroa zuela eta. Estanislao Mariak hala kontatu zigun, irri txikia eginez, “...uda igarotzera Biarritzera joan zen, Europako errege-jendearen udaleku, eta Sorollaren moduko kategoria handiko hainbat artistaren jomuga zen leku hartara”. |