|
1928koa urte hagitz betea izanen da, berez batere aspergarria ez zen margolariaren bizimodu hartan. Urtea hasi orduko, urtarrilaren 4an, Euskal Artisten Elkarteak bere 2. Jaialdia ospatu zuen Bilboko Carlton hoteleko aretoetan. Halako arrakasta lortu zuen, opari bat eman zioten Alejandro de la Sotari, Torrontegi hotelean urtarrilaren 2an, antolatutako jaien eta eskainitako laguntzaren esker onez. Gustavo de Maeztuk Elkartearen aldetik eta Mario Ugartek “Oriente” taldearen aldetik eskaini zuten oturuntza.
Urtarrilaren 12an, Gasteizen, Udalak omenaldia egin zion Ramiro de Maezturi Fronton hotelean, Argentinarako enbaxadore izendatu berriari bere herritarrek eskainitako omen gisa. Haren ama, arreba Maria eta anaia Gustavo ere han izan ziren. Gustavorentzat, bere bizitzaren hasierako egunekin topo egitea zen jaialdi hura. Lagun min bati aitortzen zionez, “kanpoan hainbeste ibiltzea ez zen sorterria ahaztuta izatea, bizitzak eta arteak halabeharrez ekarritako kontua baizik”. |