|
Gustavori zaputza eragiten dio gero eta gehiago Bilbok, eta esan ere esanen du gauza askorengan duela fedea, baina ez bere hiriarengan, aitortzen baitzuen bere koadroak ezin zituela bertan saldu, “hau ez baita nire erresuma, hemen ez dakite arteaz”.
Maeztuk ez zuen parte hartu Pariseko Petit Palais-en, apirilaren 12an zabaldu zen Espainiako Artearen Erakusketan, Euskal Artisten Elkartea gonbidatuen artekoa bazen ere. Zaragozan maiatzaren 20a eta ekainaren 22a bitartean egin zen erakusketan ere ez zuen parte hartu.
Abentura berri batean dabil buru belarri murgildurik Maeztu, bidaia berri batean, oraingoan bere artista lanean hagitz mamitsua suertatuko zaion bidai batean, hain zuzen. Bilbo hiriaz asperturik, lanabesak eta egindako lanetako anitz hartu eta Londresera joko du, beretzat bete-betekoa ikusten baitu hiri hura. Parisen ikasitakoa gutxi izan bazen, ez zen gauza bera gertatu Londresen, hara heldutasun osoan joan baitzen, eta bilatzen zuena argi eta garbi zuela. |