|
Hilabete batzuen buruan berriz ere aurkituko dugu Gustavoren lana erakusten duen erakusketa baten berri. Irailean izan zen erakusketa eta Donostiako “El Pueblo Vasco” egunkariaren egoitzako eskaratzean egin zen.
37 lan aurkeztu zituen Gustavok. Gaiak lau multzotan banaturik aurkeztu zituen erakusketak: “Celtiberiako marrazkiak”, “Béticako marrazkiak”, “Itzalezko marrazkiak” eta “Olio urdin eta zilarra”. Gustavok, beti bezala erronkari aurre eginez, Europa guztia gerrateak astintzen zuen garai hartan erakutsi zituen bere koadroak, Donostian eta Biarritzen udan egitekoak ziren erakusketak bertan behera utzi behar izan ziren unean, hain zuzen.
|