|
Amak lagunduta marrazketa ikasten hasi zen, Bilbon lekutua zen Antonio Maria de Lecuona eta Echániz margolari tolosarraren tailerrean. Carlos VIIaren Gorteko ganbara-margolari izandakoa honekin hasi zen ikasten marrazketa eta margoketaren hastapenak.
Unamuno margolari beraren ikaslea zen garai hartan eta, hark adierazten duenez, estudio hartan, herri xeheko jendaila-giroa agertzen zuten Teniersen kopiak ikus zitezkeen. Baina Greco ere solasgai izaten zuten, zoroa zela edota nabarmen ibiltzea gustukoa zuela esateko besterik ez bazen ere.
Tarte labur honen ondotik, bere kezkek eraginda, Manuel Losada Pérez de Neninen estudioan maiz ibiltzen hasi zen Gustavo, hura ere bere hastapenetan Lecuonaren tailerrean ibilitakoa. Bien bitartean, ezagutza piktorikoa handitu nahia eta Merkataritza ikasketak tartekatzen zituen. Lecuonaren estudioko tradizioa hautsi egiten zen orain Losadaren tailerrean, izan ere, Parisen egonaldi luzea eta emankorra egina baitzen hau, eta han Ramón Casas, Santiago Rusiñol, Ignacio Zuloaga, Pablo Uranga, Paco Durrio eta James Mac-Neill Whistlerrekin maiz ibilia. |