|
Baina Juana andreak ez zuen amore eman eta, bere buruari gogor eginez, arrakasta lortu zuen. 1901eko otsailean, 43 urte zituela, Miguel de Unamuno jaunari idatzi zion, bere seme Ramiroren lagun eta Salamancako Unibertsitateko Errektore baitzen, Unibertsitate hartako Frantses katedra baten jabe egiteko baldintzen berri galdetuz.
Indalecio Prietok hitz gogorrak izan zituen familiako guztientzat, Angelarentzat izan ezik, haren esanetan hau baitzen "azkarrena, pairamentsuena, bost senideetan apalena, bere burua nabarmentzeari uko egiten zion bakarra"; Juana andrearentzat ere ez zuen goraipamena baizik izaten, haren edertasun apartaren trazuak azpimarratzen zituela.
Bien bitartean, amaren nekeetatik eta senide zaharragoen kezketatik at seguraski, Gustavo Bilboko Batxilergo Institutuan zebilen eta, bere adineko haurrek bezala, denbora gehiago ematen zuen liburuak marrazkiz zikintzen ikasten baino, eta zer esanik ez, ametsetan ere bai. |