|
Giro oparo hartan, gaztelera eta ingelesa, haurtzaien jaramonak, familiaren autoan emaniko paseo alaiak edota Parisetik iritsitako lehenengo txirrundularen jabe izatea tartekatzen ziren, baina azkenerako giro hark berak jo arazi zion hondoa familiaren ekonomiari.
Manuel Maeztu jauna Kuban hil zen1894an, bere ondaretik zeozer salbatu nahian hara joan ondoren. Familia Bilbora joan zen. Gustavo industriaz beteriko Bilborantz abiatu zen, berarentzat jolasa eta dibertsioa baizik izan ez zen hiria utzirik. Han ikasiko zituen bere lehen hizak eta, beraz, han izanen bere lehen nekeak.
Bilbora iritsi orduko, Juanita andreak "Colegio de Señoritas Whitney de Maeztu. Academia Anglo-Francesa" izeneko ikastetxea sortu zuen, Horacio Echevarrieta errepublikano aberatsaren laguntzari esker. Hori zela eta, klerikalismo bortitzaren erasoak jasan behar izan zituen azkar aski. Izan ere, nola utzi haurren hezkuntza emakume ingeles haren esku, ordea? Beharbada protestantea izanen zen, sinesgabea agian, beren liberalkeriaz harro zeuden semeak zituen eta zaharrenak, anarkistatzat ere jotzen zuen bere burua! |